|
Henry King (1886-1982) estatubatuar zinemaren aitzindari handietako bat da. 1917az geroztik, hainbat estudiorentzat lan egin zuen zinema mutuaren garaian, eta 1930an 20th Century Fox-ekin elkarlanean hasi zen, bere geroztiko lan gehienak estudio honekin gauzatu zituelarik.
Westernari merituzko ekarpenak egin zizkion The Gunfighter (Pistolaria, 1950) eta The Bravados (Mendekatzaile gupidagabea, 1958) bezalako filmetan indarkeriari buruzko gogoeta bikaina eginaz. Abenturazko zineman nabarmendu zen The Black Swan (Zisne beltza, 1942) edo Captain from Castile (Gaztelako kapitaina, 1947) pelikuletan. Begirunez egokitu zituen bai Hemingway nahiz Scott Fitzgeralden lanak. Melodramari dagokionez, Beloved Infidel (Egun bizigabeak, 1959) eta Tender is the Night (Gaua leun da,1961) bezalako kontakizun latzak, edo bere garaian arrakasta handiko pelikulak tartekatu zituen, Jennifer Jones protagonista zuten The Song of Bernadette (Bernadetteren kanta, 1943) eta Love is a Many Splendored Thing (Maitasuna distira handiko zerbait da, 1955) kasu. Bere-berezko estiloaz landu zuen amerikar genero izenekoa eta bere herriaren panoramika bat taxutu zuen, Fox estudioen ekoizpen-politikaren baldintzapean egonik ere, beti begirada propioari eutsiz.
Atzera begirako honek Zinemaldiak eta Espainiako Filmotekak argitaratutako liburua izango du lagun, zeinean hainbat adituk Kingen lan oparo, ezkutu eta iradokitzailea xehatuko duten.
ATZERA BEGIRAKO KLASIKOA
Zinemaldiaren ohiko atala dugu zine-zuzendari klasikoei eskaintzen
zaien atzera begirakoa, gutxi eta gaizki ezagutzen diren zinegileen
lanetara hurbiltzen gaituena; horien artean Robert Siodmak,
James Whale, William Dieterle, William A. Wellman, Gregory La
Cava, Tod Browning, Mitchell Leisen, Mikio Naruse, John M. Stahl,
Carol Reed, Frank Borzage, Michael Powell, Preston Sturges,
Anthony Mann, Robert Wise edo Ernst Lubitsch buruzkoak azpimarra daitezke.
Babesleak:
   
|