WEB GUNE OFIZIALA EUSKERA

Hemen zaude: Lehen orrialdea › Berriak

   Berriak

SAIL OFIZIALARI BURUZKO AURRERAPENA

Daniel Burman, Christophe Honoré, Kim Ki-duk eta Jaime Rosales zuzendarien lanak izango dira lehian Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean.


Dogme 95 mugimenduaren sortzaileetako batek, Kristian Levring-ek, Courtney Hunt estatubatuarrak eta Rashid Masharawi palestinarrak ere parte hartuko dute Urrezko Maskorra lortzeko lehian.

2008/06/26
Imprimir página

Daniel Burman, Christophe Honoré, Kim Ki-duk eta Jaime Rosales zuzendari ospetsuak dira aurtengo Donostia Zinemaldiko edizioan Urrezko Maskorra lortzeko Sail Ofizialean lehiatuko direnetako batzuk. Era berean, Kristian Levring, Dogme 95 mugimendua jarraitu zuen lehenengo zuzendarietako bat, Courtney Hunt estatubatuarra eta Rashid Masharawi palestinarra ere izango dira. Urrezko Maskorra eta Donostia Zinemaldiko 56. edizioko (irailaren 18tik 27ra) palmareseko gainerako sariak lortzeko aukera izango dutenen artean lehenengo izenak dira horiek.

Daniel Burman argentinarrak seigarren film luzea aurkeztuko du: El nido vacío. Filmak arrakasta handia izan du Argentinan; 300.000 pertsonak ikusi zuten. Zuzendariak Zilarrezko Hartza irabazi zuen Berlingo zinema jaialdian El abrazo partido (2004) filmarekin. Horrez gain, beste hainbat sari ere irabazi ditu gainerako filmekin:Esperando al Mesías (2000), Todas las azafatas van al cielo (2002) eta Derecho de familia (2006). Azken filmarekin ez du aurrekoekin eginiko ibilbidea jarraitu, eta bere belaunaldiaren ikuspegitik atera da gizon batek bere bizitzaren hurrengo etapari aurre egiteko dituen beldurretara hurbiltzeko.

Christophe Honoré zuzendari ezagunenetako bat da Frantzian eta La belle personne filma ekarriko du Donostiara. Bere azken bi film luzeak Cannesen aurkeztu ondoren, Dans Paris (2006) Zuzendarien Hamabostaldian eta Les Chansons d’amour (2007) Sail Ofizialean, Christophe Honorék gaur egungo Paris hirira ekarri du La Princesse de Clèves eleberri klasikoaren giroa. 17 fois Cécile Cassard (2002) eta Ma mère (2004) izan ziren zuzendariaren lehenengo lanak, eta oraingoan ere bere film gehienen protagonista izan den Louis Garrel aktorea aukeratu du bertan lan egiteko.

Kim Ki-duk korearra gaur egungo Asiako zinemaren maisuetako bat da, eta Donostian izango da bere azken filmarekin. Bi Mong (Dream) bikoteek dituzten paradoxetan murgilduko da, eta elkar maite eta gorroto duten bi pertsonaren ezkutuko nahiak erakutsiko dizkigu ametsezko mundu batez baliatuz. Kim Ki-duk lehenengo aldiz izango da Sail Ofizialean. Edonola ere, aurretik, kritikaren Fipresci saria jaso zuen 2005ean, 3-Iron filmarekin, eta 2003an Gailurrak ataleko publikoaren saria Spring, Summer, Fall, Winter… and Spring lanarekin. Zuzendariak mundu osoan sariak jaso dituzten beste film batzuk ere egin ditu; esaterako, The Isle, Samaritan Girl (2004), The Bow (2005) eta Time (2006). 

Jaime Rosalesek, iaz, La soledad filmarekin zuzendari onenaren eta film onenaren Goya sariak jaso zituen. Aurten, bere azken filma, Tiro en la cabeza, ekarriko du Donostiara. Bartzelonako zuzendariaren lehenengo lana Las horas del día (2003) izan zen, eta Fipresci saria jaso zuen Canneseko Zuzendarien Hamabostaldian. Azken film honetan zinema hizkuntza berriak aztertzen jarraitzen du, La soledad (2007) lanean egin zuen bezalaxe. Azken film horri esker, ezagun egin zen nazioartean Canneseko zinema jaialdiko Un Certain Regard lehiaketan parte hartu ondoren.

Europa Iparraldeko zinema garaikideak duen indarra argi geratu zen aurreko edizioan Sukar Izoztua atzera begirakoaren bitartez. Aurten, Donostiako Sail Ofizialean Kristian Levring zuzendaria izango dugu. Dogme 95 mugimenduaren sortzaileetako bat da, eta bertan jasotako teorien arabera egin zuen The King Is Alive (2000) filma (Cannesen parte hartu zuen). Aurten, Den Du Frygter (Fear Me Not) filma, bere laugarrena, aurkeztuko du Donostian. Thomas Jensen-ekin batera idatzitako film horrek Oscar saria jaso zuen. Filmaren protagonista Ulrich Thomsen da. Aktore horrek 2004an Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Donostia Zinemaldian Brødre filmarekin.

Rashid Masharawi zuzendari palestinarrak, besteak beste Curfew (1994) eta Ticket to Jerusalem (2002) filmak egin ditu; azken horrekin, Kairoko zinema jaialdian Zilarrezko Piramidea irabazi zuen. Horretaz gain, dokumentalak ere egin ditu: En direct de Palestine (2003) eta Arafat, mon frère (2005), esaterako. Orain Donostian aurkeztuko du bere azken lana, Eid Milad Laila (Laila’s Birthday). Film horretan, Ramalan egun arrunt bat nolakoa den kontatuko digu, taxi-gidari gisa lan egin behar duen epaile baten bitartez.

Sail Ofizialean debutatuko du Courtney Hunt zuzendari estatubatuarrak ere, Frozen River lanarekin. Filmak 2008ko Sundance-ko zinema jaialdiko Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen, eta Quentin Tarantino zuzendari ospetsu eta epaimahaiko kideak esan zuen Estatu Batuetako pobreziaren deskribapen bikaina zela.

 


LA BELLE PERSONNE

Frantzia.
Helbidea: Christophe Honoré.
Aktoreak: Léa Seydoux, Louis Garrel, Grégoire Leprince–Ringuet.

La Princesse de Clèves eleberriaren egokitzapen garaikidea. Chistophe Honorék, Ma mère (2004), Dans Paris (2006) eta Les Chansons d’amour (2007) filmen zuzendariak, Henrike II.aren gortetik gaur egungo Parisera eramango gaitu bertan maitasuna nola bizi den aztertzeko. Hamasei urteko Junie-k ikastetxez aldatzen du ikasturte erdian bere ama hil ondoren. Bere lehengusua Mathias-en gela berean jarriko dute, eta hark bere lagunak aurkeztuko dizkio. Mutil guztiek nahi dute Junieren mutil lagun izan, eta berak denetan isilena aukeratuko du: Otto Clèves. Dena den, laster aurkituko du bere bizitzako amodioa, Nemours, italiera irakaslea. Baina bien artean pizten den pasioak ez dauka etorkizunik. Juniek ez die bere sentimenduei jaramon egin nahi, eta bere buruari zoriontsu izateko aukera ukatzen dio; bere ustez, zoriontasuna, ilusio hutsa besterik ez baita.


BI MONG (DREAM)

Korea.
Helbidea: Kim Ki-duk.
Aktoreak: Odagiri Joe, Lee Na-young.

Kim Ki-duk zuzendari korear ospetsua, The Isle, 3-Iron, Spring, Summer, Fall, Winter… and Spring eta Time filmen egilea, lehenengo aldiz lehiatuko da Sail Ofizialean Bi mong  (Dream) filmarekin. Jin-ek (Joe Odagiri) amets gaizto bat izan du: bere neskalagun ohiaren etxera bidean istripu bat ikusi. Ametsetan ikusitako lekura joatea erabakitzen du, eta, bertan, istripu bat gertatu berri dela ohartuko da, berak amestu bezalakoxea. Poliziari jarraituko dio susmagarriaren etxeraino, eta han ikusiko du Ran-ek (Lee Na-young) ukatu egingo duela istripua eragin eta alde egin izana. Neskak dioenez, lo eman du gau osoa. Jinek bere ametsaren berri emango die eta, neska atxilotu ordez, bera atxilotu dezatela eskatuko die. Poliziak, ordea, ez dio jaramonik egingo eta Ran atxilotuko dute. Jin ziur dago bien artean azaldu ezin daitekeen lotura bat dagoela. Azkenean konturatuko da, amets egiten duen bitartean, Ranek, konturatu gabe, hark amestutakoa betetzen duela lotan.


DEN DU FRYGTER (FEAR ME NOT)

Danimarka.
Helbidea: Kristian Levring.
Aktoreak: Ulrich Thomsen, Paprika Steen, Emma Sehsted Høeg, Lars Brygmann.

Dogme 95 mugimenduaren sortzaileetako bat eta The King is Alive (2000) filmaren zuzendariaren laugarren film luzea da. Michael-ek bere bizitza aldatu nahi du. Denbora batez bere lana uzten du, baina, hala ere, ez du lortzen horrenbeste bilatzen duen oreka. Antidepresibo berri baten probaketa klinikoez hitz egiten diotenean, pentsatu gabe boluntario aurkeztea erabakiko du. Zoritxarrez, bigarren mailako ondorio larriak dituzte pilulek, eta probaketak bertan behera uztea erabakiko dute. Baina Michaelek ez du pilulek eman dioten lasaitasun eta autokontrol egoera alde batera utzi nahi, eta esperimentuarekin bere kabuz jarraitzea erabakiko du. Azkar lortutako arrakastarekin pozoituta, besteen bizitzak kontrolatzeko premia sentituko du. Pixkanaka, bere jolas psikologikoak gogorrago eta ohikoago bilakatuko dira, egiten ari dena ikuspegi beldurgarriago batetik ikustera behartuko duen zerbait gertatzen den arte.


EID MILAD LAILA (LAILA’S BIRTHDAY)

Tunisia-Palestina-Holanda.
Helbidea: Rashid Masharawi.
Aktoreak: Mohamed Bakri.

Rashid Masharawi zuzendari palestinarrarena da filma; besteak beste Curfew (1994) eta Ticket to Jerusalem (2002) lanen egilearena. Abu Laila (Mohamed Bakri) epailea zen baina gobernuak bere lana ordaindu ezin zuenez, taxi-gidari lanak egiten hasi zen. Bere alaba Lailak zazpi urte bete zituen egunean, emazteak behin eta berriz eskatu zion etxera goiz etorri eta alabarentzat opari bat eta pastela ekar zitzan. Abu Lailak zeregin hori betetzea besterik ez zuen buruan, baina Palestinako eguneroko bizitzak beste zerbait zeukan beretzat prestatuta...


FROZEN RIVER

AEB 
Helbidea: Courtney Hunt.
Aktoreak: Melissa Leo, Michael O’Keefe, Misty Upham, Mark Boone Junior.

Courtney Hunt zuzendari estatubatuarraren lehenengo filma da, eta dagoeneko Epaimahairaren Sari Berezia jaso du 2008ko Sundanceko zinema jaialdian. Ray Eddy ametsetako etxea erostear dago bere familia txikiarentzat. Bat batean, bere senar apustuzaleak dirua hartu eta alde egingo du, Ray esku hutsik eta haurrekin bakarrik utzita. Bere senarra bilatzen ari dela, Lila Littlewolf Mohawk tribuko neska batekin egingo du topo, eta hark dirua erraz irabazteko modu bat proposatuko dio. Plana arriskutsua da: immigrante ilegalak pasatu behar dituzte izoztuta dagoen Saint Lawrence ibaiaren alde batetik bestera, bi ertzetan dauden patruilek harrapatu gabe. Dirura irabazteko premia larria dela-eta, Rayk onartu egingo du eskaintza. Rayk autoa gidatuko du eta irabaziak bien artean banatuko dituzte. Hasieran, izotz geruza lodia da, baina, denborak eta negozioak aurrera egin ahala, geruza mehetzen joango da eta Ray eta Lila konturatuko dira immigranteak alde batetik bestera eramateak badituela arriskuak.


EL NIDO VACÍO

Argentina-Espainia-Frantzia.
Helbidea: Daniel Burman.
Aktoreak: Oscar Martínez, Cecilia Roth, Arturo Goetz, Inés Efron.

Daniel Burman zuzendari argentinarraren seigarren lana da. Aurretik Esperando al Mesías (2000), El abrazo partido (2004) eta Derecho de familia (2006) egin zituen, besteak beste. Seme-alabak hazten direnean eta etxetik alde egiten dutenean, senar-emazteen artean arazoak azaleratzen dira (urtetan familia bizitzako zaratek eta kaosak ezkutaturikoak), eta gorabehera horiek jorratzen ditu El nido vacío obrak. Leonardo izango da adierazitako egoerari aurre egingo dion idazle ospetsua baina gogaitua; nazkatuta dago Buenos Aires hiriko erdi mailako klaseko kide izateagatik bizi behar dituen gizarte egoerekin, eta adin ertaineko krisia jasatear dagoen gizona dela dirudi. Bihozbera da bere krisiarekin eta inguruan gertatzen diren aldaketei fobia die.


TIRO EN LA CABEZA

Espainia.
Helbidea: Jaime Rosales.
Aktoreak: Ion Arretxe, Iñigo Royo, Jaione Otxoa, Ana Vila.

Ionek gizon arrunta dirudi. Goizean altxatu, gosaldu, gauzak konpondu eta abokatu batzuekin biltzen da. Gau batez, festa batean, neska bat ezagutuko du. Neskaren etxean pasatuko dute gaua elkarrekin. Bere bizitzan ez dago gorabeherarik. Telefono-kabina batetik eginiko deia; kalean aurkitutako laguna; garrantzirik gabeko eguneroko egoerak. Egun batean beste bi pertsonarekin igoko da auto batean. Frantziako muga igaroko dute. Senar-emazte batzuen etxean pasatuko dute gaua. Biharamunean, errepide bazterreko kafetegi batean topo egin ostean, paisanoz jantzitako bi goardia zibil hilko dituzte.

 

Donostia, 2008ko ekainaren 26a


Materiales relacionados
 
 
 



 


Babesle ofizialak
Kolaboratzaile ofizialak
Instituzio Kideak

© Donostiako Nazioarteko Zinemaldia - Mister-i Mobile Solutions eta Yo Miento Producciones ek landutakoa