Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko diren filmen aurrerapena
David Cronenberg, John Sayles, Wayne Wang, Nick Broomfield eta Manuel Poirier, lehiaketan parte hartuko duten zuzendarien artean
Sail Ofiziala lehiaketatik kanpoko hiru filmerekin osatzen da, The Inner Life of Martin Frost, Earth (Lurra-Geure planetaren pelikula) eta Flawless
| 2007/08/24 |
|
 |
Hamasei film lehiatuko dira irailaren 20tik 29ra egingo den 55. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean.
David Cronenberg, Wayne Wang, Hans Weingartner edo Manuel Poirier dira, besteak beste, euren film berriekin Urrezko Maskorra, eta baita Zinemaldiko palmares ofizialeko beste sariak ere, lehendabizikoz eskuratzeko aukera izango duten ibilbide ezaguneko zuzendarietako batzuk. Gracia Querejetak, Iciar Bollainek, John Saylesek, Nick Broomfieldek edo Simon Stahok, berriz, parte-hartzea errepikatzen dute Zinemaldiko lehiaketan.
Sail Ofiziala lehiaketatik kanpoko hiru filmerekin osatuko da: epaimahai-buru izango den Paul Austerren The Inner Life of Martin Frost; Alastair Fothergill eta Mark Linfielden Earth (Lurra-Geure planetaren pelikula) dokumentala; eta Zinemaldiari amaiera emango dion Michael Radforden Flawless filma.
Lehiaketa ofizialean parte hartzeaz gain, sei filmek Altadis-Zuzendari Berriak saria eskuratzeko aukera izango dute: Buda Az Sharm Foru Rikht /Buddha Collapsed Out of Shame (Buda lotsaren lotsaz suntsituta), Emotional Arithmetic, Encarnación,Goong - Nyeo (Palace Mysteries), Padre nuestro eta Matar a todos.
sail ofiziala
|
INAUGURAZIOA (lehiaketan)
EASTERN PROMISES (EKIALDEKO PROMESAK)
Britainia Handia-Kanada
Zuzendaria: David Cronenberg.
Antzezleak: Viggo Mortensen, Naomi Watts, Vincent Cassel. |
Nikolai misteriotsuaren istorioa, Londresko krimen antolatuaren familia boteretsuenetako bati lotutako gizonarena. Honen bizitza kolokan jarriko da Anna ezagutzean, mafiako familia honen kontrako frogak ustekabean aurkitu dituen emakumea berau. Cronenbergek berriro izango du Viggo Mortensen protagonista A History of Violence (Biolentziazko historia bat) filman elkarlanean aritu ondoren. |
|
BATTLE FOR HADITHA
Britainia Handia
Zuzendaria: Nick Broomfield.
Antzezleak: Falah Abraheem Flayeh, Yasmine Hanani The Kingdom, Duraid A. Ghaieb, Elliot Ruiz. |
2005eko azaroaren 19a, Haditha, Irak. Matxinatu irakiarrek amerikar marineen konboi bat bonbardatu dute, tropako ofizial estimatuena akabatuz. Galera honengatik asaldatuta, marine gazteek mendeku basati bat gauzatuko dute. Etxeen miaketa bortitza 24 pertsonen sarraskiarekin bukatuko da, horietako asko emakume eta haurrak, kontrolaezina den gerra bateko hildako tragikoak. Marineak ere biktimak dira, erasotuak, zaurituak eta bere heziketaren araberako erantzuna ematera behartuak. Baina gauzak abiada bizian eta izugarrizko presiopean gertatzen direnean, balen bidean dauden marineak hilketaz salatu al daitezke? Kurt & Courtney (1998) eta Ghosts (2006) lanen zuzendariarena.
|
|
BUDA AZ SHARM FORU RIKHT / BUDDHA COLLAPSED OUT OF SHAME (BUDA LOTSAREN LOTSAZ SUNTSITUTA)
Iran-Frantzia
Zuzendaria: Hana Makhmalbaf.
Antzezleak: Nikbakht Noruz, Abdolali Hoseinali, Abbas Alijome. |
Altadis-Zuzendari Berriak Sarirako lehian
Talibanek suntsitutako Budaren estatuaren azpian, oraindik milaka familia bizi dira. Baktay, sei urteko neska afganiarra, eskolara joan dadin adoretu du bere kobazulo aurrean alfabetoak irakurtzen dituen bere bizilagunen semeak. Eskolara bidean doala, anker antzean jolasten ari diren mutil batzuk erasotuko dute, inguruan duten gizarte bortitzaren isla. Mutikoek Baktay harrikatu nahi dute, Budaren modura suntsitu edo amerikarrek kobazuloen labirintoan egin zuten bezalaxe tirokatu. Oztopo hauek gainditu eta bere ama hizkuntza ikasteko gauza izango al da Baktay?
|
|
CEOT OI KAP GEI (EXODUS)
Hong Kong
Zuzendaria: Pang Ho-Cheung.
Antzezleak: Simon Yam, Annie Liu, Nick Cheung, Irene Wan |
TSIM, Hong Kongeko polizia batek emakumezkoen bainugelan bideo-kamera bat erabiltzeagatik atxilotu duten KWAN izeneko gizonari ohizko aitorpena hartzen dionean, honek gizonak suntsitzeko emakume-elkarte baten mundu mailako konspirazioaren frogak biltzen ziharduela dio. Tsimek ezin du jakin Kwanek zigorrari ihes egin nahi dion edo konspirazioaren teoria zentzugabe hori benetan sinesten duen. Baina Kwan bere aitorpenaren frogekin desagertzen denean, Tsim erakunde hori egiazkoa dela jabetuko da, eta ez hori bakarrik, gizarteko maila guztietan infiltratuta dagoela, baita polizian ere. Berak jakin gabe, CHEUNG bere emaztea ere taldeko kide izana da, baina Tsim maite zuelako utzi zuen. Arrastoak aurkitzeko irrikitan eta norekin fidatu ez dakiela, Tsimek PUN, Kwanen emazte ohia, zaintzapean jarriko du, eta elkarrekin harreman sutsu batean endredatuko dira, erakundeak honen berri izango du, ordea. Cheungek zer egingo du orain, taldeak haiekin berriro bat egin dezan eskatzen dionean…?
|
|
DAISY DIAMOND
Danimarka
Zuzendaria: Simon Staho.
Antzezleak: Noomi Rapace, Sofie Gråbøl, Trine Dyrholm, Charlotte Munck, Stine Stengade. |
Amets bakarra duen Annari buruzko amodiozko istorio bat: aktore izan nahi du. Bere familia dirudunari deus esan gabe, Kopenhagera doa bere asmo sekretua gauzatzen saiatzera. Haatik, halabeharrak ustekabe galanta emango dio. Anna haurdun dago eta neska bat erdituko du. Bere alabari behar duen guztia emateko gogor borrokatu arren, aldi berean aktore bihurtzeko bere ametsa eta alabari maitasunez eta segurtasunez beteriko ingurunea ematea lortzen ez duenez, bai Annarentzat bai bere alabarentzat zoritxarreko ondorioak ekarriko dituen ekintza bat burutuko du etsi-estian. Dag och natt (2004) eta Bang Bang Orangutan (2005) pelikulen zuzendari berarena.
|
|
EARTH (LURRA-GEURE PLANETAREN PELIKULA)
Britainia Handia-Alemania
Zuzendariak: Alastair Fothergill, Mark Linfield.
Dokumentala. |
Deep Blue pelikularen egileek Lurraren inguruko ibilaldi liluragarriari ekin diote, iparretik hegora eta lau urtaroetan barrena, planetako paraje desberdinen arteko kontrastea eta hauen eraldatze naturalak irudikatzeko. Zenbait animali espezieren biziraupen-baldintzek, eta beraien portaerek, elementu arras komikoak tartean direla, teknika sofistikatuenekin egindako dokumental hau osatzen dute, izan ere, BBCren Planet Earth telesailarekin aldi berean filmatua baita. Lehiaketatik kanpo.
|
|
EMOTIONAL ARITHMETIC
Kanada
Zuzendaria: Paolo Barzman.
Antzezleak: Susan Sarandon, Christopher Plummer, Gabriel Byrne, Roy Dupuis, Max von Sydow. |
Altadis-Zuzendari Berriak Sarirako lehian
1945ean, Drancyn atxikitako Jakob Bronski disidente gazteak bi ume hartu ditu bere babespean, Melanie eta Christopher. 40 urteren buruan, ustez Drancytik Auschwitzera eraman eta bertan akabatu zuten Jakob, orain gizon edadetua dena, bizirik dagoela jakingo du Melaniek. Berehala berarekin eta bere familiarekin Kanadako beraien etxaldean bizitzera gonbidatuko du agurea. Melanieren ezusterako Jakob Chistopherrekin azalduko da, eta biek elkarrekin benetan batzen dituen loturari aurre egin beharko diote. Iragana orainaldian lehertuko da amodiozko istorio samur eta ustekabeko moduan, Melanieren eta inguruan dituenen bizitza aldatuz.
|
|
ENCARNACIÓN
Argentina
Zuzendaria: Anahí Berneri.
Antzezleak: Silvia Pérez, Martina Juncadella, Luciano Cáceres, Osmar Núñez, Fabián Arenillas, Carlos Portaluppi |
Altadis-Zuzendari Berriak Sarirako lehian
“Aktorea naiz”, halaxe ikusten du Erni Levierrek bere burua. Jakin badaki bere urterik onenak atzean geratu direla. Buenos Airesko apartamentu batean, bera vedette gisa protagonista izandako B serieko pelikulen horma-irudiz betetakoan, bizimodu harrigarriro arrunta du, adin ertaineko gizon batekin harreman zoriontsu eta erosoa dauka, begi publikoan irauteko web orri bat sortzen duen bitartean… baina bere iloba Anaren hamabostgarren urtebetetzerako gonbidapena jasotzen duenean, Ernik bere jaioterrira itzultzea erabakiko du. Anarentzat, gauza berriak ezagutzeko sasoia da. Ernirentzat, bere sustraietara itzultzea zaila gertatuko da. A Year Without Love (Urtebete maitasunik gabe, 2005) lanaren zuzendariaren bigarren luzea, Mar de Platako Zinemaldian Fipresci saria eta Berlinaleko Panorama sailean Teddy Award delakoa eskuratutakoa.
|
|
FREE RAINER - DEIN FERNSEHER LÜGT
Alemania-Austria
Zuzendaria: Hans Weingartner.
Antzezleak: Moritz Bleibtreu, Elsa Schultz Gambard, Milan Peschel, Gregor Bloéb, Simone Hanselmann |
Den-dena duen telebista-ekoizle arrakastatsua da Reiner. Goia jo du telebista-saioak sortuz, zein baino zein ergelagoa eta txatxuagoa. Egun batez, Pegah gazte misteriotsuak bere autoa nahita jotzen du harenaren kontra bete-betean. Hilzorian egon eta gero, Rainerrek bere bizitzari buruz hausnartu eta ikusleak pentsaraztea behartuko dituen prime-timerako albistegi bat ekoiztea erabakiko du. Saio honen audientzia eskaxagatik lur jota, Rainerrek bere lana utziko du adimena iraintzen duten programa horiek gehien ikusitakoen artean mantentzen dituzten audientzien sistemak ikertzeko, horretarako Pegah ederrarekin eta langabe zein gizartera moldatu gabekoen talde batekin elkartuz. Edukators (2004) (Cannesko Sail Ofiziala 2004) zuzendu zuenaren hirugarren film luzea.
|
|
GOONG - NYEO (PALACE MYSTERIES)
Korea
Zuzendaria: Kim Mi-jung.
Antzezleak: Park Jin-hee, Yoon Se-ah, Seo Yeong-hee. |
Altadis-Zuzendari Berriak Sarirako lehian
Dontzeila batek bere burua urkatu du jauregiko barrutian. Autopsia egiten dionean, Chun-ryung emakumezko mediku inperialak neska hil egin dutela susmatu eta kasua ikertzen hasiko da. Justiziaren zentzu handiz eta jakituriaz beterik, Chun-ryungek ausardiaz ezagutaraziko ditu engainuak, baina laster iraganeko ezkutuko kontu bati aurre egin beharko dio, berak uste baino askoz botere gehiago duten horiek isilean gorde dutena. Once Upon a time in the Battlefield (Hwangsanbeol) filmeko zuzendari-laguntzailearen opera prima.
|
|
THE INNER LIFE OF MARTIN FROST (MARTIN FROSTEN BARNE BIZITZA)
Frantzia-Espainia-Portugal
Zuzendaria: Paul Auster.
Antzezleak: David Thewlis, Irène Jacob, Michael Imperioli, Sophie Auster. |
Martin Frost idazle arrakastatsuak liburu bat argitaratu berri du bolada batez landetxe batean erretiratzea erabaki duenean. Lehenbiziko goizean Frostek esnatzean emakume misteriotsu eta liluragarri bat bere aldamenean etzanda ikusten du harriturik. Haren edertasunaz eta adimenaz txundituta, Martin emakumearekin erabat itsutuko da eta bere eleberririk onena idazten lagunduko diola pentsatuko du. Nor da bere bizitza eta obra hain ongi ezagutzen dituen emakume hori? Benetako musa izango al da? Bere irudipen hutsa ote? Martin Frosten barne bizitzan sartu den mamua ote da bera? Lehiaketatik kanpo.
|
|
HONEYDRIPPER
Estatu Batuak
Zuzendaria: John Sayles.
Antzezleak: Danny Glover, Lisa Gay Hamilton, Yaya da Costa. |
1950eko Alabama landatarrean, taberna txiki bateko piano-jole eta jabeak bere lokala hondamenetik salbatzea espero du garaiko blues gitarrista ospetsuena kontratatuz, Guitar Sam. Saioaren eguna iristean, musikaria ez da agertu behar lukeen trenean. Tyronek bere zoria aldatzeko aukera bikain hori galdu nahi ez badu konponbide bat aurkitu beharko du. Lone Star (1996), Men With Guns (Gizon armatuak, 1997) edo Silver City (2004) lanen zuzendariari omenaldia egingo diote aurten Thessalonikiko Nazioarteko Zinemaldian.
|
|
LA MAISON
Frantzia
Zuzendaria: Manuel Poirier.
Antzezleak: Sergi López, Bruno Salomone, Bérénice Béjo, Barbara Schulz. |
Malo, hiru umeen aita, dibortziatzeko zorian da. Lagun batzuekin bidaian dihoala, salgai dagoen basetxe xarmant bat halabeharrez aurkitu eta hau bisitatzea erabaki du. Etxe barruan, neska batek bere aitari aspaldi idatzitako eskutitz bat aurkituko du. Hunkituta eta zer egin ez dakiela, Malok etxearen jabeak aurkitu nahiko ditu: beren haurtzaroko etxea familiarenzat gordetzeko gai ez diren hogeita hamar urte inguruko bi ahizpa. Malo Chloérekin maitemintzen da, etxeari lotuagoa dagoen ahizparekin. Berehala etxea enkantean jarriko dutela jabetu eta etxe erostea erabakiko du neskaren ametsa betetzeko … Western (1997), Maite zaitut (2001) eta Zoriontasunaren biribiltasuna (2002) filmen zuzendariarena.
|
|
MATAHARIS.
Espainia
Zuzendaria: Iciar Bollain.
Antzezleak: Najwa Nimri, Tristán Ulloa, María Vázquez, Diego Martín, Nuria González, Antonio de la Torre. |
Inés, Eva eta Carmen detektibe pribatuak dira eta maiz gainditzen dituzte besteren intimitatearen mugak. Haatik, inork ez ditu trebatu euren sekretu propioei aurre egiteko. Lanean dihardutenean, publikoa pribatutik babesten duen lerro mehea urratu beharko dute zaintzaren hiru profesionalok eta, batez ere, euren buruak agerian utzi beharko dituzte bakoitzaren kasu profesionalak baino zerbait gehiago konpondu ahal izateko. Honakoa dugu Hola, ¿estás sola? (1995), Flores de otro mundo (1999) eta Te doy mis ojos (2003) lanen zuzendariaren laugarren film luzea.
|
|
MATAR A TODOS
Uruguai-Txile-Argentina
Zuzendaria: Esteban Schroeder.
Antzezleak: Roxana Blanco, Darío Grandinetti, Walter Reyno, María Izquierdo, César Troncoso, Patricio Contreras, Jorge Bolani, Claudio Arredondo |
Altadis-Zuzendari Berriak Sarirako lehian
Nazioarteko justiziaren lekuko izan litekeen txiletar kimikari baten bahiketa ikertzen ari da Julia Gudari. Arrasto guztien arabera, Berríos militar uruguaitarren babespean legoke. Julia, bere aita Gudari jenerala tartean sartuta ez ote dabilen beldur da, baina horren ebidentziak urri dira. Presio eta mehatxuen erdian, Juliak ulertuko du egia jakin nahi badu, bere iragana berraztertu beharko duela, bere zauriak sendatu eta beldurrak gainditzeko. El viñedo-ren zuzendariaren bigarren film luzea.
|
|
PADRE NUESTRO
Estatu Batuak
Zuzendaria: Christopher Zalla.
Antzezleak: Jesus Ochoa, Armando Hernández, Paola Mendoza, Jorge Adrian Espindola.
|
Altadis-Zuzendari Berriak Sarirako lehian
Zine beltz modernoa, hasieran Juan bere sorterri Mexikotik ospa egiten ikusiko dugu. Juanek ihesaldi azkarra obratuko du legez kanpoko emigratzaileak New Yorkera daramatzan kamioi batean sartuz. Bere adin bereko bidaide duen Pedrok, Diego bere aitarekin biltzea espero du bertan. Hura ezagutzen ez duenez, Pedrok bere amaren aurkezpen-gutun bat darama. New Yorkera heldutakoan, Juan desagertu egin da, eta harekin Pedroren gauzak eta bere gutuna. Aurtengo Sundanceko Zinemaldiko Epaimahaiaren Sari Nagusia.
|
|
SIETE MESAS DE BILLAR FRANCÉS
Espainia
Zuzendaria: Gracia Querejeta.
Antzezleak: Maribel Verdú, Blanca Portillo, Jesús Castejón, Víctor Valdivia, Lorena Vindell, Raul Arévalo. |
Ángela eta bere seme Guille hiri handira doaz neskaren aita eta mutikoaren aitona den Leo bat-batean gaixotu delako. Iritsi orduko, uda-egun bateko egunsenti beroa baino lehenxeago, Leo hil berri da. Charok, hildakoaren maitaleak, aitaren negozioa hondamen hutsa dela jakinaraziko dio Ángelari: zazpi billar-mahai ilaran dituen lokala, alegia. Charoren ustez lokala saltzea litzateke zorrak kitatzeko irtenbide bakarra. Handik gutxira, Ángelaren senarra egoera nahasi samarrean desagertu dela jakingo dute. Gertaera mingarri horretatik abiatuta, Ángela aurrera ateratzen eta bere bizitza berregiten tematuko da. Eta lehen erabakia bere aurrezkiekin zazpi mahaidun lokal zaharra berriz ere martxan jartzea izango da. Una estación de paso (1992), El último viaje de Robert Rylands (1996), Cuando vuelvas a mi lado (1999) eta Héctor (2004) pelikulen zuzendariaren bosgarren film luzea.
|
|
A THOUSANDS YEARS OF GOOD PRAYERS
Estatu Batuak
Zuzendaria: Wayne Wang.
Antzezleak: Faye Yu, Henry O, Passa Lychnikoff, Vida Ghahremani.
|
Shi jn. Pekingo alargun erretiratu bat da. Estatu Batuetan bizi den Yilan bere alaba bakarra dibortziatu dela jakin orduko, neskak liburuzain moduan lan egiten duen hiri txikira bisitan doakio. Bere asmoa alabarekin egotea da, eta hura adoretzea. Aitak bere burua “ingeniari aeroespazialtzat” aurkeztu du Amerikan ezagutzen duen jendearen eta arreta ematen dion ororen aurrean. Baina Yilanek ez ditu oso gogoko aitaren erakustaldiak, eta ez dator bat honekin bere ezkontza salbatzeko eta bere bizitza berregiteko asmoarekin. Shi jn. dibortzioaren zergatia jakiten tematzen denean, Yilan aitari ihes egiten hasiko zaio. Smoke (1993), Kutxa txinatarra (1995) eta Zabaltegi-Bereziak atalean sartutako The Princess of Nebraska (2007) pelikulen zuzendariarena.
|
|
AMAIERAKOA (lehiaketatik kanpo)
FLAWLESS (PLAN AKATSGABEA)
Britania Handia - Luxemburgo
Zuzendaria: Michael Radford.
Antzezleak: Michael Caine, Demi Moore, Joss Ackland, Lambert Wilson. |
Laura Quinnek (Demi Moore) London Diamond Corporation-en dihardu, munduko diamante enpresa garrantzitsuenean. Laura bere lanarekin batere pozik ez dagoen exekubibo saiatua da, enpresan nagusi den matxismoak bere karreraren bilakaera oztopatzen baitu. Hartara, Hobbs jaunarekin (Michael Caine) elkartuko da, aztarnarik utziko ez duen lapurreta gauzatzeko plan akatsgabea duela dioen langile beteranoarekin. Lehiaketatik kanpo.
|
|