David Cronenbergen Eastern Promises filmak emango dio hasiera Donostiako Zinemaldiari
Michael Radfordek zuzendu eta Demi Moore eta Michael Caine protagonista dituen Flawless (Plan akatsgabea) lanak itxiko du 55. edizioa.
Epaimahai Ofizialeko buru izango den Paul Auster idazleak lehiaketatik kanpo aurkeztuko du zine-zuzendari gisa egin duen film berria, The Inner Life of Martin Frost (Martin Frosten barne bizitza).
Earth (Lurra-Geure planetaren pelikula) film dokumentala Sail Ofizialean sartuko da lehiaketatik kanpo, ordea.
| 2007/08/07 |
|
 |
David Cronenberg zuzendari kanadarraren film berriak emango dio hasiera 2007ko irailaren 20tik 29ra egingo den Donostiako Zinemaldiaren 55. edizioari. A History of Violence (Biolentziazko historia bat, 2005) arrakastatsuaren ondoren, Cronenbergek berriro izango du Viggo Mortensen protagonista Eastern Promises filman, eta honekin batera Naomi Watts, Vincent Cassel, Armin Mueller-Stahl eta Sinéad Cusack aktoreak arituko dira. Thriller dramatiko guztiz pertsonal honek mafioso bat eta emakume xalo baina ausarta bilduko ditu Londresko krimen antolatuaren giro nahasietan. Sail Ofizialean lehiatuko den Eastern Promises filmak egungo zinemagile artegagarrienetako baten jardunbide bikainari jarraipena ematen dio, ibilbide horren lekuko Videodrome (1983), The Fly (Eulia, 1986), Dead Ringers (Bereiztezinak, 1988), The Naked Lunch (Bazkari biluzia, 1991), M. Butterfly (1993), Crash (1996), eXistenZ (1999) edo Spider (2002) lanak direla, besteak beste.
Donostiako Zinemaldiari amaiera emango dion Flawless (Plan akatsgabea) film britainiarrak, Demi Moore eta Michael Caine elkartzen ditu munduko diamante enpresa nagusian lapurreta perfektua gauzatzeko ahaleginean. Michael Radforden thriller bat dugu honakoa, besteak beste, Il postino (Postaria (eta Pablo Neruda), 1994), B. Monkey (1998) eta The Merchant of Venice (Veneziako merkataria, 2004) bezalako filmeen egilearena.
Paul Austerren The Inner Life of Martin Frost (Martin Frosten barne bizitza) pelikula berriak Sail Ofizialean parte hartuko du, lehiaketatik kanpo baina. The New York Trilogy, The Music of Chance eta Brooklyngo erokeriak liburuen idazle newyortarra, eta Letren Asturiasko Printzea sariduna ere badena, Zinemaldiko palmares ofiziala erabakiko duen Nazioarteko Epaimahaiaren buru izango da. Austerrek Lulu on the Bridge (1998) filma eta Wayne Wangekin batera Blue in the Face (1995) zuzendu ditu.
Lehiaketatik kanpo, halaber, Sail Ofizialak Earth (Lurra-Geure planetaren pelikula) izenburuko film dokumentala barne hartuko du, Lurran zeharreko ibilaldi ikusgarria, iparretik hegora eta urtaroetan barrena animali espezie desberdinen portaerari eta klima-aldaketak hauen bizimoduan duen eraginari erreparatuz. Alastair Fothergill -Deep Blue pelikularen eta Planet Earth sailaren egilea- eta Mark Linfield dira Earth (Lurra-Geure planetaren pelikula) lanaren zuzendariak.
INAUGURAZIOA (lehiaketan)
|
EASTERN PROMISES
(Ekialdeko promesak)
Britainia Handia-Kanada
Zuzendaria: David Cronenberg.
Antzezleak: Viggo Mortensen, Naomi Watts, Vincent Cassel. |
David Cronenbergek zuzendua, Viggo Mortensen eta Naomi Watts protagonista dituela, filmeak Nikolai misteriotsuaren istorioa kontatzen du, Londresko krimen antolatuaren familia boteretsuenetako bati lotutako gizonarena. Honen bizitza kolokan jarriko da Anna ezagutzean, mafiako familia honen kontrako frogak ustekabean aurkitu dituen emakumea berau. |
AMAIERAKOA (lehiaketatik kanpo)
 |
FLAWLESS (Plan akatsgabea)
Britania Handia - Luxemburgo
Zuzendaria: Michael Radford.
Antzezleak: Michael Caine, Demi Moore, Joss Ackland, Lambert Wilson. |
Laura Quinnek (Demi Moore) London Diamond Corporation-en dihardu, munduko diamante enpresa garrantzitsuenean. Laura bere lanarekin batere pozik ez dagoen exekubibo saiatua da, enpresan nagusi den matxismoak bere karreraren bilakaera oztopatzen baitu. Hartara, Hobbs jaunarekin (Michael Caine) elkartuko da, aztarnarik utziko ez duen lapurreta gauzatzeko plan akatsgabea duela dioen langile beteranoarekin. |
SAIL OFIZIALA LEHIAKETATIK KANPO
 |
THE INNER LIFE OF MARTIN FROST
(Martin Frosten barne bizitza)
Frantzia-Espainia-Portugal
Zuzendaria: Paul Auster.
Antzezleak: David Thewlis, Irène Jacob, Michael Imperioli, Sophie Auster. |
Martin Frost idazle arrakastatsuak liburu bat argitaratu berri du bolada batez landetxe batean erretiratzea erabaki duenean. Lehenbiziko goizean Frostek esnatzean emakume misteriotsu eta liluragarri bat bere aldamenean etzanda ikusten du harriturik. Haren edertasunaz eta adimenaz txundituta, Martin emakumearekin erabat itsutuko da eta bere eleberririk onena idazten lagunduko diola pentsatuko du. Nor da bere bizitza eta obra hain ongi ezagutzen dituen emakume hori? Benetako musa izango al da? Bere irudipen hutsa ote? Martin Frosten barne bizitzan sartu den mamua ote da bera? |
 |
EARTH (Lurra-Geure planetaren pelikula)
Britainia Handia-Alemania
Zuzendariak: Alastair Fothergill, Mark Linfield.
Dokumentala. |
Deep Blue pelikularen egileek Lurraren inguruko ibilaldi liluragarriari ekin diote, iparretik hegora eta lau urtaroetan barrena, planetako paraje desberdinen arteko kontrastea eta hauen eraldatze naturalak irudikatzeko. Zenbait animali espezieren biziraupen-baldintzek, eta beraien portaerek, elementu arras komikoak tartean direla, teknikarik sofistikatuenekin egindako dokumental hau osatzen dute, izan ere, BBCren Planet Earth telesailarekin aldi berean filmatua baita. |
|