WEB GUNE OFIZIALA EUSKERA

Hemen zaude: Lehen orrialdea › Berriak

   Berriak

Iciar Bollain eta Gracia Querejeta espainiar zuzendariak Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko dira

'Casual Day', ‘Cosmos’ eta 'La torre de Suso' espainiar filmak Zabaltegi-Zuzendari Berriak atalean hartuko dute parte.

2007/08/03
Descargar nota en wordFotos en alta resoluciónImprimir página

Iciar Bollain eta Gracia Querejeta zuzendariak 2007ko irailaren 20tik 29ra egingo den Donostiako Zinemaldiaren 55. edizioko Sail Ofizialean lehiatuko dira.

Mataharis eta Siete mesas de billar francés filmak izango dira Sail Ofizialeko lehiaketan parte hartuko duten bi film espainiarrak. Zuzendari biak lehen ere parte hartu izan dute Donostiako Zinemaldian. Iciar Bollain aktore, gidoilari eta zuzendaria 2003an lehiatu zen Te doy mis ojos lanarekin, aktore (Luis Tosar) eta aktoresa (Laia Marull) onenaren Zilarrezko Maskorrak eskuratuz. Gracia Querejeta zuzendari eta gidoilaria 1996an lehiatu zen El último viaje de Robert Rylands lanarekin, eta 1999an, berriz, Cuando vuelvas a mi lado filmarekin, Argazkilaritza onenaren saria (Alfredo F. Mayo) eta Gracia Querejetarentzat Aipamen Berezia lortuz, bere zuzendaritza bikainagatik.

Zabaltegin, hiru espainiar filmek izango dute zuzendari baten lehen edo bigarren lanaren Altadis-Zuzendari Berriak saria eskuratzeko aukera: Max Lemckeren Casual Day, Diego Fandosen Cosmos, eta Tom Fernandezen La torre de Suso. Max Lemckek bere bigarren filma aurkeztuko du Mundo fantástico lanaren ondotik; Diego Fandosenak eta Tom Fernándezenak euren lehen film luzeak dira, ordea.

Horrez gain, Zabaltegi Bereziak atalak, Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak zuzendutako Lucio dokumentala; eta errealitatea eta fikzioa bateratzen dituen Omer Okeren eta Txarli Llorenteren Querida Bamako espainiar filmak barne hartuko ditu. Halaber, Carlos Sauraren Fados film berriaren emanaldi berezi bat eskainiko da, Flamenco eta Tango lanekin hasitako trilogiari amaiera emanez.

 LEHIAKETAKO SAIL OFIZIALA

MATAHARIS

Espainia
Zuzendaria: Iciar Bollain.
Antzezleak: Najwa Nimri, Tristán Ulloa, María Vázquez, Diego Martín, Nuria González, Antonio de la Torre.


Inés, Eva eta Carmen detektibe pribatuak dira eta maiz gainditzen dituzte besteren intimitatearen mugak. Haatik, inork ez ditu trebatu euren sekretu propioei aurre egiteko. Lanean dihardutenean, publikoa pribatutik babesten duen lerro mehea urratu beharko dute zaintzaren hiru profesionalok eta, batez ere, euren buruak agerian utzi beharko dituzte bakoitzaren kasu profesionalak baino zerbait gehiago konpondu ahal izateko. Honakoa dugu Hola, ¿estás sola? (1995), Flores de otro mundo (1999) eta Te doy mis ojos (2003) lanen zuzendariaren laugarren film luzea.


SIETE MESAS DE BILLAR FRANCÉS

Espainia
Zuzendaria: Gracia Querejeta.
Antzezleak: Maribel Verdú, Blanca Portillo, Jesús Castejón, Víctor Valdivia, Lorena Vindell, Raul Arévalo.


Ángela eta bere seme Guille hiri handira doaz neskaren aita eta mutikoaren aitona den Leo bat-batean gaixotu delako. Iritsi orduko, uda-egun bateko egunsenti beroa baino lehenxeago, Leo hil berri da. Charok, hildakoaren maitaleak, aitaren negozioa hondamen hutsa dela jakinaraziko dio Ángelari: zazpi billar-mahai ilaran dituen lokala, alegia. Charoren ustez lokala saltzea litzateke zorrak kitatzeko irtenbide bakarra. Handik gutxira, Ángelaren senarra egoera nahasi samarrean desagertu dela jakingo dute. Gertaera mingarri horretatik abiatuta, Ángela aurrera ateratzen eta bere bizitza berregiten tematuko da. Eta lehen erabakia bere aurrezkiekin zazpi mahaidun lokal zaharra berriz ere martxan jartzea izango da. Una estación de paso (1992), El último viaje de Robert Rylands (1996), Cuando vuelvas a mi lado (1999) eta Héctor (2004) pelikulen zuzendariaren bosgarren film luzea.

 ZABALTEGI - ZUZENDARI BERRIAK

CASUAL DAY

Espainia
Zuzendaria: Max Lemcke.
Antzezleak: Juan Diego, Javier Ríos, Luis Tosar, Estíbaliz Gabilondo, Alberto San Juan, Alex Angulo, Arturo Vals, Secun de la Rosa, Malena Alterio, Marta Etura.


'Casual Day' Estatu Batuetatik ekarritako enpresa-ohitura da. Zenbait enpresek ostiraletan mendirako irteerak antolatzen dituzte, euren langileen arteko harreman pertsonalak piztea, stressa murriztea eta enpresa-jarduera hobetzea xede duten jarduera ezberdinak egiteko. Ruy bere kasa bizi izan da beti. Mutil argia da, baina orain estualdi batean dago. José Antonio, bere emaztegaiaren aitak, bere enpresan garrantzizko lanpostu bat eskaini dio. Haren oinordeko izan dadin nahi baitu. Hogeita bost urterekin eta oraindik inolako erabakirik hartu gabe, bere burua harrapatuta ikusi du. Lan horri ezetz esan nahi lioke, José Antonio berari, Inés bere neska-lagunari, eta baita Casual Day izeneko kontu horri ere. Baina ezetz esatea ez da batere erraza. Teorian gauza arrunta izan behar lukeenak, asteburu bat mendialdean igarotzeak, aurrerantzean bere bizitza erabakiko du… Mundo fantástico lanaren zuzendariaren bigarren lan luzea.


COSMOS

Espainia
Zuzendaria Diego Fandos.
Antzezleak: Oihana Maritorena, Xabier Elorriaga, Ramón Barea.


Askatu eta denbora gutxira, hunkituta utziko duen albistea dakusa telebistan: kosmonauta bat “ahaztuta” geratu da MIR espazio-estazioan bere herrialdea desagertu delako. Iñakik ondo ulertzen du haren egoera eta hura itzul dadin ahal duen guztia lehenbailehen egin behar duela deritzo. Hospital Krev, La estrella eta Game Over laburren egile den Diego Fandos nafar zuzendariaren lehen luzea.


LA TORRE DE SUSO

Espainia
Zuzendaria: Tom Fernández.
Antzezleak: Javier Cámara, Gonzalo de Castro, César Vea, José Luis Alcobendas, Malena Alterio, Mariana Cordero, Funny Gautier, Emilio Gutiérrez Caba.


Cundo bere jaioterrira itzuli da hamar urte kanpoan ibili eta gero. Itzuleraren arrazoia Suso bere lagun onenaren heriotza da. Susoren omenez gainerako lagunekin mozkortzea da Cundoren asmoa, dena primeran doakiola itxurak egitea eta handik berriz ospa egitea. Baina gauzak ez doaz horren ongi, eta Suso ez da mozkorraldi bakar batekin konformatuko. Tom Fernández asturiarraren estreinaldia film luzeen arloan, aurrez 7 vidas telesaileko gidoilari izana baita.

 ZABALTEGI BEREZIAK

LUCIO

Espainia
Zuzendariak: Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga.
Dokumentala.


Anarkiskak beti izan dira eta oraindik ere ugari dira munduan. Kausaren alde lapurretak egin behar izan dituztenak edo kontrabandoan aritu behar izan dutenak asko dira. El Che-rekin estrategiak eztabaidatu dituztenak edo Eldridge Cleaverri –Pantera Beltzen buruari– laguntza emandakoak, berriz, gutxi batzuk dira. Baina, esandako honekin guztiarekin batera, planetako banku boteretsuena kinka larrian jarri ahal izan duen bat bakarra dago, traveller check delakoen faltsutze masiboaz eta egun bakar batez ere eraikuntzako igeltsero bere lanean hutsik egin gabe. Lucio Urtubia, Cascanteko (Nafarroa) semea. Lucio gaur egun Parisen bizi da, erretiroa hartuta. Jose Mari Goenaga (Tercero B eta Sintonía bezalako saritutako laburren zuzendari) eta Aitor Arregi (Glup eta Cristóbal Molón animazioko film luzeen zuzendarikide) zuzendari gipuzkoarren dokumentala.


QUERIDA BAMAKO

Espainia
Zuzendariak: Omer Oke eta Txarli Llorente.
Antzezleak: Djédjé Apali, Esther Vallés, Gorsy Edu.


Moussa Burkina Fasoko gazte bat da. Sorleku duen herrixkan bizi da, bere guraso, familia eta Fatima emaztearekin. Hark neskari “Bamako” deitzea gehiago gustatzen zaio ordea, bertan ezagutu baitzuen, Maliko hiriburuan, ezkondu eta Mamadou bere haurtxoa izan aurretik. Soroak jateko haina ematen du, baina lehorte luzeak oreka ahul hori hautsi egin du azkenaldian. Bere familiari laguntzeko ardurak bultzatuta, eta herrixkako zaharrenei iritzia eskatu eta gero, Moussak Europara emigratzea erabaki du.

 EMANALDI BEREZIA

FADOS

Espainia-Portugal
Zuzendaria: Carlos Saura.
Antzezleak: Mariza, Camané, Carlos Do Carmo, Lila Downs, Caetano Veloso, Miguel Poveda, Chico Buarque, Lura, Toni Garrido.


Flamenco(1995) eta Tango (1998) –atzerriko film onenaren Oscar sarirako proposatua- filmen ondoren, Carlos Saurak Fados lanarekin 2005ean osatu zuen hiriko kanta modernoari eskainitako trilogia.
Bi urte baino gehiago Fadoaren inguruan ikertzen aritu ondoren, Carlos Saurak aurrerapauso garrantzitsua eman zuen musikalarekiko bere hurbiltze nahi horretan. Bere aurreko musikaletan, Iberia, Flamenco, Tango..., Carlos Saura dantzan oinarritu bazen, Fados lanean argumentuaz eta irudiaz baliatu da hiri-aldiri eta portuetako musikaren sorrera islatzeko, izatez berau baita XIX. mende hasieran sortutako musika guztien sintesia.



Babesle ofizialak
Kolaboratzaile ofizialak
Instituzio Kideak

© Donostiako Nazioarteko Zinemaldia - Mister-i Mobile Solutions eta Yo Miento Producciones ek landutakoa