WEB GUNE OFIZIALA EUSKERA

Hemen zaude: Lehen orrialdea › Berriak

   Berriak

Jonathan Demme izango da Donostia Zinemaldiko hurrengo edizioko epaimahai ofizialeko lehendakaria

Akademiako sariaren irabazle izandako Jonathan Demm zuzendariak bere film luze berria, Rachel Getting Married, eta Neil Youngen kontzertuaren inguruan egindako bere azken filmaren amaitu gabeko bertsioa, Neil Young Trunk Show: Scenes from a Concert, aurkeztuko ditu.

2008/08/07
Imprimir página

The Silence of the Lambs (1991) filmarekin zuzendari onenaren Oscar saria irabazi zuen eta Something Wild (1986), Philadelphia (1993), The Manchurian Candidate (2004) eta Neil Young: Heart of Gold (2006) lanak egin dituen Jonathan Demme izango da Donostiako Zinemaldiko epaimahai ofizialeko lehendakaria.

Jonathan Demme azken hiru hamarkadetako Ameriketako Estatu Batuetako zinemaren talentu handienetakoa da. New Yorkeko zuzendari, ekoizle eta gidoilariak nazioartean arrakasta izan duten ekoizpen handiak bere kezka pertsonalak islatzen dituzten proiektu independenteekin uztartzen jakin du. The Silence of the Lambs lanarekin thriller modernoan mugarri bat ezarri zuen, Hannibal Lecter gaur egungo zinemako erreferentziazko pertsonai bilakatuz. Philadelphia lanarekin, berriz, mundua hunkitzea lortu zuen hiesaren arazoa gaitzat hartuz; gainera, gaixotasuna oraindik ere gaizki ikusia zegoen garaian egin zuen. Horrez gain, komedia adimentsuena berritu zuen Something Wild eta Married to the Mob (1988) bezalako lanekin, eta filmen remakeei autore ukitua ematea lortu du Stanley Donenen Charada (1963) filman oinarritutako The Truth About Charlie lanarekin edo John Frankenheimer zuzendariaren The Manchurian Candidate klasikoan oinarritutako izen bereko filmarekin.

Musikarekiko duen zaletasunetik abiatuta, rockaren eta irudiaren arteko harremana ere irauli du Demmek. Talking Heads taldearen kontzertu bat eszenaratzen duen Stop Making Sense (1984) lanean, rock kontzertuen filmaketa berrasmatu zuen eta Neil Young: Heart of Gold  (2006) filman, berriz, musikari kanadarrak agertokian azalarazten dituen emozioak izugarrizko dotoreziarekin bildu zituen. Demmek, gainera, generoaren historian funtsezkoak diren bideoklipak egin ditu, adibidez New Order taldearen The Perfect Kiss eta Bruce Springsteen abeslariaren Streets of Philadelphia , Murder Incorporated eta If I Should Fall Behind .

Dokumentalgintzan ere aztarna handia utzi du Jonathan Demmek The Agronomist (2003) eta Jimmy Carter Man From Plains (2007) bezalako lanekin. Lehen dokumentalean, Jean Dominique kazetari eta giza eskubideen aldeko ekintzailearen erretratua egiten du Demmek, eta, bigarrenean, Ameriketako Estatu Batuetako Jimmy Carter presidente ohiak Palestinari buruzko bere liburua aurkezteko egindako bira jarraitzen du. Hain zuzen ere, hiru sari eskuratu zituen azken lan horrek 2007. urteko Veneziako Mostran.

Right to Return: New Home Movies from the Lower Ninth Ward Demmen egungo proiektu dokumentala da. Demmek New Orleans berreskuratzeko ahalegina (edo horren falta) ikusteko eta dokumentatzeko beharra sentitu zuen. Bere lehenengo bisita 2005eko udazkenean izan zen eta, orduz geroztik, aldika itzuli da, Lower Ninth Ward auzoko komunitatearen eta gizabanakoen bidaia jarraitzeko.  PBSko telebista kateko Tavis Smileyren programak Right to Return lanaren zatiak txertatu zituen programazioan. Geroago, material horren bildumak Right to Return: New Home Movies from the Lower Ninth Ward film dokumental luzea eman zuen. Lan hori Silverdocs-eko Jaialdian estreinatu zuten, 2007ko ekainean.

Komunitatearen barruan etengabe garatzen diren pertsonen nondik norakoak dokumentatzeko Demmek egindako bidaiak beste lau film biografikoren inspirazio iturri izan dira (guztiak ere garapen fase ezberdinetan): The Harrisons of New OrleansThe Carolyn Parker Story, Pastor Mel, and The Blue House. Azken horrek Common Ground erakundeak komunitate horretan egindako lanaren eta ahaleginen berri ematen du.

Gaur egun, Demme Bob Marleyri buruzko dokumentala aurre-ekoizteko lanetan ari da. 2010eko otsailean dute aurreikusita estreinatzea; hots, Marley jaio zela 65 urte betetzean.

Aurten, azkenik, bi filmetan aritu da lanean Jonathan Demme. Lehena, Rachel Getting Married, «umore garratzeko drama» da. Protagonista azken hamar urteak errehabilitazio zentroetatik sartu-irtenean eman ostean bere arrebaren ezkontzarako etxera itzultzen den neska gaztea da. Anne Hathaway, Debra Winger eta Rosemarie DeWitt aktoreek antzeztutako lana hurrengo Veneziako Mostran lehiatuko da eta Donostian ere ikusi ahal izango da emanaldi berezi batean.

Donostian estreinatuko dute munduan lehen aldiz, era berean, Jonathan Demmek Neil Young musikariari buruzko bukatu gabeko bertsioa, Neil Young Trunk Show; musika akustikoa eta elektrikoa uztartzen dituen energiaz beteriko filma.  

Jonathan Demme Baldwinen, New York, jaio zen 1944an. Zinemako bere lehen hiru lanak, Caged Heat (1974), Crazy Mama (1975) eta Fighting Mad (1976), Roger Corman ekoizlearen New Word Pictures produkzio-etxearentzat egin zituen. Jarraian, Hollywoodeko zinema-estudio handientzako lanean hasi eta Handle with Care (1977), Last Embrace (1979) eta Melvin and Howard (1980) bezalako lanak egin zituen.  Azkenean, nazioarte mailako ospea lortu zuen 80ko hamarkadako komedia onenetakoa den Something Wild (1984) filmarekin.

Orain artean, hiru aldiz parte hartu du Demmek Donostia Zinemaldian; Stop Making Sense lanarekin lehiaketatik kanpo Zuzendari Berriak sailean 1984an; Married to the Mob filmarekin Sail Ofizialean 1988an; eta Neil Young: Heart of Gold lanarekin Zabaltegiko Perlak sailean 2006an.


Materiales relacionados
 
 
 



 


Babesle ofizialak
Kolaboratzaile ofizialak
Instituzio Kideak

© Donostiako Nazioarteko Zinemaldia - Mister-i Mobile Solutions eta Yo Miento Producciones ek landutakoa