Hemen zaude: Lehen orrialdeaHalaxe Izan Zen 2004Sariak › Sail Ofiziala
 
 
 

Sail Ofiziala

DONOSTIAKO 52. NAZIOARTEKO ZINEMALDIAren
Nazioarteko Epaimahaiak
ondokoek osatua: 2004ko irailaren 25ean bildurik, ondorengo sariak gehiengoz ematea erabaki du:


Donostian, 2004ko irailaren 25ean





MARIO VARGAS LLOSA
Epaimahai-burua
1936an Arequipan (Peru) jaio zen. 1953an hasita, Letrak eta Zuzenbidea ikasi zituen Limako San Marcos Unibertsitatean. 1959an, berriz, Europarantz etorri zen, zenbait urtez Madrilen eta Parisen kokatuz. 1964. urtean Perura itzuli zen eta, hurrengo urtean, Patricia Llosarekin ezkondu eta hiru seme-alaba izan zituzten (Álvaro, Gonzalo eta Morgana). 70eko hamarkadan Europara itzuli zen, Londonen eta Bartzelonan kokatuz. Pentsamolde aurrerakoidun gizon konprometitua izanik, kubatar iraultza gogokoa izan zuen, 1971. urtean Padilla Kasuak bere postulatuengandik urruntzea eragin zuen arte. Bere herrialdearen errealitate politikoarekin kezkatuta, aktiboki parte hartzea erabaki zuen, 1990eko hauteskundeetan lehendakarigai aurkeztuz. Latinoamerikar Boom delakotik sortutako idazle ospetsuetakoa da. 1959an “Los jefes” ipuin bildumarekin ezagutzera eman bazen ere, nazioarteko mailan, batik bat, militarren eskoletako errealitatea erakusten duen “La ciudad y los perros” (1962) eleberriarekin ospetsu bilakatu zen. “La casa verde” (1966) eta “Conversación en la catedral” (1971) liburuei esker, gaztelaniazko literaturako egile garrantzitsuetakoa bilakatu da. 70eko hamarkadan, “Pantaleón y las visitadoras” (1973) eta “La tía Julia y el escribidor” (1978) idatzi zituen. 1981. urtean, beste eleberri politiko bat idatzi zuen: “La guerra del fin del mundo”. Zenbait urtez, entseguak, kronika eta antzerkia soilik idatzi zituen. 1997an, berriro narratibara itzuliz, “Los cuadernos de Don Rigoberto” eleberri erotiko eta dibertigarria eta Trujilloren antza handia duen diktadore latinoamerikar baten erretratua egiten duen “La fiesta del Chivo” (2000) idatzi zituen. Bere azken liburua, “El paraíso en la otra esquina” (2003) Gauguin margolariaren bizitzari buruzkoa da. Zenbait Unibertsitatek Doctor Honoris Causa izendatua, entsegugile eta artikulugile polemiko honek sari asko jaso ditu ibilbide osoan zehar. Francisco Lombardi zinegileak bere bi eleberri esanguratsu egokitu ditu, “La ciudad y los perros” (1985) (Zuzendari Onenaren Saria Donostiako Nazioarteko Zinemaldian) eta “Pantaleón y las visitadoras” (2000).

Igo

 


YAMINA BENGUIGUI
Lillen (Frantzia) jaio zen, 1957an. Zinegile eta idazlea, Chevalier de La Légion d’Honneur des Arts et des Lettres eta Frantziako Merituaren Ordena Nazionala lortu ditu. Jatorri aljeriarreko zuzendari eta ekoizle frantziarren artean lehenetakoa, Bandits elkarteko akzioduna da eta haren inguruan lan egiten du. Magrebiarren immigrazioaren alderdi gizatiarraren eta musulmanen nortasunaren azterketaz arduratuz gaiok landu dituen zinegile konprometitua da, Mémoires d'immigrés, l'héritage maghrébin (7 d’Or 1997 saria dokumental onenari) edota Femmes d’Islam dokumentaletan erakutsi duen bezala. Bi filmok nazioarteko mailan sari ugari jaso dute eta zenbait unibertsitatetan ikasgai bezala erabili dituzte, zine eta soziologia sailetan (Berkeley, New York, Berlin...). 2003an, bere lanaren merituagatik, Bakearen Saria jaso zuen, Florentzian. Lehen luzea, 2001. urtean zuzendua, Inch'allah dimanche, Donostian aurkeztu zuen iaz, “Adiskide eta Bizilagunen artean” atzerabegirakoan. Emakume aljeriar bat senitartekoekin Picardian elkartuko deneko istorioak, nazioarteko mailan 27 sari baino gehiago jaso dituena, bere gai kutunena berreskuratzeko aukera eman zion zuzendariari, oraingoan fikzioa badarabil ere: oroitzapenaren erroak. Dokumentalen bitartez, halaber, kultur musulmanean erotismoaren gaiak aztertu ditu (Le jardin parfumé), bai eta integrazioa, ejerzitoa bezalako erakundeen bitartez (Aïcha, Mohamed, Chaïb... engagés pour la France). Gaur egun FIPAko lehendakaria da, eta bigarren film luzea, Le Paradis ? C’est complet !, eta France 2 katerako, Aïcha, 52 minutuko sei ataletan banatutako saila, prestatzen ari da. France 5 katearentzat dokumental bat amaitu berri du: Le plafond de verre, arrazakeria dela eta immigraziotik sortutako frantziar gazte diplomatuek enpresarien munduan igotzeko dituzten zailtasunak aztertzen dituena.

Igo

 


TOM DiCILLO
1953an Ipar Carolinan (A.E.B.) jaioa, 1979an Zuzendaritzan diplomatu zen, New York University’s Graduate Film School-en. Ikasketa garaian, zenbait labur filmatu zuen, horietako batekin (Interview) Paulette Godard Scholarship Award saria jasoz. Graduatu berri zenean, aktoretza ikasi zuen eta zortzi filmetan argazki zuzendaria izan zen, Jim Jarmuschen Stranger Than Paradise, tartean. 1987an idatzi eta Home for Contemporary Theater-en antzeztutako Johnny Suede antzerki-bakarrizketa, izenburu bereko bere lehen luzearen oinarria da. 1991an filmatua, Brad Pitt eta Catherine Keener protagonista zirela, Urrezko Lehoinabarra irabazi zuen 1992ko Locarnoko Jaialdian. 1995ean, berriz, Living in Oblivion bere bigarren luzearekin, hurrengo sariak jaso zituen: Gidoi Onenaren saria Sundanceko jaialdian, eta Film Onenaren saria Deauville, Estokolmo eta Valladolideko jaialdietan. Era berean, New Yorkeko MOMAko New Directors/New Films atzerabegirakoa inauguratu zuen. Hirugarren filma, Box of Moonlight (1996), John Turturrok eta Sam Rockwellek antzeztua, Veneziako Mostran eta Torontoko eta Sundanceko jaialdietan estreinatu zen. The Real Blonde, DiCilloren laugarren luzeak, Matthew Modine, Catherine Keener eta Daryl Hannah hirukoteak antzeztua, 1997ko Deauvilleko jaialdiari amaiera eman zion, eta hurrengo urteko Sundanceko jaialdia inauguratzeko aukeratu zuten. Bere azken filma, oraingoz, Denis Learyk eta Steve Buscemik antzezten duten Double Whammy da. Sundancen eta Deauvillen aukeratua, aldi berean Gijongo Jaialdian aurkeztu zuen, 2001ean. Une honetan hurrengo filma prestatzen ari da, Delirious, Steve Buscemi lagunarekin eta Michael Pitt eta Scarlett Johanssonekin, datorren abenduan filmatzen hasiko direna.
Igo

 


MARTA ESTEBAN
Bartzelonan jaioa, Ekonomi Zientziak eta Musika ikasi zituen. Perún bizi izan zen garaian, Y se hace el silencio (1977), Ayllu sin tierra (1980, Oberhausengo Jaialdiko Sari Nagusia), Misti (1982) eta Lucre (1983) dokumentalak zuzendu zituen. Bartzelonara itzultzerakoan, Televisió de Catalunya-TVC (1985-1991) sortu berrian errealizatzailea izan zen, Curar-se en salut, Cinema 3 eta El món del cinema saioetan eta Alain Tanner zinemagile suizarrari buruzko El hombre y su sombra (1991) erreportaian lan eginez. 1995ean, Televisión Españolarako Conflictos olvidados dokumentala zuzendu zuen. 1991. urteaz geroztik, Messidor Films SL-ko ekoizle eta akzioduna izanik, Alain Tannerren Le journal de Lady M (1992) eta Fleurs de Sang (2001), Ken Loachen Land and Freedom (1994) eta Cesc Gayen Krámpack (1999) eta En la ciudad (2003) ekoiztu ditu. Bere azken ekoizpenak, Joaquín Oristrellen Inconscientes (2004) eta Felipe Vegaren Nubes de verano (2004) izan dira. 2000. urtean, beste lankide batzuekin batera, Imposible Films ekoiztetxea sortu zuen, Daniel Gimelbergen 1150 Kg (2003) laburra eta Joel Joanen Excuses! (2003) luzea ekoiztuz. Une honetan, Imposible Films nazioarteko elkarrekoizpen baten partaide da, hau da Le livre à rendre, Raúl Ruizen azken luzea (posproduzioan), Guadalupe Pérezen El Diario Argentino fikziozko dokumentalaren ekoizlea da (filmatzen ari dira), eta Luis Prietok zuzenduko duen Golpes film luzea prestatzen ari da. Messidor Films-ekin, berriz, California, Cesc Gayen egitasmo berria prestatzen ari da. Kataluniako Generalitatek 1996ko Zinematografia Sari Nazionala Marta Estebani eman zion, ekoizpenean eta exhibizioan egindako lan garrantzitsuagatik.
Igo

 


LAURA MORANTE
Grossetoko (Italia) Santa Fioran jaio zen. Dantza ikasi eta oso gaztetan antzerkian ibili zen, hogei urte bete baino lehen Hamlet-en egokitzapen berezi bateko Ofelian bihurtu zuen Carmelo Beneren laguntzaz. Zinean 1980an hasi zen, Giuseppe Bertolucciren Oggetti smarritti antzeztuz, eta handik urte betera, haren anaia Bernardo Bertolucciren La tragedia di un uomo ridícolo filmean, Ricky Tognazziren neska-lagun anbiguoa antzeztu zuen. Urte hartan alaba bat izan zuen eta Nanni Moretti ezagutu zuen, Sogni d’oro eta, handik hiru urtetara, Bianca antzezteko deitu zuena. Dotorea, sentibera, gogor eta grinatsua, Laura Morante italiar aktore gazte interesgarrietakoa da, ez bere herrialdeko zinegile kezkatsuenek deitua soilik, zuzendari atzerritar ezberdinek ere bilatua, baizik. 80ko hamarkadaren erdialdean, Parisen kokatu zen, eta handik, tarteka, Italian, Espainian eta Frantzian lan egin zuen: Alain Tannerren La vallée fantôme (1987), Gianni Amelioren I ragazzi di via Panisperna (1988), Gabriele Salvatoresen Turné (1990) eta Vicente Arandaren La mirada del otro (1998). Oso aktore aldabera da eta ez du zuzendari hasiberri edo ezezagunekin lan egiteko arazorik. Besteak beste, Paolo Virzì (Ferie d’agosto, 1996), Roberto Faenza (Marianna Ucrìa, 1997) eta Cristina Comencinirekin (telebistarako egindako Liberate i pesci!, 2000) lan egin du. Bitartean, antzerkian lan egiten jarraitu du, Mario Monicelliren Le relazione pericolose eta Benno Bessonen Moi antzeztuz, adibidez. 2001ean, berriro Nanni Morettirekin lan egin zuen, La stanza del figlio sarituan desagertutako amaren rol mingarria jokatzeko eskatu zionean. Iraganean dantzaria izana oso lagungarria izan zen John Malkovichek zuzendutako lehen filmean (Pasos de baile/The Dancer Upstairs) Yolanda dantza irakasle konprometitua sinesgarritasun handiz antzezteko. Moranteren azken bost filmen zuzendariak Michele Placido, Gabriele Muccino, Carlo Verdone, Chris Nahon eta Angelo Longoni dira.
Igo

 


EDUARDO SERRA
1943an Lisboan (Portugal) jaioa, 19 urterekin Parisen kokatu zen, Zine Eskolan ikasi eta, ondoren, Sorbonan Artearen Historian lizentziatzeko. 1970ean, Pierre Lhomme, Claude Renoir eta Jean-François Robinen alboan kamera laguntzaile eta operadore bezala aritu zen, Ariane Mnouchkine, Alain Cavalier, Colin Serreau eta Patrice Leconteren filmetan parte hartuz. Azken honekin izandako laguntasunak, 1978an Les Bronzés filmatzerakoan sortua, Serra zuzendari horren hamar filmen argazki zuzendaria izatea eragin du. 1980. urtean argazki zuzendaritzan hasi zenez geroztik, Serrak berrogeita hamar film inguru argiztatu ditu. Claude Chabrolen ohiko kolaboratzailea da, izan ere harekin lau film egin baititu, zinegile horren azken biak, tartean: La Fleur du mal eta La Demoiselle d’honneur. Bere jaioterrian, Portugalen, Fernando Lopes, Luis Felipe Rocha, Joao Mario Grillo eta José Fonseca Costa zinegileekin lan egin du. Bestalde, Frantziatik eta Portugaldik kanpo ere ibilia da: 1993an Vincent Wardekin Map of the Human Heart argiztatu zuen, Artikoko basamortu izoztuetan filmatua, eta handik bost urtetara, What Dreams May Come filmean, kolore eta amesgiroko unibertsu bat asmatu zuen. Benôit Barbierren L’amour conjugal filmean barne-dekoratuetako argiarekin jokatzen du eta, batik bat, 1996ko Michael Winterbottomen Jude-eko pertsonaiak “azaltzen” dituen argi bat sortzen du. Iain Softleyren Wings of the Dove (1997) filmarekin Oscarra jasotzeko lehen izendapena lortu zuen. Argia ikertzea atsegin duenez, zuzendari hasiberriekin lan egitea gustukoa du, egitasmoak saiakerak egiteko aukera ematen badio, noski. Hala egin zuen Peter Webberren Girl with a Pearl Earring filmean, eta harekin, iazko Donostiako Zinemaldian Argazki Onenaren Saria jaso zuen, Oscarrerako bigarren izendapena jasoz, halaber. Serraren azken lanen artean, nabarmenak dira M. Night Shyamalanen Unbreakable (2000) eta Kevin Spaceyk zuzendu berri duen Beyond the Sea (2004).
Igo

 


DITO TSINTSADZE
1957an Tbilisin (Georgia) jaioa. 1975 eta 1981 bitartean bertako Zine eta Antzerki Institutuan ikasi zuen Eldar Shengelaya eta Otar Iosselianiren babespean. 80ko eta 90eko hamarkadan zuzendari-laguntzaile gisa dihardu zenbait errealizadoreekin eta 1984an bere lehen film laburra zuzendu zuen, White Nights. Georgiar telebistarako lanean ari zela 1988an Dakhatuli tsre (The Drawn Circle) egin zuen, Stumrebi (Guests) laburra 1990ean, eta Sakhli (Home) telefilma, 1992an. Film laburrekiko interesa oraindik orain baduela erakutsi du, 2002. urtean Eine Erotische Geschichte (Ipuin erotiko bat) laburra filmatu baitu. 90eko hamarkadan Berlinen kokatu zen eta gaur egun bertan bizi da. Hiru film luze zuzendu ditu, Zghvardze (Mugan, 1993), Locarnoco zinemaldian Zilarrezko Lehoinarra eta 1993ko International Black Sea Nations Golden Eagle sariak eskuratutakoa; Lost Killers, 2000ko Cannesko zinemaldiko Un certain regard eta urte hartako Zabaltegi sailetan erakutsia. Lost Killers filmak Cottbusko Ekialdeko Europako Zinema Gaztearen zinemaldian parte hartu zuen Alemanian eta Tesalonikako zinemaldian zuzendari onenaren eta aktore onenaren sariak eskuratu zituen. Schussangst, bere azken filmak, iazko Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi zuen. Dito Tsintsadze bere lagunen pelikuletan parte hartzea gustatzen zaion gizon polifazetikoa da, Zurab Tutberidzek 1987an Georgian zuzendutako Vremya nashego detstva filman kasu, edo 1999an Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztutako The Crossing-en. Musikari ere badenez, bere hiru filmetako soinu-banda ere konposatu du: Eine Erotische Geschichte (Ipuin erotiko bat) Lost Killers eta Schussangst.
Igo