KIDE BERRIAK DONOSTIAKO ZINEMALDIAN
| 2008/01/24 |
|
 |
Donostiako Zinemaldiak ongietorria ematen die bere nazioarteko ordezkarien sareari batu zaizkion bi kide berriei. Alex Masson ordezkari berria izango da Frantzian eta Curra Ortiz de Solórzano, berriz, latinoamerikar zinearekiko harremanen arduraduna.
Bestalde, Marichu Corugedo Madrilgo enpresa teknikoek Zinema Eraikitzen ekimenaren baitan eskaintzen duten saria Zinemalditik koordinatzeaz arduratuko da.
Aldi berean, José Mª Ribak Zinemaldiarekin izandako lankidetza amaitu egiten da, urte askoan zuzendaritza eta hautapen batzordeko kide eta aspaldi honetan lanbide-jardueren koordinatzaile izan denarena. Lankidetza luze eta emankor honen ondoren, publikoki adierazi nahi diogu gure esker ona bere ekarpen eta denbora osoko lanagarengatik, eta gure asmo onenak opa dizkiogu bere lanbide jardun berrietan.
ALEX MASSON
38 urte
Autodidakta. Zinema-lanbidearen gainean dakien guztia zinearekiko duen irrika mugagabearen ondorio da. Zinema kritikari egin zen zinera joan ahal izateko, dirurik ez baitzuen sarrera-txartelak ordaintzeko.
Ondoren, zinema kritikari moduan lan egin du hainbat komunikabide frantsesetan 1990az geroztik. Hasiera batean, Toulouseko tokiko prentsan eta ondoren prentsa nazionalean freelance gisa (besteak beste: Premiere, Les inrockkuptibles, Radio Nova, Glamour…)
Bazter kultura zinematografikoei eskainitako «Extrema Cinéma» zinema jaialdiko sortzailekide dugu. Jaialdi hau 1998az geroztik egiten da Toulouseko Zinematekan.
Filmak nonahitik datozela ere, zinema mota guztiekiko duen jakin-mina inoiz ez agortzea espero du, munduaren nondik-norakoei erreparatzen jarraitzeko xedez.
MERCEDES ORTIZ DE SOLÓRZANO
Mercedes Ortiz de Solórzanok (Madril, 1953) Televisión Españolako ekoizle/programatzaile gisa jardun du hogeita hamar urtez.
1994tik 2001era, espainiar eta nazioarteko zinemaren erosketa-arduraduna izan da Kanpo Produkzio Alorreko Zuzendari moduan.
Gero, ARTE/TVEko ekoizle exekutibo izan da, La Noche Temática saioaren Zuzendari izateaz gain.
2004tik 2005era, Kultur Programa eta Dokumentalen Produkzio Exekutiboaren Zuzendari izan da eta 2005etik 2007ra bitarte Televisión Españolako La 2 kateko Programazio Zuzendaria.
MARICHU F.- CORUGEDO
Film luzeen produktore, La Playa de los Perros (1985) eta Loco Veneno (1987) lanak ekoitzi ditu, besteak beste. 1989tik 1991ra, Mucho Cuento izeneko telesailaren 13 kapituluen ekoizle exekutiboa izan zen eta 1992an Valencia: Un Mar de Luz izenburuko film luze dokumentalarena. 1993tik 2007. urtera bitarte, EXA Estudioetako zuzendari komertziala izan da.
2006 eta 2007 urteetan Gidoiak garatzeko epaimahaiaren kide (I.C.A.A.) izan da; 2005ean, Postproduziorako Laguntzen Batzorde Ebaluatzaileko kide (Bogota-Kolonbia); 2004. urtean, Espainiako Zinematografiako Sari Nazionala aukeratzeko epaimahaiaren kide eta Dokumentalen AVID Epaimahaiko kide, halaber.
2002. urtean, “Libro Blanco del Sonido en España” argitalpenaren gauzatzean parte-hartu zuen (Espainiako Ikus-Entzunezkoaren Industria Teknikoen Elkarteak argitaratua), 2003az gero elkarte honen lehendakariorde delarik.
Hasiera-hasieratik, Zinema Eraikitzen ekimenarekin lotua dago (Industria Teknikoen Saria).
|