WEB GUNE OFIZIALA EUSKERA

Hemen zaude: Lehen orrialdea › Berriak

   Berriak

Haurrek euskarazko hiru filmez gozatuko dute Donostiako Zinemaldian

20.000tik gora haur Belodromoko pantaila erraldoian emango den ‘Ice Age’ filmaren goizeko emanaldietara bertaratuko dira

‘Piccolo & Saxo’ eta ‘Irabazleak eta galtzaileak’, Eraman itzazu gurasoak zinera ekimeneko emanaldietan ikusgai

2007/09/12
Descargar nota en wordFotos en alta resoluciónImprimir página

Haurrak ere Donostia Zinemaldiko protagonista izango dira, neurri handiko zinemarako lehen hurbiltzeari bide ematen dioten bi ekimenen eskutik. Pelikulak ikusteko moduak dibertsifikatu eta gero eta gehiago formatu txiki eramangarrietara egokitzen diren honetan, zinea pantaila handian ikustearen magia esperientzia berdingabea da, baita belaunaldi berrientzat ere, horiexek baitira etorkizuneko ikusleak eta oraintxe bertatik izan baitezakete Zinemaldiarekin lehenbiziko harremana.

Zinerik Handiena Txikientzat ekimenean, 20.000tik gora haurrek Belodromoan egiten diren goizeko emanaldiez gozatuko dute, horretarako egokitutako pantaila erraldoian Ice Age pelikularen proiekzioarekin. Gipuzkoako ikastola eta ikastetxeetako ikasleek duela urte mordoa Donostiako Zinemaldian arrakasta handiz ospatzen den esperientzia paregabe batean esku hartzen dute horrela, 3.000 ikusleentzako lekua duen areto batean neurri aparteko pantailan film batez gozatuz.

Horrez gain, haurrek plana behingoz irauli ahalko dute: Eraman itzazu gurasoak zinera ekimenak familia osoa elkarrekin zinera joatea ahalbidetzen du, euro baten truke, europar ekoizpeneko estreinaldiko filmak ezagutuz. Piccolo, Saxo et compagnie (Piccolo & Saxo) eta Vinnare och förlorare (Irabazleak eta galtzaileak) dira ekimen honen eskutik, irailaren 29an, Antzoki Zaharrean ikus ahal izango dituzten bi pelikulak.

Hiru film hauek euskarara bikoiztutako bertsioan proiektatuko dira, eta aurrerantzean film hauek Gipuzkoako hainbat herritan banatu ahal izango dira.

Halaber, Belodromoan euskarara bikoiztutako bertsioan estreinatuko da Sarah Robertson eta Adam Ravetchen ARCTIC TALE (Artikoko erregeak) lana, hartz zurien familia bati eta mortsaz osatutako beste bati jarraituz, klima aldaketaren ondorioak kontatzen dituen familiari zuzendutako dokumentala.

 

 ERAMAN ITZAZU GURASOAK ZINERA

PICCOLO, SAXO ET COMPAGNIE (PICCOLO & SAXO)

Frantzia
Zuzendariak: Marco Villamizar, Eric Gutierez


Gauzak ez daude ondo Musika planetan. Musika-tresnen familia guztiak haserre daude eta etengabe ari dira sesioan. Guztia Sol, La eta Do giltzen desagertzearekin hasi zen, eta argi dago familietako bakoitzak besteari leporatzen diola errua. Kakofonia erabatekoa da: instrumentu bakoitzak bere artean jotzen du eta inork ez du Orkestra Handiari buruz deus jakin nahi. Alabaina, zurezko instrumentu bat, Piccolo, Saxo metalezko musika-tresnaren lagun onena bihurtzen denean, Do notak ezin du horrelakorik sinetsi. Bi horiek adiskide egin badira eta elkarrekin giltza galduen bila abiatzea erabaki badute, ziur musika handia aurkituko dutela kale-kantoiaren bueltan. Hartara, hirurak elkarrekin tranpaz eta arriskuz beteriko abenturan murgilduko dira. Harmonia lortzea ez da lan erraza, ez alajaina!


VINNARE OCH FÖRLORARE
(IRABAZLEAK ETA GALTZAILEAK)

Suedia
Director: Kjell Sundvall
Intérpretes: Frida Hallgren, Märtha Ferm, Daniel Gustavsson, Mona Malm


Hamaika mila modu daude bizitzan irabazteko. Fredrik hamar urte dituen Magda neskatilaren aita da. Fredrik tipo dibertigarria eta jockey saiatua da, eta, itxura denez, bere ametsetako zaldia aurkitu du azkenean. Dena den, koxka ere badu zaldi horrek, ez baitu irabazteko gogorik nonbait. Fredrikek gero eta denbora gehiago eskainiko dio zaldiari, eta gero eta gutxiago alabari, eskolako 60 metroko lasterketarako gogoz prestatzen ari bada ere. Aita gutxitan ikusten duenez, Magda amonarekin joaten da sarri bingo areto batera. Bertan, Helena ezagutuko du, bingoko langilea eta bizitzan irabaztea ere bilatzen duena. Baliteke Helena ez izatea Fredriken ametsetako emakumea, baina bizitza, maitasuna eta aitatasuna zer den erakutsiko dio, eta zer behar den bizitzan benetan irabazteko.

 ZINERIK HANDIENA TXIKIENTZAT

ICE AGE
(IZOTZ AROA)

Estatu Batuak
Zuzendariak: Chris Wedge, Carlos Saldanha.


Duela hogei mila urte Kristo aurretik, Lurra historiaurreko arriskuz beteriko mundu zoragarria zen. Izoztuta ez hiltzearren, bertan bizi diren izaki guztiak hegoalderantz emigratzen ari dira. Salbuespen bakarrak Manny izeneko mamut iletsua eta Sid deituriko hartz nagi alferrontzia dira, elurretan gizakien haurtxo bat topatu dutenak, eta Sidek berau gurasoei itzuli nahiko dielarik. Taldeari Diego batu zaio, haurrarengan mokadu gozoa dakusan sable-hortzdun tigre bat eta ezkurrek zoratzen duten Scrat arratoi-katagorria. Animazio zineari aro berri bat zabaldu zion pelikula.  



Babesle ofizialak
Kolaboratzaile ofizialak
Instituzio Kideak

© Donostiako Nazioarteko Zinemaldia - Mister-i Mobile Solutions eta Yo Miento Producciones ek landutakoa