WEB GUNE OFIZIALA EUSKERA

Hemen zaude: Lehen orrialdea › Berriak

   Berriak

Hamasei filmek gailentzeko bidean dauden talentuak ezagutaraziko dituzte Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean

Zabaltegi-Bereziak atalak, berriz, dokumentalaren eta telebistako formatuen mugak esploratzen dituzten bederatzi izenburu bilduko ditu

2007/08/17
Descargar nota en wordFotos en alta resoluciónImprimir página

Hamasei pelikulek osatuko dute Zabaltegi-Zuzendari Berriak saila, 2007ko irailaren 20tik 29ra egingo den Donostia Zinemaldiaren 55. edizioan. Lehen edo bigarren film luzea sinatzen duten mundu osoko zinemagileak 90.000 euroz hornitutako Altadis-Zuzendari Berriak saria eskuratzeko hautagai izango dira. Sari hau eskuratzeko aukera dute, halaber, Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartzen duten errealizadore berrien lanek.

Azken bi hamarkadatan, Donostia Zinemaldiak Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean ezagutarazi ditu gerora ibilbide bikaina osatu duten eta beraien ondorengo lanak jaialdiko Sail Ofizialean nahiz munduko zine-jaialdi ospetsuetan esku hartu duten hainbat zinemagile. Beren lehen edo bigarren lanarekin Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean parte hartu eta dagoeneko zinema garaikidearen funtsezko izen bihurtu dira, besteak beste: Olivier Assayas (Desordre, 1986), Alejandro Agresti (El amor es una mujer gorda, 1987), Isabel Coixet (Demasiado viejo para morir joven, 1988), Nicole Garcia (Un weekend sur deux, 1990), Tsai Ming Liang (Rebels of the Neon God, 1993), Walter Salles (Terra Estrangeira, 1995), François Ozon (Regarde la mer, 1997), Cesc Gay (Hotel Room, 1998), Simon Staho (Vildspor, 1998), Laurent Cantet (Ressources humaines, 1999), Jonathan Glazer (Sexy Beast, 2000), Gyorgy Palfi (Hukkle, 2001) eta Xavier Giannoli (Les corps impatients, 2003).

Bestalde, Zabaltegi-Bereziak atalak dokumentalaren eta telebistako formatuen mugak esploratzen dituzten bederatzi izenburu bilduko ditu: ohiko profil biografikotik, gertaera historikoen berritzera, David Lynch bezalako zinemagile gailenaren egunkari erako erretratua, telesailen eskemaren ikusmolde berri bat edo fikzioarekiko hurbiltzea narrazio-teknika mistoen bitartez.

 

 ZABALTEGI-ZUZENDARI BERRIAK

10+4
(DAH BE ALAVEH CHAHAR)

Iran
Zuzendaria: Mania Akbari.
Antzezleak: Mania Akbari, Amin Maher, Behnaz Jafari, Roya Akbari, Mina Hamidi, Maedeh Tahmasebi, Bahareh Mosadeghiyan, Jinous Azadegan, Ramin Rastad


Abbas Kiarostamiren Ten filmaren segizio honetan, Mania Akbari, film hartako emakumezko aktore protagonistak auto bat gidatzen du berriro bere semearekin, ahizparekin eta beste pertsona batzurekin hitz egiten duen bitartean. Segizio honetan bere egoera ezberdina da, Mania minbiziak jota baitago. Gaisotasuna larritzen doan heinean, bere burua ez du gidatzeko gauza ikusiko. Beraz, kotxeko atzealdeko eserlekuan jartzen da, eta elkarrizketak aurrera darrai. Ten  lanean ez bezala, 10+4 pelikulan kamerak emakumea noranahi jarraitu beharko du. Guztiz esperientzia berria da, zeinean minbiziak emakumezko zuzendaria gidatzen duen filmaren sortze-prozesuan. 20 Fingers lanaren zuzendariaren bigarren pelikula.


DIE ANRUFERIN

Alemania
Zuzendaria: Felix Randau.
Antzezleak: Valerie Koch, Esther Schweins, Franziska Ponitz.


Emakume batek rol berezi samarra bereganatzen du, erabateko ezezagunekin telefonoz ‘jolastuz’. Besteen berotasuna eta arreta erakartzeko irrikaz, konfiantzazko eta errukizko sentimenduak eragingo ditu linea telefonikoaren bestaldean, bere burua azkenburuko gaixotasun bat duen neskatxa bailitz aurkeztuz. Halako egun batean, Sina emakume kementsua ezagutuko du, eta harreman harrigarri baina aldi berean etorkizun handikoa izan litekeena hasiko dute... Northern Star (2003) filmeko zuzendariaren bigarren luzea.


THE BIRD CAN'T FLY

Hegoafrika-Holanda-Irlanda
Zuzendaria: Threes Anna.
Antzezleak: Barbara Hershey, Tony Kgoroge, Yusuf Davids.


Melody Fairlandseko bere etxera itzuli da June bere alabaren hiletarako, harekin haserretuta zegoen arren. Herria basamortuko hondar azpian desagertzeko zorian dago. River 10 urteko iloba bat ere baduela jakingo du. Melodyk River berarekin eraman nahi luke, honek ezetz dio ordea. Haren aita Scopek ere Melodyk alde egitea nahi luke, sekretu bat isilean gordetzen baitu. Liskar-segida bat gertatuko da, harik eta Melodyk egia agerian utzi eta bere iraganeko une mingarriei aurre emango dien arte, honenbestez Melodyrentzat eta Riverrentzat elkar bizitza berri bat ahalbidetuz.


THE BLUE HOUR
(ORDU URDINA)

Estatu Batuak
Zuzendaria: Eric Nazarian.
Antzezleak: Emily Rios, Alyssa Milano, Yorick Van Wageningen, Clarence Williams III, Derrick O’Connor, Paul Dillon.


Los Angeles River ondoan dagoen langile-auzo baten kokaturik, The Blue Hour (Ordu urdina) graffitigile gazte baten eguneroko bizitza aztertzen duten lau istoriok osatzen dute, familiako drama bat gainditzen saiatzen den aita bat, blues gitarra-jole bat, eta erretiratu bat. Lau istorio fin eta malenkoniatsu, lantzean behin komunikatzen diren arrotzen arteko lotura ttikiak esploratzen dituztenak, ttikiak izan arren egon badirenak. Eric Burdonen kolaborazio bat ere eskaintzen du.


BRICK LANE

Britainia Handia
Zuzendaria: Sarah Gavron.
Antzezleak: Tannishtha Chatterjee, Satish Kaushik, Christopher Simpson, Naeema Begum, Lana Rahman, Harvey Virdi, Lalita Ahmed, Zafreen


17 urteko neska batek, hitzarmenezko ezkontza baten ondoren, Bangladeshko bere herrixka utzi beharko du Londres Ekialdeko apartamentu-bloke batera bizitzera joateko. Batere erakargarria ez den bere senarrari atsegin ematen eta bere seme-alabak zaintzen dituen bitartean, bere bizitzari zentzuren bat ematen saiatuko da, amodio berri baten aukera sortuko zaion arrazanitzeko ingurune batean. Bizitza oso baten kontakizuna, Monica Aliren izen bereko eleberri arrakastatsuan oinarritua, Alentejo Blue idazlanaren egile.


CASUAL DAY

Espainia
Zuzendaria: Max Lemcke.
Antzezleak: Juan Diego, Javier Ríos, Luis Tosar, Estíbaliz Gabilondo, Alberto San Juan, Alex Angulo, Arturo Valls, Secun de la Rosa, Malena Alterio, Marta Etura.


'Casual Day' Estatu Batuetatik ekarritako enpresa-ohitura da. Zenbait enpresek ostiraletan mendirako irteerak antolatzen dituzte, euren langileen arteko harreman pertsonalak piztea, stressa murriztea eta enpresa-jarduera hobetzea xede duten jarduera ezberdinak egiteko. Ruy bere kasa bizi izan da beti. Mutil argia da, baina orain estualdi batean dago. José Antonio, bere emaztegaiaren aitak, bere enpresan garrantzizko lanpostu bat eskaini dio. Haren oinordeko izan dadin nahi baitu. Hogeita bost urterekin eta oraindik inolako erabakirik hartu gabe, bere burua harrapatuta ikusi du. Lan horri ezetz esan nahi lioke, José Antonio berari, Inés bere neska-lagunari, eta baita Casual Day izeneko kontu horri ere. Baina ezetz esatea ez da batere erraza. Teorian gauza arrunta izan behar lukeenak, asteburu bat mendialdean igarotzeak, aurrerantzean bere bizitza erabakiko du… Mundo fantástico lanaren zuzendariaren bigarren lan luzea.


COSMOS

Espainia
Zuzendaria: Diego Fandos.
Antzezleak: Oihana Maritorena, Xabier Elorriaga, Ramón Barea.


Askatu eta denbora gutxira, hunkituta utziko duen albistea dakusa telebistan: kosmonauta bat “ahaztuta” geratu da MIR espazio-estazioan bere herrialdea desagertu delako. Iñakik ondo ulertzen du haren egoera eta hura itzul dadin ahal duen guztia lehenbailehen egin behar duela deritzo. Hospital Krev, La estrella eta Game Over laburren egile den Diego Fandos nafar zuzendariaren lehen luzea.

DARLING

Suedia
Zuzendaria: Johan Kling.
Antzezleak: Michelle Meadows, Michael Segerström, Richard Ulfsäter, Mikael Lindgren, Natalie Sannerman.


Darling goi-mailako jende gorrotagarriari, jende arruntari eta 2000ko urteetako Stockholmeko bizimoduari buruzko komedia beltza da. Ederra izanik bere baitan bilduta dagoen Evak amodio-istorio hutsal bat hasiko du, jende arruntaren bizimodurantz jaitsiera geldo baina ezinbestekoaren abiapuntu izango dena, baita etorkizunik gabeko adiskidetasun harrigarri batena ere.


EKKO / ECHO

Danimarka
Zuzendaria: Anders Morgenthaler.
Antzezleak: Kim Bodnia, Villads Milthers Fritsche, Stine Fischer Christensen, Peter Stomare


Simon dibortziatutako polizia ofizial bat da, sei urteko bere semearen zaintza galdu berri duena. Etsi-etsi eginda, umea bahituko du eta udako etxe batera eraman eta bertan ezkutatuko dira. Simonek oporrak bere semearekin igaro nahi lituzke, besterik ez, baina elkarrekin pasa duten astea oroitzapen txarrak esnarazten dituen amesgaizto bihurtzen da eta iraganeko mamuek Simon erotzeko zorian jarriko dute. Princess filmaren zuzendariaren bigarren pelikula, Cannesko Zinemaldiko Errealizadoreen Hamabostaldiari hasiera eman ziona eta Sukar Izoztua sailan ikusi ahal izango dena.


LES FOURMIS ROUGES

Luxenburgo-Belgika-Frantzia
Zuzendaria: Stéphan Carpiaux.
Antzezleak: Déborah Francois, Frédéric Pierrot, Arthur Jugnot, Julie Gayet, Claire Johnston.


16 urteko Alex bere aita Frankekin bizi da Ardenetako basoetako herri bakarti batean. Bere amaren heriotz tragikoaz geroztik aitari laguntzea behartuta, Alexek bere adinerako azkarregi hazten ari dela sentitzen du. Frank emaztearen heriotzak eragin zion gogorik eza gainditzen saiatzen den bitartean, Alexek nahi gabe berpizten du aitaren oinazea. Mundu anbiguo batean murgilduko dira azkenean biak, bertan samurtasunaren eta desiraren arteko muga hauskorra delarik. Hartara, neskak ustekabean 22 urteko Hector umezurtza ezagutuko du, zeinaren izeba hura heldu ez dadin saiatzen den, eta honen eraginez, aitarekin daukan harremanaz jabetuko da. Stéphane Carpiaux belgikar zuzendariaren lehen film luzea, Dardenne anaien L’enfant (Semea) filmeko aktoresarekin.


GIDAM (EPITAPH)

Korea
Zuzendaria: JUNG Brothers (JUNG Bum-Sik, JUNG Sik)
Antzezleak: JIN Goo, LEE Dong-Kyu, KIM Tae-Woo, KIM Bo-Kyung


1979an, Park doktoreak 1942ko argazki-album zahar bat jaso du, hogei urte inguru zituen garaikoa, berak eta bere lagunek zenbait egoera misteriotsu bizi izan zituzten sasoikoa. Park ezagutzen ez zuen neska batekin ezkontzera behartu zuten gurasoek, baina bera hilotz batekin maitemindu zen, bere emaztegaiarenarekin, hain zuzen. Bien bitartean, auto-istripu hilgarri baten biktima izandako neskato bat inolako zauririk gabe helduko da ospitalera eta gauero mamuei buruzko amesgaiztoak izango ditu. Senar-emazte diren mediku pare batek bi istorio bitxi hauen berri izan, eta Tokiotik ospitalera itzuliko dira, segidako hilketa-kate amaigabe batez inguratuta daudela. Sympathy for Mr. Vengeance eta Old Boy filmetan Park Chan-Wooken zuzendari laguntzaile jardundakoaren lehen filma.


L'HOMME QUI MARCHE
(GIZONA IBILIAN)

Frantzia
Zuzendaria: Aurélia Georges.
Antzezleak: Cesar Sarachu, John Arnold, Judith Henry, Mireille Perrier, Florence Loiret-Caille.


Paris, 70eko hamarkadaren erdialdera. Argazkilari batek Viktor Atemian izeneko gizon zargal eta makurra ezagutu du. Bat-batean idazle bihurtu eta arrakasta erdietsitako gizonaren kontakizuna da, gero bolada txar bat izan eta kale gorrian bukatu zuenarena. Denboraren joan-etorriari, uko egiteari eta gainbeherari buruzko filma. Cesar Sarachu euskal aktoreak, gehienbat Suedian egiten du lan eta Camera Café espainiar telesailan esku hartzen du.


SOUL CARRIAGE
(HELMUGADUN ARIMA)

Txina-Britainia Handia
Zuzendaria: Conrad Clark.
Antzezleak: Yan Feng Yung, Jia Hong, Chen Jiao Ying


Eraikuntza-enpresa bateko enplegatu gazteak bere urtebetetzea garagardo batzuekin ospatzeko dirurik ere ez du. Nagusiari aurrerakin bat eskatuko dio, baina enpresak ezkutuan begi-bistatik kendu nahi duen lan-istripu batean hildako beste langile baten gorpua besterik ez du lortuko. Hilotza furgonetan daramala, gaztea hildakoa bere senitartekoei itzultzen ahaleginduko da.


TNUAH MEGUNA
(FOUL GESTURE)

Israel
Zuzendaria: Itshak (Tzahi) Grad.
Antzezleak: Gal Zaid, Keren Mor, Asher Tsarfati, Ya'acov Ayaly, Ania Bukshtein, Tal Grushka, Rivka Michaeli, Menashe Noi, Vladimir Friedman.


Ohiko bizilagun eredugarri, ezkondu eta semeduna den Michael Klienhousen bizitzako astebete. Egun batez, Holokaustoaren Egunaren goizean, sirenak jo baino minutu batzuk lehenxeago, Michaelek Dreyfusen autoa kolpekatzen du. Michaelen emazte Tamarrek keinu zantar bat egiten dio Dreyfusi eta honek bere auto beltza azeleratu eta Michaelen kotxeko ate irekiaren kontra jo eta Tamar bera jotzeko zorian egon da. Hiritar ona denez, gatazka agintarien laguntzaz konpontzea espero du Michaelek, baina hirurogeitaka urteko Dreyfus, gerran heroi izandakoa, harreman handiak eta beso luzeko lagunak dituen gizon bortitza gertatuko da.


LA TORRE DE SUSO

Espainia
Zuzendaria: Tom Fernández.
Antzezleak: Javier Cámara, Gonzalo de Castro, César Vea, José Luis Alcobendas, Malena Alterio, Mariana Cordero, Fanny Gautier eta Emilio Gutiérrez Cabaren lankidetza bereziarekin.


Cundo bere jaioterrira itzuli da hamar urte kanpoan ibili eta gero. Itzuleraren arrazoia Suso bere lagun onenaren heriotza da. Susoren omenez gainerako lagunekin mozkortzea da Cundoren asmoa, dena primeran doakiola itxurak egitea eta handik berriz ospa egitea. Baina gauzak ez doaz horren ongi, eta Suso ez da mozkorraldi bakar batekin konformatuko. Tom Fernández asturiarraren estreinaldia film luzeen arloan, aurrez 7 vidas telesaileko gidoilari izana baita.


WHERE GOD LEFT HIS SHOES

Estatu Batuak
Zuzendaria: Salvatore Stabile.
Antzezleak: John Leguizamo, Leonor Varela, David Castro, Samantha Rose.


New Yorkeko euren apartamentutik kaleratzen dituztenean, Frank, Angela eta bi seme-alabek etxegabeentzako aterpetxe batera joan beharko dute derrigorrez. Zenbait hilabete zailen buruan, berri onak izango dituzte Gabon-egunean: apartamentu bat libre dago etxebizitza sozialen gune batean, baina Frankek lan bat beharko du bertarako aukera izateko. Hiria Eguberrietarako prestatzen ari den bitartean, Frank eta honen 10 urteko semeorde Justin, New Yorkeko kaleetan noraezean ibiliko dira eguna amaitu aurretik lan bat aurkitu behar baitute. Bizitzako unerik latzenean ere behea jotzeari uko egiten dion familia baten istorioa. Gravensend filmaren zuzendariaren bigarren pelikula.



 ZABALTEGI BEREZIAK

BRANDO

Estatu Batuak
Zuzendariak: Mimi Freedman, Leslie Greif.


Sekula izan den aktorerik handienetako baten, Marlon Brandoren, bizitza pribatua, filmak, kezka pertsonalak, gizarte borrokak eta haren izaera paregabea. Ia hiru orduko dokumental honek ospetsu askoren parte-hartzea barne du, besteak beste, Bernardo Bertolucci, James Caan, Johnny Depp, Robert Duvall, Jane Fonda, Dennis Hopper, Quincy Jones, Martin Landau, Karl Malden, Edward Norton, Al Pacino, Arthur Penn, Sean Penn, Martin Scorsese, John Travolta, John Turturro, Jon Voight eta Eli Wallach.


CALLE SANTA FÉ-RUE SANTA FÉ

Frantzia-Txile-Belgika
Zuzendaria: Carmen Castillo.


Santa Fé kalea, 1974ko urriaren 5a, Santiagoko (Txile) kanpoaldean, Carmen Castillo bizirik atera da MIReko eta Pinocheten diktaduraren aurkako Erresistentziako buruzagi Miguel Enríquez kidea borrokan hiltzen dutenean. Calle Sante Fé lanaren abiapuntua da, paraje hauen orainaldirako bidaia bat. Erresistentzia ekintza hauek guztiek merezi izan al zuten? Ezergatik hil al zen Miguel?


FORESTILLINGER (PERFORMANCES)

Danimarka
Zuzendaria: Per Fly.
Antzezleak: Mads Wille, Sonja Richter, Sara Hjort Ditlevsen, Pernilla August, Jesper Christensen, Dejan Cukic


Performances amodiori buruzko sei ataleko mini telesaila da -ez bakarrik bikote-maitasunari, baita alabenganako, aitenganako edo lagunenganako amodioari buruzkoa ere-. Markoz hitz egiten digu, 90eko hamarkadan daniar antzertia irauli zuen antzerki-zuzendari karismatikoari buruz. Atal bakoitzak berezko protagonista bereizia dauka. Jakoben inguruko atala maitemintzearen bertigoaren ondoko iratzartze bortitzaz mintzo zaigu. Tanjari buruzkoa maite duzun gizona uzteaz ari da, Katrinena zarena zarelako aintzatetsia eta maitatua izateaz, Evaren gainekoak familia berpizteko bere nahiaz dihardu, Jensenak lagun onenari huts egiteaz eta Markorena zu zeu zeure proiektu bihurtzeak dakartzan deabruzko ondorioei buruz. Arven (Herentzia, 2003) eta Drabet (2005) film luzeen zuzendariarena, Donostia Zinemaldiko edizio banatan lehiatuz, bigarren pelikularekin gidoi onenaren saria eskuratu zuenarena.


LUCIO

Espainia
Zuzendariak: Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga.
Dokumentala


Anarkiskak beti izan dira eta oraindik ere ugari dira munduan. Kausaren alde lapurretak egin behar izan dituztenak edo kontrabandoan aritu behar izan dutenak asko dira. El Che-rekin estrategiak eztabaidatu dituztenak edo Eldridge Cleaverri –Pantera Beltzen buruari– laguntza emandakoak, berriz, gutxi batzuk dira. Baina, esandako honekin guztiarekin batera, planetako banku boteretsuena kinka larrian jarri ahal izan duen bat bakarra dago, traveller check delakoen faltsutze masiboaz eta egun bakar batez ere eraikuntzako igeltsero bere lanean hutsik egin gabe. Lucio Urtubia, Cascanteko (Nafarroa) semea. Lucio gaur egun Parisen bizi da, erretiroa hartuta. Jose Mari Goenaga (Tercero B eta Sintonía bezalako saritutako laburren zuzendari) eta Aitor Arregi (Glup eta Cristóbal Molón animazioko film luzeen zuzendarikide) zuzendari gipuzkoarren dokumentala.


LYNCH

Estatu Batuak-Danimarka
Zuzendaria: blackANDwhite.


Pelikula honek Eraserhead, Mulholland Drive, Blue Velvet, Twin Peaks, Wild At Heart edo The Elephant Man bezalako klasiko irudikorrak sortu zituen gizonaren buru liluragarriaren gaineko ezohiko begirada eskaintzen digu. Bi urte baino gehiagotan bildutako sekuentzien bidez, pelikula hau Lynchen sormen-prozesuaren erretratu intimista da, INLAND EMPIRE azken filma egiten zihardunekoa. Ideietan edertasuna aurkitzen ikusiko dugu, abstraktuaren bitarteko bidaian gidari dugula, azken beltzean bere ikuskera zinematikoa erakutsiz.


MADRES

Argentina
Zuzendaria: Eduardo Félix Walger.


Maiatzeko Plazako Amen zapi zuriak giza eskubideen aldeko borrokaren ezaugarri unibertsalak dira. Argentinan ezarritako estatu-terrorismoa pertsonen desagertze derrigortuan oinarritu zen. Seme-alaba desagertuekiko maitasunak beldurra gainditzera eta herrialdeko gune politiko eta ekonomikoan kokatzera eraman zituen, botere totalitario eta basatiari desarmatuta aurre emanez. Beraien seme-alaben nortasunari eusten diote oraindik orain, ondoko oihuarekin “30.000 atxilotu desagerturik, hemen dira, orain eta beti”.


THE PRINCESS OF NEBRASKA

Estatu Batuak
Zuzendaria: Wayne Wang.
Antzezleak: Ling Li, Brian Danforth, Pamelyn Chee, Patrice Binaisa


The Princess of Nebraska filmak Sasharen bizitzaren 24 ordu erakusten dizkigu, Pekinen abentura labur baten ondoren lau hilabeteko haurdunaldian dagoen txinatar gaztearena. Omahako Unibertsitateko (Nebraska) lehen ikasturteko ikasketak eten ditu abortatzeko eta bere amorantearen lagunari aurka egiteko. Smoke (1993) eta Kutxa txinatarra (1995) filmen zuzendariaren ezohizko formatuko filma.


QUERIDA BAMAKO

Espainia
Zuzendariak: Omer Oke eta Txarli Llorente.
Antzezleak: Djédjé Apali, Esther Vallés, Gorsy Edu.


Moussa Burkina Fasoko gazte bat da. Sorleku duen herrixkan bizi da, bere guraso, familia eta Fatima emaztearekin. Hark neskari “Bamako” deitzea gehiago gustatzen zaio ordea, bertan ezagutu baitzuen, Maliko hiriburuan, ezkondu eta Mamadou bere haurtxoa izan aurretik. Soroak jateko haina ematen du, baina lehorte luzeak oreka ahul hori hautsi egin du azkenaldian. Bere familiari laguntzeko ardurak bultzatuta, eta herrixkako zaharrenei iritzia eskatu eta gero, Moussak Europara emigratzea erabaki du.


YOUNG YAKUZA

Frantzia
Zuzendaria: Jean-Pierre Limosin.


Japoniako gazte-delinkuentziak gora egin du nabarmen azken hamar urteetan. Hogei urteko Naoki bizimodu honetan harrapatuta dago. Bere historia tamalgarria da, ikasketetan, lanean eta bizitza pertsonalean porrot egin baitu. Lehenxeago, Naokik delinkuentzia aukeratu zuen ogibide, bere amaren etsipenerako.
Lagun baten aholkuari jarraituz, amak semea japoniar mafiaren eskuetan utziko du urtebetez. Lehendabiziko aldiz, japoniar Yakuza-ren mundu sekretuaren ateak zabaltzen zaizkigu, erakunde beldurgarri honi buruzko aurreiritziak zalantzan jarriz, eta lau urtaroetan zehar Naokirekin batera bere iniziazioaren lekuko izango gara. Naokik iluntasunaren eta argiaren artean aukeratu beharko du... Tokyo Eyes (1998) filmeko zuzendariarena.



Babesle ofizialak
Kolaboratzaile ofizialak
Instituzio Kideak

© Donostiako Nazioarteko Zinemaldia - Mister-i Mobile Solutions eta Yo Miento Producciones ek landutakoa