WEB GUNE OFIZIALA EUSKERA

Hemen zaude: Lehen orrialdea › Berriak

   Berriak

Javier Fesser, Hirokazu Kore-eda, Samira Makhmalbaf eta Michael Winterbottom zuzendariak ere Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean izango dira

Belén Macías eta Yesim Ustaoglu zinemagileak ere lehiatuko dira Urrezko Maskorra lortzeko

2008/07/24
Imprimir página

Javier Fesser, Hirokazu Kore-eda, Samira Makhmalbaf eta Michael Winterbottom nazioarteko zinema zuzendari entzutetsuen zerrendan izango dira Donostia Zinemaldiko aurtengo edizioko Sail Ofizialean. Horiez gain, Yesim Ustaoglu zinemagile turkiarra (hainbat zinema jaialditan sariak jaso ditu) eta Belén Macías espainiarra (film luzeetan hasi berria) ere Donostiako Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko dira.

Camino Javier Fesser Oscar sarietako hautagaiaren hirugarren film luzea da. Zuzendari, gidoilari eta ekoizle lanak egin ditu Javier Fesserrek, eta honako hauek dira bere film luzeetako batzuk: El milagro de P.Tinto (1998) eta La gran aventura de Mortadelo y Filemón (2003). Era berean, nazioartean saritu dituzten film laburrak ere egin ditu Fesserrek; hala nola, El secdleto de la tlompeta (1995), Aquel ritmillo (1995), La sorpresa (2001) eta Binta y la gran idea (2004). Azken film labur horrekin, fikziozko film labur onenaren Oscar sarietarako izendatua izan zen. Camino obrarekin erregistro berria erakutsiko digu Fesserrek: familiako drama, kontakizun magikoak eta erlijioarekiko debozioa nahasirik. Nerea Camacho, Carme Elias, Mariano Venancio eta Manuela Vellés aktoreak dira Camino filmeko protagonista, eta Películas Pendelton eta Mediapro etxeek ekoitzi dute.

Egungo Asiako zuzendaririk miretsienetakoa, Hirokazu Kore-eda japoniarra, aurtengo Donostia Zinemaldian izango da Aruitemo, Aruitemo drama familiarrarekin. Zinemagile japoniarra aurretik ere izana zen Donostian 1998an Wandarfuru raifu  obrarekin (Fipresci saria lortu zuen), baita 2006an ere Hana yori mo naho lanarekin. Distance (2001) eta Dare mo shiranai (2004) filmak Canneseko zinema jaialdian aurkeztu zituen zuzendari japoniarrak, eta aurtengo filmean sendi bat berriro nola elkartzen den kontatuko digu, semeetako baten heriotzaren urteurrenean. Une horretan, oroitzapenak, afektuak, frustrazioa eta seme-alabak hazi izanaren ondorioak azaleratuko dira.

Samira Makhmalbaf zuzendari iraniarrak bi aldiz irabazi du Canneseko zinema jaialdiko epaimahaiaren saria: Takhté siah (2000) obrarekin lehenik, eta Panj é asrekin (2003) bigarrenik. Bere lehen lanak sari ugari irabazi zituen (Sib, 1998) eta laugarren film laburrarekin lehiatuko da Donostian: Two-Legged Horse. Samira Makhmalbaf Hana Makhmalbafen ahizpa da. Azken hori 2007an Donostia Zinemaldian izan zen Buda az sharm foru rikht film luzearekin, eta epaimahaiaren sari berezia lortu zuen. Beren aita Mohsen Makhmalbaf zinema zuzendaria da, eta, era berean, Two-Legged Horse obraren gidoilaria. Filmak giza harremanen mugak aurkitu nahi ditu, sakrifizioa eta maitasuna partekatzen dituzten bi pertsona aztertuta. Edonola ere, pertsona horiek botere eta mendekotasun harremanak ere ezartzen dituztela ikusiko da. Afganistanen filmatu zuten lana 2007ko maiatzean, eta, grabatzen ari zirela, sei zauritu eragin zituen atentatua gertatu zen.

Michael Winterbottom britainiarra hirugarren aldiz izango da Donostia Zinemaldian Genova obrarekin; 2004an 9 Songs lanarekin eta 2005ean A Cock and Bull Story filmarekin hartu zuen parte. Gainera, Wonderland (1999), In This World (2002), The Road to Guantánamo (2006) edota A Mighty Heart (2007) filmen zuzendariak Gailurren atalean hartu zuen parte 24 Hour Party People (2002) eta Code 46 (2003) filmekin. 2003an, berriz, atzerabegirakoa egin zioten. Genova izen bereko hirian dago gehienbat filmatuta, eta aita batek eta bere bi alabek amaren heriotza gainditzeko egiten duten ahalegina kontatzen du; horretarako, Italian zehar bidaia egingo dute.

Yesim Ustaoglu zuzendari turkiarrak laugarren filmarekin hartuko du parte Donostian: Pandora’s Box. Günese Yolculuk (1999) filmarekin Estanbuleko zinema jaialdian film onenaren saria, Berlingo zinema jaialdian Blue Angel saria eta Valladolideko Urrezko Galburua irabazi ditu, baita beste hainbat sari ere Sundance-n eta Montreal-en Bulutlari Beklerken (2003) filmarekin. Yesim Ustaogluk familia harremanak aztertuko ditu, Estanbulen bizi den amona bat mendian desagertu ostean. Pandora’s Box filma Ustaoglu Film Yapim eta Silkroad Production, Les Petites Lumières,  Stromboli Pictures eta The Match Factory etxeek ekoitzi dute. 

El patio de mi cárcel da Belén Macíasek egindako lehen film luzea. Lehendik Mala espina (2000) eta El puzzle (2001) film laburrak eginak zituen, eta nazioartean 70 sari baino gehiago irabazi ere bai; horien artean, El puzzlek irabazitako film labur onenaren Goya saria. Filma El Deseo P.C. eta Warner Bros Entertainment España S.L. etxeek ekoitzia da, eta hainbat aktore ezagunek hartzen dute parte; hala nola, Candela Peñak, Verónica Etxegik, Ana Wagener-ek, Blanca Portillok eta Patricia Reyes Spíndolak. El patio de mi cárcel preso dauden emakumeen istorioa da. Emakume horiek, mundu honetan izan duten zorigaiztoari aurre egiteko antzerki taldea osatuko dute.


ARUITEMO, ARUITEMO

Japonia.
Zuzendaria: Hirokazu Kore-eda.
Aktoreak: Abe Hiroshi, Natsukawa Yui, You, Takahashi Kazuya, Kiki Kirin.

Hirokazu Kore-eda zinemagile japoniarrak hirugarren aldiz hartuko du parte Donostian. Aurretik Wandarfuru raifu (1998) eta Hana yori mo naho (2006) filmekin etorri zen Zinemaldira. Filmak familia baten drama kontatzen digu, udako egun batean gertatzen da, seme-alaba heldu batzuek adinean aurrera egindako gurasoak bisitatuko dituzte urteetan beren etxea izan den tokian. Semea eta alaba ezohiko bilera batera joango dira, bakoitza bere familiarekin. Duela hamabost urte istripuz hil zen seme zaharrenaren heriotzaren urteurrenerako bilduko dira. Urte asko igaro arren etxea eta amaren menua aldatu ez badira ere, familiako kide bakoitzak aldaketa txikiak izan ditu. Betiko familia bat da; maitasuna, gorrotoa eta sekretuak nagusi dituena. Umorea eta malinkonia nahasita, Kore-eda zuzendariak kontatuko digu zeinen atsegina eta nahasgarria izan daitekeen familia.   


CAMINO

Espainia.
Zuzendaria: Javier Fesser.
Aktoreak: Nerea Camacho, Carme Elias, Mariano Venancio, Manuela Vellés.

Oscar sarirako hautagia Oscar Javier Fesserren hirugarren film luzea El milagro de P.Tinto (1998) eta La gran aventura de Mortadelo y Filemón (2003) filmeen ondoren. Duela gutxiko benetako gertakari batean inspiratutako Camino emozio-abentura da, hamaika urteko neska baten ingurukoa. Beretzat berriak diren bi gertakariri egin behar dien aurre,  maitasunari eta heriotzari. Camino, batez ere, ixten zaizkion ate beldurgarriak zeharkatzeko gai den argi distiratsua da, lortu gabe neskaren bizitzeko, maitatzeko eta behin betiko pozik bizitzeko nahiak kendu nahi baitizkiote.


GENOVA

Britainia Handia-Italia.
Zuzendaria: Michael Winterbottom.
Aktoreak: Colin Firth, Catherine Keener, Willa Holland, Perla Haney-Jardine, Hope Davis.

Michael Winterbottom zuzendari britainiarra hirugarren aldiz izango da Donostia Zinemaldian. Aurretik, 9 Songs (2004) eta A Cock and Bull Story (2005) filmekin izan zen. Italiako Genova hiriak bizi berri bat hasteko aukera emango die Joe eta bere bi alabei, ama hil ostean. Kelly mundu berri misteriotsuan sartzen den bitartean, Maryk bere amaren mamuarekin egingo du topo Genovako kaleetan zehar.


PANDORA’S BOX

Turkia-Frantzia-Alemania-Belgika.
Zuzendaria: Yesim Ustaoglu.
Aktoreak: Tsilla Chelton, Derya Alabora, Onur Unsal, Ovul Avkiran.

Günese Yolculuk (1999) eta Bulutlari Beklerken (2003) filmen zuzendariak bere laugarren lana aurkeztuko du Donostian. Gau batean, Estanbuleko berrogei eta piko urteko hiru anaiek dei bat jasotzen dute. Horren bidez, beren ama Turkiako Itsaso Beltzeko mendebaldeko kostaldean zuen etxetik desagertu dela jakinarazten diete. Beren arteko aldeak baztertu eta elkarrekin amaren bila hasiko dira, baina berehala, beren arteko arazoak berriz agertuko dira; Pandoraren kutxako sekretuak bezala. Benetan elkar gutxi ezagutzen dutela konturatzen dira, eta bakoitzaren akatsen inguruan hausnartzen dute.


EL PATIO DE MI CÁRCEL

Espainia.
Zuzendaria: Belén Macías.
Aktoreak: Candela Peña, Verónica Etxegi, Ana Wagener, Violeta Pérez.

Belén Macías zuzendariaren lehen film luzea da El patio de mi cárcel, eta emakumezkoen istorioa kontatzen du. Preso, baztertuta dauden emakumeen istorioa. Isa, atrakatzailea, mikatza baina eskuzabala, kartzelatik kanpoko bizimodura egokitzeko ez da gauza. Bere lagunak: Dolores, senarra akabatu duen ijito ilehoria; Rosa, emagaldu hauskorra eta samurra; Ajo, Pilarrekin maiteminduta dagoen neska, bere maitasuna ia jasan ezin den muturreraino eramango du; Luisa, emakume goxo kolonbiarra, ulertzen ez duen inguruak harrituta bizi dena. Espetxeetako funtzionario berria, Mar, ez da ohituko instituzioko arauetara, eta hura heltzen denean emakume horiek askatasunerako bideari ekingo diote. Espetxeko zuzendari Adelaren laguntzarekin, Módulo 4 sortuko dute; mundu honetan izan duten zorigaiztoari aurre egiteko balioko dien antzerki taldea, hain zuzen.

Altadis-Zuzendari Berriak sarietarako hautagaia
Altadis


TWO-LEGGED HORSE

Iran.
Helbidea: Samira Makhmalbaf.
Aktoreak: Ziya Mirza Mohamad, Haroun Ahad, Gol Gotay Karimi, Khogeh Nader.

Sib (1998), Takhté siah (2000) eta Panj é asr (2003) filmen zuzendariaren laugarren lana. Egunean dolar baten truke, mutilak haur herrena eskolara eraman eta bertatik ekarriko du, zaldi bat izango balitz bezala. Bizkarrean daraman bitartean, bidean topatzen dituen astoekin eta zaldiekin lasterketak egingo ditu. Haurra bainatu, garbitu eta prestatzen du eguna hasteko. Baina haur herrena ez da zoriontsu, mutila ez baita zaldi bihurtu, berak amestutako moduan...

 

Donostia, 2008ko uztailaren 24a


Materiales relacionados
 
 
 



 


Babesle ofizialak
Kolaboratzaile ofizialak
Instituzio Kideak

© Donostiako Nazioarteko Zinemaldia - Mister-i Mobile Solutions eta Yo Miento Producciones ek landutakoa