WEB GUNE OFIZIALA EUSKERA

Hemen zaude: Lehen orrialdea › Berriak

   Berriak

Pijama marradunaz jantzitako mutikoa (The Boy in the Striped Pyjamas) lehiaketaz kanpo aurkeztuko da Donostia Zinemaldian

2008/07/30
Imprimir página

Mark Herman-ek zuzenduriko Pijama marradunaz jantzitako mutikoa filma John Boyne-ren eleberrian dago oinarrituta eta Donostia Zinemaldian aurkeztuko da lehenengo aldiz mundu osoan, lehiaketaz kanpo.

Donostia Zinemaldiak eta Buenavista / Disney-k zehaztu nahi izan dute filma Sail Ofizialean aurkeztuko dela baina lehiaketaz kanpo, komunikabideren batek aurkakoa esan badu ere.

Pijama marradunaz jantzitako mutikoa Britainia Handiaren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko ekoizpena da eta Mark Hermanek zuzendu du. Zuzendari berak aurretik honako film hauek egin ditu: Brassed Off (1996), Little Voice (1998), Purely Belter  (2000) eta Hope Springs (2003).  Ekoizlea David Heyman izan da, Miramax-entzat Harry Potteren film sorta ekoitzi zuena, eta gidoilariak eleberriaren egilea bera, John Boyne, eta Mark Herman izan dira.

Pijama marradunaz jantzitako mutikoa John Boyne idazle irlandarraren eleberrian dago oinarrituta. Eleberria 2006an argitaratu zen eta azken urteetako idazlanik arrakastatsuenetakoa bilakatu da. Orain arte hiru milioi ale baino gehiago saldu dituzte eta 30 hizkuntzatara itzuli dute.

Honako aktore hauek parte hartu dute filmean: David Thewlis, Vera Farmiga, Rupert Friend eta Asa Butterfield mutikoa. Kontzentrazio-esparru bateko hesiaren alde bietan bizi diren bi mutikoren arteko adiskidetasunaren istorio zoragarria kontatzen digu. Berlin, 1942. Brunok (Asa Butterfield) bederatzi urte ditu eta ez du ezagutzen Azken Soluzioa edo Holokausto hitzen esanahia. Ez daki zer ankerkeria ari den eragiten bere herrialdea Europa osoko beste herrietan. Bere aitak (David Thewlis) gora egin duela bere lanean besterik ez daki, eta Berlingo etxe eroso batean bizi ordez, orain, isolatutako eremu batean bizi dela, eta han ez dagoela zer egin edo norekin jolastu. Baina egoera hori guztiz aldatuko da Shmuel (Jack Scanlon) ezagutzean. Mutiko horrek bizitza arraro eta paraleloa darama hesiaren bestaldean, eta han bizi diren guztiek bezalaxe, uniforme bitxia janzten du, pijama marradun baten antzekoa. Bruno eta Shmuelen arteko adiskidetasunak haien haurtzaroko tolesgabetasunaren amaiera markatuko du.

Pijama marradunaz jantzitako mutikoa egin duen taldea Donostian izango da, pelikularen nazioarteko estreinaldian. Dena den, hori baino lehen, Londresen eta Dublinen ere estreinatuko da.

 

Donostia, 2008ko uztailaren 30


Materiales relacionados
 
 
 



 


Babesle ofizialak
Kolaboratzaile ofizialak
Instituzio Kideak

© Donostiako Nazioarteko Zinemaldia - Mister-i Mobile Solutions eta Yo Miento Producciones ek landutakoa