200.000 ikusle inguruk parte hartu dute Donostiako Zinemaldiaren 55 edizioan
Sarreren salmenta %8 igo da
Zinema aretoen betetze-indizeak %76a erdietsi du
| 2007/10/05 |
|
 |
200.000 ikusle inguru izan dira irailaren 29an amaitu den Donostiako Zinemaldiaren 55 edizioko emanaldi eta ekitaldietan. Sarreren salmenta %8 igo da, 100.576 sarrera saldu direlarik, 2006ko 93.253 sarreren aldean. Kopuru honi Zinemaldian akreditatu gisa izandako 60.300 ikusle gehitu behar zaizkio, Belodromoko goizeko saioetara bertaratutako 18.000 ume, eta jarduera ezberdinetan, Zinema Eraikitzen, Zinema Mugimenduan, Sales Office edo Paco Rabalen erakusketan, Tabakalerako zine-tailerrean edo Gary Clark jr.-ek Altxerrin eskainitako kontzertuan izandako parte-hartzaileak.
Zinema aretoen betetze-indize hazkorra azpimarratu beharra dago, aurtengo edizioan %76a erdietsi duena, 8 zinetokietako 20 aretoetan, Gipuzkoako zenbait herritan haurrentzako emanaldientzat bost areto gehiago gehituz. Aurten 34 herrialdeetako 224 film eskaini dira, guztira 665 emanaldi.

Jarduera profesionalak
Halaber Zinemaldiko sail ezberdinetako filmen lurraldekako salerosketak gorakada nabarmena izan du, zeina datozen hilabeteetan zertaratuko den. Sail Ofizialeko filmen %75ak dagoeneko bideratuta du Espainia mailako banaketa.
1.230 profesionalek esku hartu dute Sales Officen, bideoteka 168 pelikulen 1.391 ikustatze egiteko baliatu dutenak. Zinema Mugimenduan 3 ekimenean, berriz, 17 herrialdeetako 82 profesional eta 68 enpresek parte hartu dute.
Zinema Eraikitzen ekimenak ere bere partaidetza areagotu du eta 17 herrialdeetako 129 pelikula jaso dira, horietatik sei izenburu aukeratu direlarik: Acné, La extranjera, A festa da menina morta, Gasolina, Una semana solos eta Sol na neblina. Zinema Eraikitzeneko jardunaldietan 21 herrialdeetako 127 enpresatako 198 parte-hartzaile izan dira.
Gazteriaren Epaimahaia eta Zinema Eskolak
Gazteriaren Epaimahaian 17 eta 21 urteko bitarteko 230 ikaslek parte hartu dute, Zabaltegi eta Sail Ofizialeko 26 pelikulen gaineko epaia erabaki dutenak.
Publikoaren Sarian izandako partaidetza handia eta banatutako puntuak asko izan direla azpimarratu beharra dago, izan ere, Zabaltegi-Bitxiak saileko 13 filmetatik 8k gehieneko 10 puntuetatik 7tik gora puntu lortu baitzituzten.
Zinema Eskolen VI. Topaketak ere bertaratutakoen kopurua areagotu du, Alfonso Cuarón zuzendaria epaimahaiburu zutela eta Affonso Beato argazki-zuzendariak Tabacaleran gidatutako zinema-tailerra tarteko.
Zine-izarrak eta sarituak
55. edizioa joan den irailaren 29an amaitu zen Miramar jauregian ospatutako festarekin, bertara hainbat gonbidatu hurreratuz, baita Zinemaldian akreditaturiko prentsako eta industriako kideak ere. Gonbidatuen artean nabarmen ziren arestian Kursaaleko eta Belodromoko ikusleen txaloak jasotako saridunak, eta bereziki Urrezko Maskorraren irabazle Wayne Wang, epaimahaiaren sari berezia eskuratutako Hana Makhmalbaf, eta gidoi onenaren saria jasotako Gracia Querejeta. Hauekin batera Paul Auster buru zuten epaimahaiko kideak, bai ikusleak bai kritika ere gustura utzi zituen epaiaren ardura izan zuten horiek.
Hilaren 20an eman zitzaioan hasiera 55. edizioari, David Cronenberg eta Viggo Mortensen bertan zirela; hauexek izan ziren aurten Donostiako Zinemaldira bertaratutako zine-izar ospetsuen zerrenda luzeko lehenbiziko gonbidatuak: Richard Gere, Liv Ullmann, Paul Auster, Eduardo Noriega, Bahman Gobadhi, Samuel L. Jackson, Wayne Wang, John Sayles, Alyssa Milano, Carlos Saura, Sergi Lopez, Lou Reed, Julian Schnabel, Mathieu Amalric, Gracia Querejeta, Maribel Verdú, Blanca Portillo, Elías Querejeta, Richard Lester, Barbara Hershey, Aitana Sánchez-Gijón, Iciar Bollain, Najwa Nimri, Javier Cámara, Irène Jacob, Roberto Benigni, Diego Luna, Ingrid Rubio, Alfonso Cuarón, Chiwetel Ejiofor eta Demi Moore, besteak beste.

Prentsa eta akreditatuak
Donostiako Zinemaldiak 3.000 akreditatu izan ditu, horietatik 1.900 inguru gonbidatuak eta industriako akreditatuak, eta 42 herrialdeetatik etorritako 1.123 kazetari akreditatu bildu ditu. Zinemaldia eta hiria bera mundu osoko 562 komunikabiderentzat, 50 telebista-kate barne, etengabeko arreta-gune izan dira.
Web ofiziala - www.sansebastianfestival.com
Zinemaldiari egin zaion jarraipena sekulakoa izan da, baita bere web ofizialaren bitartez ere. Soilik irailean 4 milioi orrialdetik gora bisitatu izan dira. Gainera, zinemaldia bitartean, batez beste 1.000 erabiltzailek jarraitu zituzten egunero zuzeneko emankizunak (prentsaurrekoak, galak) eta emankizun horiekin, eguneroko laburpenekin, argazki-saioekin, Zabaltegiko topaketekin eta abarrekin osaturiko aurrez grabaturiko bideoek sortutako trafikoak, 7,78 TB-eko transferentziaz, iazkoa bikoiztu du, aurreikuspen guztiak erruz gaindituz. Horrez gain, 94.439 bideo behera kargatu dira oso-osorik.
Kursaal eta Victoria Eugenia, egoitza bikoitza
Estreinako aldiz, Kursaala eta Victoria Eugenia antzokia batera izan dira Zinemaldiko egoitza, eta donostiar antzoki mitikoaren itzulera edizio honetako berritasun nabarmenetako bat izan da. Maria Cristina hotelak, Okendo plazak, Victoria Eugenia antzokiak eta Kursaal elkarguneak osaturiko triangelua partaidetzarako eta Zinemaldiaz nola hiriaz gozatzeko gune paregabea bihurtu da.
Victoria Eugenia antzoki zaharberrituan Zabaltegi Bitxiak ataleko filmen proiekzio asko izan dira, beste zenbait emanaldi tarteko, eta antzokiko Klub aretoan egindako Zabaltegiko Topaketa berrituen egoitza bihurtu da akreditatuentzat, filmetako lantaldeak gertuagotik ezagutzeko aukera paregabea eskaini duen formula erakargarri askoa baliatuz. Bertan, Zabaltegiko 29 lantaldek parte hartu dute eta atzera begirakoei eskainitako hiru argitalpen aurkeztu dira: Sukar izoztua, Philippe Garrel eta Henry King.

Donostia Sariak eta bestelako presentziak
Era berean, antzokia aurtengo unerik zirraragarrienetako batzuren lekuko aparta izan da: batetik, Carlos Sauraren omenezko gau-ekitaldiarena, zeinari ohorezko Urrezko Maskorra eman baitzitzaion, Zinemaldiaren historia osoan banatu den bigarrena, Fados filmaren emanaldia eta fado-abeslari handien kontzertu bat barne hartu zituena; eta bestetik, Richard Gere protagonista izan zuena, haren film berriaren aurkezpena zela eta. Antzokia Maria Cristina hotelarekin lotzen duen alfonbra gorrian barrena oinez heldu zen Gere, bidean gogoa berotutako miresle andanak txalotzen zuela, bezperan hotelera iritsi zenean gertatu bezalaxe, baita minutu batzuk geroago Donostia Saria jasotzera Kursaalerantz zihoala ere, lepo betetako aretoan bertaratutakoen txalo zaparrada jasoz. Lou Reed eta Jualian Schnabelen presentzia Berlin filmaren proiekzioan edo Richard Lester zuzendariak Help! pelikula aurkeztu zuenekoa izan dira halaber, Victoria Eugenia antzokia protagonista izan duten une gailenetako batzuk.
Egun gutxi batzuk geroago, Liv Ullmann edizio honetako unerik distiratsuenetako baten protagonista izan zen, bere jardunbide osoaren aitortza den Donostia Saria Kursaaleko agertokian jaso zuenean. Liv Ullmannek begikotasunez eta zintzotasunez eskertu zituen publikoaren mirespen erakustaldiak eta Zinemaldiko azken egunera arte bertan izan genuen.

|