DONOSTIAKO NAZIOARTEKO ZINEMALDIA Aurten Zinemaldia 56. ediziora
helduko da, 1953ko irailaren 21ean jaio zeneko gogo bizi berberaz
helduko ere, sorrera hartatik etenaldirik jasan gabe gainera.
Bokazio zinematografiko eta komertziala zuen Nazioarteko Zine
Astea bezala sortua, berehala lortu zuen FIAPFek (Filme Ekoizleen
Elkarteen Nazioarteko Federazioa) esleitzen duen B maila (lehiaketarik
gabeko zinemaldia) bere lehen edizioan lortutako arrakastari
esker. Horrela, ondorengo urtean, Nazioarteko Zinemaldi izendatu
zuten, eta 1955ean FIAPFek lehiaketarako aproposa eta koloretako
filmeetan espezializatua zela onartu zuen: sari ofizialak eman
zitezkeen harrez gero. Horixe da Maskorraren sorrera, sasoi
hartan zilarrezkoa zena, eta berau erabakitzeko nazioarteko
epaimahai bat eratu behar zen.
1957an "A" maila behin-betiko eman zitzaionean, eta
maila nagusietarako Maskorra urrezko bihurtu zenean, zinemaldiaren
berezko ikonoak agertu ziren. Horixe da gaur egun ere aurrera
egiteko erabiltzen den erreferentzia, alegia, irekitasunaren
aldeko korronteren aukera, garai hartako zentsura zurrunetik
kanpo kokatuz, eta oraindik ere bizirik dirauena. Zeren Donostiako
Zinemaldiaren ardura nagusia unean uneko zinerik kezkatsuenaren
eta berritzaileenaren erakusleihoa izatea baita.
Lehen urte haietatik hona ugari izan dira Zinemaldira bertaratu
diren zineko pertsona ospetsuak, Donostiari distira kosmopolita
itzuliz eta "glamour" apur bat emanez; hori bai, zine
onarekin loturik betire. Federico Fellini, Gloria Swanson, Alfred
Hitchcock, Kirk Douglas, Jean-Luc Godard, Deborah Kerr, Leslie
Caron, King Vidor, Monica Vitti, Anthony Mann, Bernardo Bertolucci,
Anhony Quinn, Audrey Hepburn, Franco Zeffirelli, Francis Ford
Coppola, Fritz Lang, Francisco Rabal, Robert Altman, Howard
Hawks, Nicholas Ray, Elizabeth Taylor, François Truffaut,
Orson Welles, Fernando Rey, Luis Buñuel, Steven Spielberg,
Joseph von Sternberg, Imperio Argentina, Richard Burton, Gina
Lollobrigida, Harrison Ford, Nikita Mikhalkov, Pedro Almodóvar,
Victoria Abril, Sergio Leone, Roman Polanski, Sam Peckinpah,
Jacqueline Bisset, George Peppard, Louise Rainer, Alberto Sordi,
Sydney Pollack, Peter O'Toole, Joseph L. Mankiewicz, Charlton
Heston, Glenn Close, Anjelica Huston, Sophia Loren, Stanley
Donen, Mel Gibson, Keanu Reaves, Matt Dillon, Ethan Coen, Antonio
Banderas, Bertrand Tavernier..., besteak beste, euren filmeak
aurkeztera etorri ziren eta euren nortasunak arrasto ezabagaitza
utzi du Zinemaldiaren memorian.
Euren jardunbidearekin zine munduari hainbeste eman diotenei
esker ona adierazteko Donostia Saria sortu zen 19886an, eta
orain arte hiriaren omenaldi hori honako hauek jaso dute: Gregory
Peck (1986), Glenn Ford (1987), Vittorio Gassman (1988), Bette
Davis (1989), Claudette Colbert (1990), Anthony Perkins (1991),
Lauren Bacall (1992), Robert Mitchum (1993), Lana Turner (1994),
Susan Sarandon eta Catherine Deneuve (1995), Al Pacino (1996),
Michael Douglas, Jeremy Irons eta Jeanne Moreau (1997), Anthony
Hopkins eta John Malkovich (1998), Fernando Fernán-Gómez,
Vanessa Redgrave eta Anjelica Huston (1999), Michael Caine eta
Robert de Niro (2000), Francisco Rabal, Warren Beatty eta Julie
Andrews (2001), Jessica Lange, Bob Hoskins eta Dennis Hopper
(2002), Isabelle Huppert, Sean Penn eta Robert Duvall (2003),
Woody Allen, Annette Bening eta Jeff Briges (2004), Ben Gazzara eta Willem Dafoe (2005), Max Von Sydow eta Matt Dillon (2006).
Azkenik, Zinemaldiari buruz hitz egiten dugunean ezin aipatzeke
utzi mundu zabalean ezaguna den hiri honek bere zine-jaialdiri
eman dion nortasun eta irudi bereizgarria. Hiria Zinemaldiaren
lankide ezin hobea baita zinearekin berraurkitzeko egitasmo
horretan. Donostiako egun-argia eta hiri-paisajea aliatu bikainak
dira zinearen historiako une desberdinak gogora ekartzen dituzten
hormirudiak ziutatean han-hemenka jartzeko orduan; bereziki,
Kartel Ofiziala, Zinemaldiaren ekitaldi bakoitza girotzeko giltzarri
dena, eta azken edizio hauetan zinearen fotograma jakinen ildotik
garamatzana. Donostia baita, izan ere, Europako hiririk erosoenetakoa,
bere kale tipikoetan gozamena bermatzen duena, hondartza eder
eta gastronomia apartaz gainera, gauza guztien gainetik, zine
ona eskaintzen duena.
|