DONOSTIAKO ZINEMALDIAREN
56. EDIZIOAREN AURRERAPENA
| 2008/05/09 |
|
 |
Mario Monicelli zuzendaria eta japoniar zinema beltza izango dira Zinemaldiaren bi atzera begirakoren protagonistak
Mario Monicelli zinemagile handiaren lana eta zinema japoniarrak film noir generoari eman dion tratamendu berezia izango dira Donostiako Zinemaldiaren hurrengo edizioaren (irailaren 18tik 27ra arte) protagonistak.
Donostian maiatzaren 9an eginiko ekitaldian eman zen ezagutzera Zinemaldiak 56. edizioan izango duen kartel ofiziala. Oscar Marinék egin ditu kartel hori eta Zinemaldiko sailei zein atzera begirakoei dagozkienak. Diseinatzaile ospetsuak sortu du, berriz ere, Zinemaldiko proiektu grafikoa, aurreko urteko edizioan hasitakoaren ildotik.
Oscar Marinék honela definitu du 56. Zinemaldiko karteleko irudia: «Foku handi bat da. Bozgorailu bat, proiektagailu bat. Informazioa eta energia igortzen eta jasotzen duen antena erraldoi bat. Zinemagintzako erreferentzia eta sinbolo bat».
Marinék azaldu duenez, ikonoa egurrezkoa da, organikoa. «Euskal herriaren eta kulturaren metafora da. Arrosa izatean, Zinemaldiaren modernotasunarekin lotzen da kartela; gaur egungo zinemaren proposamen gazteenetara eta orijinalenetara eramaten gaitu. Aurreko urtean, Donostia hiriko kartel sinboliko bat aukeratu genuen, klasikoagoa. Aurten, aldiz, euskal kulturara, zinemara eta gazteriara gerturatu gara. Hori dena, pop kulturaren plano bisualetatik iragazita.»
Zabaltegiko kartelak «euskal kulturari lotutako elementu grafikoak ere badauzka, baina oraingo honetan tipografia da (soila, landua, indartsua eta dotorea) karteleko protagonista.» Horizontes Latinos «Hego Amerikako herri kulturako berezko elementuak islatzen dituen ebakigarri bat da». Mario Monicellik «bere irudiarekin berarekin adierazten du zuzendari bikain gisa duen indarra» eta Japonia beltzean sailean, «Txakur amorratua filmeko (Akira Kurosawa, 1949) zintzoaren, neskaren eta gaiztoaren irudiak erakusten du klasikoak, batzuetan, modernoagoak direla gaur egungo proposamen asko baino».
ATZERA BEGIRAKO KLASIKOA: MARIO MONICELLI
Joan den mendeko 50eko eta 60ko hamarkadetan komedia izan zen italiar zinemaren generorik garrantzitsuenetakoa. Film haien izaera komikoak ez zuen gizartearen ikuspegi kritikoa ezkutatzen; horien egileen artean nabarmentzekoa da Mario Monicelli, korronte herrikoi horretako lanik adierazgarrienen egilea eta beste batzuen artean, Vittorio Gassman, Ugo Tognazzi, Marcello Mastroianni, Nino Manfredi eta Alberto Sordi aktoreak gailurrera eraman zituena.
Donostiako Zinemaldiak jada bi ziklo eskaini dizkio italiar komediari (1998an eta 1999an); hortaz, Mario Monicelliri buruz aurten egingo den atzera begirakoak (40 film inguru bilduko dituena) berretsi egiten du Zinemaldiak italiar zinemaren garairik loriatsuenarekiko duen interesa. Hain zuzen ere Monicellik zuzendua da eztanda komiko horretako obrarik preziatuena, ll soliti ignoti (Rufufu, 1958). Lan horretako aktore zerrenda errepikaezina da: Gassman, Mastroianni, Claudia Cardinale, Memmo Carotenuto, Renato Salvatori eta Totó zaharra. Monicellik, arte komikoan maisu eta aktoreen zuzendari bikainak, ez zion uko egin beste genero gogorrago batzuk lantzeari; esaterako, La grande guerra (Gerra handia, 1959) filma, Gassman eta Sordi aktore nagusi zituen Lehenengo Mundu Gerrari buruzko lan tragikomikoa; I compagni (1963), langile mugimenduari buruzkoa; eta Vogliamo il colonelli (Koronelak nahi ditugu, 1973) greziar diktadura militarrean oinarriturikoa.
Monicelli Erroman jaio zen, 1915ean, eta filmak egiten jarraitzen du oraindik ere. Bere azken lana, oraingoz, Le rose del deserto da, 2006. urtekoa. Lau aldiz parte hartu du Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean: 1958an, I soliti ignoti filmarekin, Zilarrezko Maskorra irabazi zuen, ex aequo Alfred Hitchcocken Vertigorekin; 1965ean, Casanova 70 filmak zuzendari onenaren saria eta gizonezko aktore onenaren saria (Marcello Mastroianni) jaso zituen; 1968. urtean La ragazza con la pistola filmak emakumezko aktore onenaren saria jaso zuen (Monica Vitti); eta 1971n, Brancaleone alle crociate pelikulak gizonezko aktore onenaren saria jaso zuen (Vittorio Gassman).
Atzera begirakoak 41 film luze eta bi film labur bilduko ditu. Hona hemen izenburuetako batzuk:
- Totò cerca casa (Totò etxe bila dabil, 1949)
- Vita da cani (Bizitza txakurra, 1950)
- Guardie e ladri (Goardiak eta lapurrak, 1951)
- Padri e figli (Aita-semeak, 1957)
- I soliti ignoti (Rufufu, 1958)
- La grande guerra (Gerra handia, 1959)
- I compagni (Kamarada lagunak, 1963)
- L’armata Brancaleone (Brancaleone armada, 1965)
- La ragazza con la pistola (Neska pistoladuna, 1968)
- Vogliamo i colonnelli (Koronelak nahi ditugu, 1973)
- Amici miei (Nire lagunak, 1975)
- Un borghese piccolo piccolo (Burges txiki-txikia, 1977)
- Le due vite di Mattia Pascal (Mattia Pascalen bi bizitzak, 1985)
- Le rose del deserto (Basamortuko arrosa, 2006)
GAIKAKO ATZERA BEGIRAKOA: JAPONIA BELTZEAN
Japonian poliziari eta gai kriminalei buruzko zinema oso ugaria den arren, mendebaldean apenas dakigu ezer horren inguruan. Japoniako film noiraren jatorria atzerritik inportaturiko literatura eta zinema generoan dago, batez ere Amerikatik ekarritakoan, eta japoniar zinemaren historian pasarte txiki bat izan zitekeen, baina japoniarrek polizia istorioei «izaera nazionala» ematen jakin izan dute. Gangsterrek ohorea ulertzeko duten modua, polizia ikertzaileen inurri lanak, baztertutako gaizkileen oinazeak edo gizartearen gerraosteko anabasak japoniarren psikologiaren hainbat kezka eta antsietate utzi zituzten agerian.
Mendebaldarrok zinema jaialdietan eta filmotekatan ikusten ez genuen baina bertakoek gogotsu kontsumitzen zuten japoniar zinemaren historiaren ikuspegia izateko aukera ematen digu Japonia Beltzean atzera begirakoak. Film aukera zabala bilduko du, zinema mutuaren garaiko jokalarien filmetatik hasita (bakuto), II. Mundu Gerraren osteko gangsterren zinemaren arrakasta garaiko filmetara. Bestalde, zinemagile ugariren lanak bilduko dira, Akira Kurosawa edo Shohei Imamura-renak, esaterako, edo istorio iraultzaile eta oso pertsonalak sortzeko aitzakiatzat gorabehera kriminalak erabiltzen dituzten zuzendari modernoenak (Nagisa Oshima, Mashahiro Shinoda, Hiroshi Teshigahara). Arreta berezia eskainiko zaio yakuza eigaren (japoniar gangster zinema) goreneko uneari, hau da, 60ko hamarkadari –garai hartan gangster heroiko eta bakartiei buruz zinta ugari sortu ziren– eta 70eko hamarkadari – yakuza eiga errealistago bilakatu zen orduan–.
Japonia Beltzean sailak, film noiraren beste adierazpen batzuk ere bilduko ditu: hard boiled tradizioari jarraiki eginiko melodrama kriminalak edo detektibe gogorren abenturak eta 90eko hamarkadatik aurrera generoak izaniko suspertze interesgarria, Takeshi Kitano, Takashi Miike, Takashi Ishii eta Kiyoshi Kurosawa zuzendarien eskutik.
Japonia Beltzean atzera begirakoak 40 film eskainiko ditu; horien artean, honako hauek:
- Nora Inu (Txakur amorratua, 1949), Akira Kurosawa
- Hateshinaki yokubo (Desira amaigabea, 1958), Shohei Imamura
- Karakkaze yaro (Hiltzeko beldurrez, 1960), Yasuzo Masumura
- Tengoku to jigoku (Gorrotoaren infernua, 1962), Akira Kurosawa
- Yaju no seishun (Piztiaren gaztaroa, 1963), Seijun Suzuki
- Kawaita hana (Lore zurbila, 1964), Masahiro Shinoda
- Jingi no hakaba (Ohorearen hilerria, 1975), Kinji Fukasaku
- Sono otoko, kyôbô ni tsuki (Polizia bortitza, 1987), Takeshi Kitano
- Waga jinsei saiaku no toki (Nire bizitzako garairik okerrena, 1994), Kaizo Hayashi
- Hebi no michi (Sugearen bidea, 1997), Kiyoshi Kurosawa
Hurrengo hilabeteetan ezagutaraziko ditugu atzera begirako garaikidearen protagonistak eta Sail Ofizialeko, Zabaltegiko eta Horizontes Latinos Saileko edukiak.
Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak, era berean, enpresa eta erakunde ezberdinen lana eta lankidetza eskertu nahi du, gertakizun garrantzitsu hau urtez urte hobetzen laguntzen duten horiena. TVE eta SCHWEPPES SPIRIT Babesle Ofizialak; TUDOR, Kolaboratzaile Ofiziala, KUTXA, donostiar eta gipuzkoar ororen kultura-ondare den Zinemaldiaren alde arreta handiz jokatzeagatik; ALTADIS, Altadis-Zuzendari Berriak Sariaren babesle; TCM, ikusleen boto gehien lortzen dituen pelikularen Publikoaren TCM sariaren babesle; EL DIARIO VASCO, KUTXA eta KIROLETAKO UDAL PATRONATUA, Anoeta Belodromoko emanaldietan egongo direnak; EBeko MEDIA PROIEKTUA, ICEX eta EGEDA, SALES OFFICEri emandako laguntzagatik; AECI, HORIZONTES LATINOS saileko babesle; BRUESA, Zinema Eraikitzen ekimeneko babesle; IBERIA, Zinemaldiaren Aireko Lineak; DHL, Zinemaldiaren mezulari-zerbitzu ofiziala; eta EUSKALTEL, MUMM, CANON, 5 JOTAS eta MASSIMO DUTTI Zinemaldiari emandako laguntzagatik.
Donostia, 2008ko maiatzaren 9a
|