DONOSTIAKO ZINEMALDIAREN 55. EDIZIOAREN AURKEZPEN OFIZIALA
Henry King eta Europako iparraldeko zinema berria, datorren Zinemaldiko eduki protagonistetako bi.
| 2007/05/100 |
|
 |
Hollywoodeko oinarri etiko eta estetikoak ezarri zituen zinegileetako baten, HENRY KINGen, jardunbidea berrikusiko du Zinemaldiak. SUKAR IZOZTUA-Europako iparraldeko zinema berria sailak, azken 10 urteetan Suedia, Norvegia, Finlandia, Danimarka eta Islandian eginiko film-sorta eskainiko du.
Maiatzaren 10ean egindako aurkezpen ekitaldian, Zinemaldiak 55. edizioaren kartel ofiziala, eta gainerako sailen irudi izango diren kartelak ere aurkeztu ditu, den-denak Oscar Mariné-k diseinatuak, diseinu grafikoan eta komunikazio arloan mundu mailan denik eta sortzailerik estimatuenetakoa berau http://www.oscarmarine.com/
Zinemaldiak, halaber, aurten bere diru-sarien zenbatekoak gehitu egin dituela jakinarazi du: Publikoaren TCM Saria, ikusleek Perlak ataleko film bati ematen diotena, 30.000 €-tik 70.000 €-ra pasako da. Sail honetan ere nobedade gisa 35.000 €-ko bigarren sari bat emango zaio boto gehien lortu dituen europar filmari. Bi sari hauek ez metagarriak. Azkenik, Horizontes Latinos sailan, nazioarteko berariazko epaimahai batek erabakiko duen Horizontes Saria-ren film irabazleak, 35.000 € eskuratuko ditu, aurreko ediziotan ematen ziren 18.000 €-en aldean.
ATZERA BEGIRAKO KLASIKOA: HENRY KING
Henry King (1892-1982) estatubatuar zinemaren aitzindari handietako bat da. 1917az geroztik, hainbat estudiorentzat lan egin zuen zinema mutuaren garaian, eta 1930an 20th Century Fox-ekin elkarlanean hasi zen, bere geroztiko lan gehienak estudio honekin gauzatu zituelarik.
Westernari merituzko ekarpenak egin zizkion The Gunfighter (Pistolaria, 1950) eta The Bravados (Mendekatzaile gupidagabea, 1958) bezalako filmetan indarkeriari buruzko gogoeta bikaina eginaz. Abenturazko zineman nabarmendu zen The Black Swan (Zisne beltza, 1942) edo Captain from Castile (Gaztelako kapitaina, 1947) pelikuletan. Begirunez egokitu zituen bai Hemingway nahiz Scott Fitzgeralden lanak. Melodramari dagokionez, Beloved Infidel (Egun bizigabeak, 1959) eta Tender is the Night (Gaua leun da,1961) bezalako kontakizun latzak, edo bere garaian arrakasta handiko pelikulak tartekatu zituen, Jennifer Jones protagonista zuten The Song of Bernadette (Bernadetteren kanta, 1943) eta Love is a Many Splendored Thing (Maitasuna distira handiko zerbait da, 1955) kasu. Bere-berezko estiloaz landu zuen amerikar genero izenekoa eta bere herriaren panoramika bat taxutu zuen, Fox estudioen ekoizpen-politikaren baldintzapean egonik ere, beti begirada propioari eutsiz.
Atzera begirako honek Zinemaldiak eta Espainiako Filmotekak argitaratutako liburua izango du lagun, zeinean hainbat adituk Kingen lan oparo, ezkutu eta iradokitzailea xehatuko duten.
|
ATZERA BEGIRAKO TEMATIKOA:
SUKAR IZOZTUA
1995an sortu zen nazioarte mailan oihartzuna izan duen azken manifestu zinematografikoa, DOGMA 95 mugimendu berritzailearen muina izango zena. Danimarkan sorturiko manifestu hori nazioarteko hogei film ingururen iturburu izan da, eta mende aldaketari aurre egiteko moduen iraultza. Baina zinemaren arretagune bakarra ez da Dogma izan Europako iparraldean, azken hamabost urteetan XXI. mende hasierako gizakiaren zalantzak berezko izaeraz aurkezteko gaitasun handien erakutsi duen lurraldean.
Gizartearen inguruko ikuspegi moderno eta ziztatzailea, Carl Th. Dreyer eta Ingmar Bergman bezalako klasikoek erakutsitakoaren ildotik, Lars Von Trier eta Aki Kaurismäki bezalako onespen handiko nazioarteko zuzendariak sendotu dituena, eta zinegile-belaunaldi berri bat ezagutzera eman duena, Thomas Vinterberg, Susanne Bier, Per Fly, Simon Staho, Lukas Moodyson, Hans Peter Molland, Baltsar Kormákur, Anders Thomas Jensen kasu edo Erik Richter Strand, Peter Schonau Fog eta Ragnar Bragason bezalako egile interesgarri berriak. Fridrik Thor Fridrikssonen 1995ko Sukar izoztua (Cold Fever) filmetik izenburua hartzen duen atzera begirakoak itxuraz neurrizkoa dirudien zinema horren panoramika bat eskainiko du, indar handiko drama pertsonalak ezkutatzen dituena, arauen lokarriez aske den irudi baten aukera berriak ikertzen dituena, lurralde izoztupean sormen sumendi bat agerian uzten duena. Suedia, Norvegia, Finlandia, Danimarka eta Islandian, 1995etik gaur egun arte sorturiko hogeita hamar filmez osaturiko aukeraketa.
Atzera begirako garaikidearen protagonista, hala nola gainerako sail guztien edukiak ere datozen hilabeteetan ezagutaraziko dira. |
Babesleak
Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak, era berean, enpresa eta erakunde ezberdinen lana eta lankidetza eskertu nahi du, gertakizun garrantzitsu hau urtez urte hobetzen laguntzen duten horiena. TVE eta SCHWEPPES SPIRIT Babesle Ofizialak; TUDOR, Kolaboratzaile Ofiziala, KUTXA, donostiar eta gipuzkoar ororen kultura-ondare den Zinemaldiaren alde arreta handiz jokatzeagatik; ALTADIS, Altadis-Zuzendari Berriak Sariaren babesle; TCM, ikusleen boto gehien lortzen dituen pelikularen Publikoaren TCM sariaren babesle; VOLKSWAGEN, Zinemaldiko Ibilgailu Ofiziala; IBERIA, Zinemaldiaren Aireko lineak; EL DIARIO VASCO, KUTXA eta KIROLETAKO UDAL PATRONATUA, Anoeta Belodromoko emanaldietan egongo direnak; EBeko MEDIA PROIEKTUA, ICEX eta EGEDA, SALES OFFICEri emandako laguntzagatik; AECI, HORIZONTES LATINOS saileko babesle; DHL, Zinemaldiaren garraio-zerbitzu ofiziala; BRUESA, Zinema Eraikitzen ekimeneko babesle eta NOKIA NSERIES, CANON eta CONSORCIO DE JABUGO Zinemaldiari emandako laguntzagatik. |
|