Donostia Zinemaldiaren 56. edizioko hirugarren atzera begirakoa Terence Davies zuzendari britainiarrari eskainitakoa izango da
| 2008/06/20 |
|
 |
Donostia Zinemaldiak Terence Davies zuzendari britainiarraren atzera begirakoa eskainiko du. Gaur Egungo Europako zinemagile bitxi eta berritzaileenetakoa da bera. Lan pertsonala eta iradokitzailea egiten du zuzendari honek eta berebiziko garrantzia ematen dio musikari. Gainera, fikzioa, autobiografia eta dokumentala nahasten dituzten lengoaia berrien bilaketan aitzindaria da. Sari gehien jaso dituzten bere pelikulak Distant Voices, Still Lives (1988), The Long Day Closes (1992) eta The House of Mirth (2000).
Zortzi urte zinema-lanik plazaratu gabe iragan ostean, Canneseko Zinema Jaialdiko Sail Ofizialeko Special Screenigs atalean Of Time and the City film berria aurkeztu zuen Terence Daviesek; nazioarteko kritikarien aburuz, egungo zinemagintzaren proposamen inspiratu eta hunkigarrienetakoa: «Britainiar zinemagintzaren heldutasun osorako bidean mugarri txiki bat.» (Derek Malcolm, The Evening Standard). «Britainiako filmik onena urtetan, eta agian, inoiz egin den film autobiografikorik onena.» (Nigel Andrews, The Financial Times). «Terence Davies ez balu beste filmik egingo, honekin bakarrik, leku bat irabazita edukiko luke Britainiar zinemaren historian, Lowry eta Lawrence-n alboan.» (David Robinson, The Times).
Of Time and the City, Liverpooleko 50eko eta 60ko hamarkadetako egunerokotasunari buruzko dokumentala da, Terence Daviesen ohiko sentikortasun pertsonalaz errodaturikoa. Gizartearen garapenari buruzko begirada ironiko eta zorrotza eskaintzen digu, baita egungo zinemagile berritzaileenen artean eragin handia izaten ari den lan laburra berrikusteko aukera ere.
1984 eta 2008 artean burututako sei film luzeak, horietan aurrena, lehenagoko hiru film laburrekin osaturikoa, Terence Daviesen lan bakoitzean nabari diren zehaztasunaren eta dedikazioaren isla dira. Enkoadratzeak, kamera mugimenduak, arreta handiz aukerako musika esanguratsuak eta antzezleen ezohiko lanak dira bere kontakizunaren ardatzak. Hala, gizartearen memoria aztertzeari ekiten dio, gertakari ofizial arranditsuen aldean emozio pertsonalen ikuspegia hautatuz eta diskurtso liriko bezain sendoa eraikiz. Denboraren joana, erlijioa, homosexualitatea eta familia-harremanak Terence Daviesen ohiko gaiak dira, halaber.
Denontzako oso ezagunak diren abestiek garrantzi berezia dute haren filmetan. Musika klasikotik Nat King Cole, Peggy Lee zein Doris Day-ren abestietara, gutxik bezala lotzen ditu irudia eta soinua lotzea Terence Daviesek, eta alor horretan aurrea hartzen dien geroago Quentin Tarantino edo Wong Kar Wai zinemagileek eginiko lorpenei.
Zuzendari eta bere film guztien gidoilari, aldika eleberrigile eta antzezle, Terence Davies Liverpoolen (Ingalaterra) jaio zen 1945ean. Langile-klaseko familia katoliko baten hamar seme-alabatan gazteena da. Derek Jarman, Peter Greenaway eta Sally Potter zuzendarien garaikidea, British Film Institute-ren eskutik hasi zen lanean, dagoeneko zantzu autobiografikoak zituen Children (1976) film laburra izan zen bere lehenengo lana. National Film School-en Madonna and Child (1980) zuzendu zuen, eta Death and Transfiguration (1983) hirugarren film laburrean jarraipena eman zion aurrekoari. Aipatu hiru lanek, gerora Trilogy (1984) bere lehengo film luzea izango zena osatu zuten.
Distant Voices, Still Lives (1988) gerra osteko Ingalaterrari buruzko maisulanak nazioartean ezagutzera eman zuen, eta, besteak beste, Canneseko Zinema Jaialdiko Fipresci saria, Locarnoko Zinema Jaialdiko Urrezko Lehoinabar saria eta Valladolideko Zinema Jaialdiko Urrezko Galburua sariak eskuratu zituen, Los Angeles eta Torontoko kritikarien sariez gain. Bere estilo berezia gehiago zainduz, The Long Day Closes (1992) film bikaina egin zuen, zineman babesten den 11 urteko mutiko bakartiaren historian oinarriturikoa, eta berriz ere, Cannesko Zinema Jaialdian parte hartzeko hautatu zuten eta Valladolideko Urrezko Galburua saria eman zioten.
John Kennedy Toole idazle estatubatuarraren, A Confederacy of Dunces liburu ezagunaren egilea, beste eleberri batean The Neon Bible(1995) oinarrituriko filmarekin norabidez aldatu zuen ordura arteko ildoa, eta gainera AEBetan grabatu zuen izenburu bereko lana, Gena Rowlands, Denis Leary eta Diana Scarwid aktoreekin. Edith Wharton New Yorkeko idazle klasikoaren beste adaptazio bat iritsi zen gero, The House of Mirth (2000) drama erromantiko aparta, eta antzezle lanetan Gillian Anderson, Dan Aykroyd, Anthony LaPaglia eta Laura Linney jardun ziren.
Bere sorterritik abiatuta, azken mende erdiko hirigintzak izan duen bilakaerari buruzko diskurtso hunkigarri eta kritikoa, eta artxiboko irudien erabilpen bikaina erakusten dituen Of Time and the City (2008) filmaren ostean, aurten errodatuko duen proiektuan lan egiten ari da Terence Davies dagoeneko.
Hallelujah Now (1984) eleberriaren egile ere bada Terence Davies, eta Virginia Woolf idazlearen lanen irratirako egokitzapenak egin ditu.
Donostia Zinemaldiak bertan izango den Terence Daviesen lanari buruzko azterlan oso bat argitaratuko du. Quim Casasek koordinatuko du eta hainbat adituk parte-hartzea izango du.
Terence Daviesi buruzko atzera begirakoaz gain, beste bi atzera begirako eskainiko ditu Donostia Zinemaldiak: Mario Monicelli zuzendari italiarrari buruzkoa bata, eta Japonia, beltzean izenekoa, 20ko hamarkadan hasi eta gaur arteko Japoniako zinema beltzari buruzkoa, bestea.
Donostia, 2008ko ekainaren 20a
|