Hemen zaude: Lehen orrialdeaHalaxe Izan Zen 2004 › Saludo
 
 
 

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 52. ekitaldia luxuzko gonbidatu batekin hasi zen: Woody Allen. New Yorkeko zuzendariak Donostia Saria Pedro Almodóvarren eskutik jaso zuen, Salvador Dalíren lanean oinarritutako Kursaalgo eszenatoki ikusgarrian. Woody Allenek, era berean, hiru atzerabegirakoetako bat berari zuzendu zaion ekitaldi honetan, Melinda and Melinda bere azken filmaren mundu mailako estreinua aurkeztu zuen.

Hain zuzen Melinda and Melinda filmean inspiratuta, Zinemaldiak komediaren eta dramaren arteko oreka bilatu zuen. Munduaren egoera zailaren islada garbia egiten duten Sail Ofizialeko film interesgarri gehienen eta Zabaltegiko Zuzendari Berrien lan multzoaren sekulako gogorkeria nolabait orekatzeko, atzerabegirakoetan umore eta alaitasunarentzat tartea izan zen.

Lehenik eta behin, Woody Alleni zuzendutako atzerabegirakoan, Anthony Mannen western eta thriller handien deskubrimenduan, eta, batik bat, Incorrect@s atzerabegirako berezi eta txalotuan, zinea gatazkatsua bezain dibertigarria izan daitekeela argi utzi baitzuen.

Horizontes, bere atal ezberdinekin, Zinemaldiaren barnean jadanik finkatutako errealitatea bilakatu da. Zine latinoamerikarra Europan sartzeko ezinbesteko bide izateaz gain, Zinema Eraikitzen Latinoamerikan egiten den zinea bultzatzeko plataforma bikaina dela adierazi du.

Nabarmentzekoa da Zabaltegi eta Horizontes sailetan dokumentalek izan duten tarte garrantzitsua, iraganeko eta orainaldiko historia ikuspuntu ezberdinetatik aztertuak erakutsi dituztenak.

Zinemaldiak oso une hunkigarriak bizi izan zituen ekitaldi honetan. Woody Allenez gain, Donostia Saria garrantzi handiko beste bi ospetsuk jaso zuten. Annette Beningek bizitza pribatua publikoarekin batera egiten jakin duen emakume baten dotoretasun eta adimena ekarri zuen; Jeff Bridges, berriz, bere naturaltasun eta soiltasun bereziaz ageri zen eszenatokian.

Zinemaldiko gau handien artean, ahaztezina izan zen Carlinhos Brownek eta Bebo Valdések euren erritmo brasildar eta tropikalekin Anoetako Belodromoa gainezka betez eskaini zuten kontzertu beroa. Beste gau garrantzitsua sari banaketarena izan zen, non nazioarteko epaimahaiak, Mario Vargas Llosa idazlea buru zelarik, Urrezko Maskorra Bahman Ghobadiren Turtles Can Fly film iraniar-irakiarrari eman zion, hain zuzen publikoak nahiz kritikariek gehien txalotutako filmetako bati.

Egun bat gutxiago izan bazuen ere, aurtengo Zinemaldiak zifra garrantzitsuak bete ditu. 191.000 ikuslek baino gehiagok aretoak gainezka bete zituzten, Zinemaldiko 23 pantailetan emandako 47 herrialdeetako 227 film ikusteko.

39 herrialdeetako 592 hedabideetako 1.138 informatzailek, horien artean 68 telebista katek, Zinemaldiaren egunean-eguneko gorabeheren berri eman zuten.

Industriak ere esparru nabarmena lortu du Zinemaldian, Sales Office salerosketarako merkatu bezala eta, batik bat, harremanetarako esparru bezala finkatu denez geroztik. Zine alor ezberdinetako 1.604 profesional bildu ditu, 163 saltzaile, 202 erosle eta 171 banatzaile, tartean.

Hiritarren erantzunak eta hedabideetan jasotako emaitzak, zine aretoetan nahiz hiriko kaleetan barrena ibilitako gonbidatuen erreakzioekin batera, exijentzia maila berriekin lanean hastera bultzatzen gaituzte, hain zuzen 53. ekitaldia aurtengoaren maila onekoa izan dadin.