TVE “Beste Begirada” Sariak Donostia Zinemaldian emakumezkoen unibertsoa azpimarratzen duten filmeak nabarmenduko ditu
| 2007/08/16 |
|
 |
Televisión Españolak lan irabazlearen emisio-eskubideak erosiko ditu
Televisión Españolak (TVE), Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren babesle ofizialak, “Beste Begirada” saria sortu du, “emakumezkoen munduaren inguruko gaiak jorratzen dituen zinea” nabarmentzeko helburuarekin, gizon nahiz emakumeek egina den ala ez alde batera utziz. Sari hau TVEk jadanik eman ohi duen, eta bere horretan mantenduko den beste sariari gehituko zaio, “Zinema eraikitzen” ekimenaren baitan.
Donostia Zinemaldia datorren irailaren 20tik 29ra egingo da eta TVEk jaialdiaren berri zabala emango du bere telebista saioetan.
Sari berriaren oinarrietan azpimarratzen den bezala, “TVEk, zerbitzu publikoko enpresa denez, bere eginkizun nagusien artean du pertsonen arteko berdintasuna sustatzea, hauen sexua, arraza edo erlijioa edozein dela ere; baita edozein moldetan agertzen den sorkuntza artistikoari laguntzea eta interesgarriak izan litezkeen zinema zein ikus-entzunezko lanak ezagutzera ematea ere.”
Ikuspegi honen arabera, “eta edozein motatako oztopo diskriminatzaile deusezteko bidean lagunduz, lanean sartzea zein gizarteratzea bultzatuz eta aukera-berdintasuna errazteko helburuarekin”, TVEk ‘Beste Begirada’ izeneko saria sortzea erabaki du.
Alderdi femeninoa
TVEk “emakumezkoen munduaren inguruko gaiak jorratzen dituen” zinea saritu nahi du; “emakumeek zuzendu, antzeztu edo idatzitakoa. Edo baita beren pelikuletan aipatutako emakumezkoen munduarekiko sentikortasun berezia erakusten duten gizonena ere. Azken finean, biztanleriaren ehuneko berrogeita hamarraren ikuspuntua, kezkak eta beharrak, nahiak eta desirak adierazten dituen zinema. Batzuetan aditzera emateko oztopoak dituen emakumezkoen unibertso hori”, sariaren oinarrietan adierazten denez.
Ezaugarri horiek betetzen dituen lan zinematografiko horietako bat aukeratzeko, aldi honetarako bereziki eratutako epaimahai batek ‘Beste Begirada’ saria emango dio Zinemaldiko edozein sailetan aurkezturiko filmetako bati.
‘Beste Begirada’ saria “filma telebistaz emateko komunikazio publikoko eskubidea erostean datza”. TVEk, datorren irailean, Donostiako Nazioarteko Zinemaldia bitartean antolaturiko ekitaldi batean jakinaraziko du saritutako lanaren izenburua.
|