WEB GUNE OFIZIALA EUSKERA

Hemen zaude: Lehen orrialdea › Berriak

   Berriak

Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi-Perlak saileko filmen aurrerapena

The Beatles, Lou Reed eta fado musika protagonista dituzten hiru emanaldi berezi eskainiko dira

2007/08/23
Descargar nota en wordFotos en alta resoluciónImprimir página

Denboraldi honetan munduko zine-jaialdi nagusietan sarituriko edo hautaturiko film gailenetako batzuk irailaren 20tik 29ra egingo den Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi-Perlak atalean parte hartuko dute. Sundance, Berlin, Cannes edo Locarnoko zinemaldietan epaimahaiek sarituriko edo nazioarteko kritikak goraipatutako film hauek urteko zinerik interesgarrienaren panoramika zabala eskainiko digute.

Zabaltegi-Perlak saileko filmeek pelikula irabazlearen inportatzailearentzat 70.000 eurorekin esleitutako Publikoaren TCM saria eskuratzeko aukera izango dute. 35.000 euroko bigarren sari bat emango zaio saioen amaieran ikusleek egiten dituzten bozketetan punturik gehien lortzen duen europar filmari. Bi sari hauek ezin daitezke metatu.

Zabaltegi-Perlak saila osatuko duten zenbait izenburu aurreratzen dizkizuegu, lehiaketa honetatik kanpo musikarekin zerikusia duten hiru emanaldi bereziez gain, Victoria Eugenia antzokian proiektatuko direnak.

 

 ZABALTEGI- PERLAK

L’AVOCAT DE LA TERREUR

Frantzia
Zuzendaria: Barbet Schroeder.


Komunista, kolonialismoaren aurkakoa, eskuineko estremista ote? Zer nolako uste moralak ditu Jacques Vergèsek? Barbet Schroederrek historiaren bide ilunenetatik garamatza pertsonaia enigmatiko honen atzean ezkutatzen den misterioa argitzeko ahaleginean. Aljeriako gerra bitartean, Vergès kausa antikolonialistari atxiki zitzaion abokatu gaztea zen, Djamila Bouhired defendatu, honen askatasuna lortu, harekin ezkondu eta bi seme izan zituzten. Bat-batean, bere jardunbide bikainaren gailurrean zegoela, zortzi urtez desagertu zen arrastorik utzi gabe. Urrunaldi misteriotsu hartatik itzultzean, edozein motatako terroristak defendatzeari ekin zion, hala Magdalena Kopp nola Anis Naccache, baita Carlos ‘Txakala’ ere, Klaus Barbie teniente nazia bezalako historiako munstroen ordezkari gisa jardun zuen. Cannesko Zinemaldiko Un Certain Regard sailean ikusitako pelikula.


CARAMEL

Libano-Frantzia
Directora: Nadine Labaki.
Antzezleak: Nadine Labaki, Yasmine Al Masri, Joanna Moukarzel, Gisèle Aouad.


Beirut, bost emakume apaindegi batean elkartu dira, osotara kolorista eta sentsuala den mikrokosmos batean. Layalek Rabih maite du, gizon ezkondua da ordea. Nisrine musulmana da eta arazo bat dauka laster izango den bere ezkontzari begira: dagoeneko ez da birjina. Rima oinazetsu dabil emakumezkoek erakarrita sentitzen delako. Jamelek ez du zahartu nahi. Rosek bere bizitzari uko egin dio bere ahizpa zaharragoa zaintzeko. Apaindegian, gizonak, sexua eta amatasuna dira euren hizketaldi intimo eta irekien mintzagai nagusiak. Cannesko Errealizadoreen Asterako hautatutakoa.

CONTROL

Britainia Handia
Zuzendaria: Anton Corbijn.
Antzezleak: Samantha Morton, Sam Riley, Alexandra Maria Lara, Joe Anderson, James Anthony Pearson, Toby Kebbell, Craig Parkinson, Harry Treadaway


Joy Division bandaren abeslari enigmatiko eta ingeles post-punkaren ikono bihurtutako Ian Curtisen akaberaren inguruko filma. Curtisek 1980an bere buruaz beste egin arteko haren azken urteetako ibilbidea kontatzen zaigu, bere emaztearenganako maitasun handiaren eta bere amorantearekin izandako pasiozko harremanaren arteko gatazka, haren osasuna okerrera daramaten epilepsia-krisiak, bere talentu harrigarria eta zuzeneko saio sutsuak. Urrezko Kameraren Aipamen Berezia, Gazteriaren Saria eta Label Europa Cinema sariduna Cannesko Zinemaldian.

DEATH AT A FUNERAL
(HILTZEKO MODUKO HILETA)

Britainia Handia
Zuzendaria: Frank Oz.
Antzezleak: Matthew Macfadyen, Rupert Graves, Peter Dinklage, Daisy Donovan, Alan Tudyk, Jane Asher, Kris Marshall, Andy Nyman, Ewen Bremner, Keeley Hawes, Peter Egan, Peter Vaughan


Ingeles familia bat patriarkaren hileta prestatzen ari da. Seme-alaben arteko aspaldiko liskarrak berriro agertzen diren heinean tentsioa areagotuz doa. Hildakoak sekretu ilun bat ezkutatzen zuela esanaz ezezagun bat azalduko da bertara, eta familiak neurri zorrotzak hartu beharko ditu hileta erabateko deskalabrua bihurtu ez dadin. Locarnoko Zinemaldirako hautatua.


LADY CHATTERLEY

Frantzia
Zuzendaria: Pascale Ferran.
Antzezleak: Marina Hands, Jean-Louis Coulloc'h, Hippolyte Girardot, Hélène Alexandridis, Hélène Fillières


Constance Reidek 23 urte ditu Clifford Chatterleyrekin ezkontzen denean, Britainiar armadako teniente airoso batekin. 1917. urtean gaude eta Flandersko batailan borrokatzera joandako Clifford elbarritasun atzeraezin batekin itzuli da. Bikote gaztea euren gaztaroko lurretik hurbil dagoen etxe batean finkatuko da, Chatterleyn. Axolagabetuta, triste eta jarreraz epel, Constance Chatterleyk tokiko basozain Parkinengan aurkituko du babesa. D. H. Lawrencen eleberrian oinarrituz, Lady Chatterley filmak Constancen eta Parkinen elkartzearen istorioa kontatzen du, sentsualitatearen piztea neskarentzat, eta bizitzako atseginetarako itzulera gizonarentzat. Bost Zesar sari, film onenarena barne, eta Louis Delluc sariaren irabazle, Berlingo Panorama sailean, Karlovy Vary eta Istanbuleko zinemaldietarako hautatu zuten.


MEDUZOT

Israel-Frantzia
Directores: Etgar Keret, Shira Geffen.
Antzezleak: Sarah Adler, Nikol Leidman, Gera Sandler, Noa Knoller, Ma-Nenita de Latorre, Zharira Charifai.


Bere eztei-otorduan, Kerenek hanka bat hautsi du, eta nahigabe handiz Kariberako eztei-bidaia bertan behera utzi beharko du. Neska bitxi bat itsasotik atera da eta Batyaren atzetik doa haren itzala bailitzan. Emakumearen bizitza guztiz aldatuko da neska bere babespean hartu orduko. Joy andre zahar gogor batentzat lan egiten duen filipinar neskamea da eta oharkabean harekin harremanik ez zuen alabarekin adiskidetzen lagunduko dio andreari. Gizatasun-txatalez osaturiko filma, mezuak botilan bezala, absurduaren mugetan. Mundu kaotiko baten erretratua, non norbera maitasuna eta gogoan izateko edo ahazteko zerbaiten bila, ahal duen guztia biltzen saiatzen den. Halakoxea da bizitza Tel-Aviven…Cannesko Zinemaldian Urrezko Kameraz saritua, Israelgo Zine Akademiaren sarietarako hamabost izendapen ditu.


PLOY

Thailandia
Zuzendaria: Pen-ek Ratanaruang.
Antzezleak: Lalita Panyopas, Pornwut Sarasin, Ananda Everingham, Apinya Sakuljaroensuk, Phornthip Papanai


Ploy eduki erotiko handiko drama psikologikoa da, hiru ezezagun hoteleko gela batean giltzapetzen direnekoa. Ezkondutako bikoteari ondorio ikaragarriak ekarriko dizkion emakume gazte baten agerpenarekin hasten da dena, jelosia bihurtzen den susmo zoli batekin. Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian aukeratua.


LE SCAPHANDRE ET LE PAPILLON
(ESKAFANDRA ETA TXIMELETA)

Frantzia
Zuzendaria: Julian Schnabel.
Antzezleak: Mathieu Amalric, Emmanuelle Seigner, Marie-Josée Croze, Max von Sydow, Olatz López Garmendia.


1995ko abenduan, enbolia larri batek Jean-Dominique BAUBY kazetari eta bi seme-alaben aita koma sakon batean utzi zuen. Esnatu zenean bere funtzio eragile guztiak kaltetuta zituen. Laguntzarik gabe ezin zuen mugitu, ez hitz egin, ezta arnasa hartu ere. Gorputz bizigabe horretako betile bat bakarrik mugitzen zen. Betile hau bihurtu zen munduarekin, besteekin, bizitzarekin zuen lotura bakarra. Betilea behin mugitu baietz esateko, bitan ezetz esateko. Betilearekin aukeratzen ditu bisitariak diktatzen dizkion alfabetoko hizkiak eta honela sortzen ditu hitzak, esaldiak, orrialde osoak… Zuzendari onenaren saria eta Prix Vúlcain de l'Artiste-Technicien (Janusz Kaminski) delakoaren irabazle Cannesko Zinemaldian.



 EMANALDI BEREZIAK

HELP!
(LAGUNDU!) (bertsio berritua)

Britainia Handia
Zuzendaria: Richard Lester.
Antzezleak: John Lennon, Paul McCartney, George Harrison, Ringo Starr.


The Beatles taldearekin Richard Lesterrek egindako bi pelikuletatik bigarrena, 60ko hamarkadako zinerik askeenaren, eroenaren eta poperoenaren ikur izandako komedia bat, digitalean berriztatutako bertsio batean itzuli zaigu aldi batez zirkulaziotik erretiratuta egon eta gero, jatorrizko kolore eta soinu-bandaren distira osoarekin.


FADOS

Espainia-Portugal
Zuzendaria: Carlos Saura.
Antzeleak: Mariza, Camané, Carlos Do Carmo, Lila Downs, Caetano Veloso, Miguel Poveda, Chico Buarque, Lura, Toni Garrido.

 


Flamenco (1995) eta Tango (1998) -atzerriko film onenaren Oscar sarirako proposatua- pelikulen ondoren, Carlos Saurak Fados lanarekin 2005ean osatu zuen hiriko kanta modernoari eskainitako trilogia.
Bi urte baino gehiago Fadoaren inguruan ikertzen aritu ondoren, Carlos Saurak aurrerapauso garrantzitsua eman zuen musikalarekiko hurbiltzeko nahi horretan. Bere aurreko musikaletan, Iberia, Flamenco, Tango..., Carlos Saura dantzan oinarritu bazen, Fados lanean argumentuaz eta irudiaz baliatu da hiri-aldiri eta portuetako musikaren sorrera islatzeko, izatez berau baita XIX. mende hasieran sortutako musika guztien sintesia.


BERLIN

Estatu Batuak
Zuzendaria: Julian Schnabel.


Lou Reedek 2006ko amaieran New Yorken Berlin bere album mitikoa zuzenean jo zuen, estreinakoz oso-osorik, hogeita hamar musikari eta ahotsen laguntzaz, diskoan parte harturiko jatorrizko gitarra-jole Steve Hunter tartean zelarik, eta baita Antony bezalako gonbidatuak ere. Kontzertuen eszenaratzeaz arduratzeaz gain, Julian Schnabelek gertakaria filmatu zuen, jarraipena uda honetako europar biran izan duena.



Babesle ofizialak
Kolaboratzaile ofizialak
Instituzio Kideak

© Donostiako Nazioarteko Zinemaldia - Mister-i Mobile Solutions eta Yo Miento Producciones ek landutakoa