WEB GUNE OFIZIALA EUSKERA

Hemen zaude: Lehen orrialdea › Berriak

   Berriak

Espainiako zinema Zinemaldiko bi sailetan izango da; hiru film Sail Ofizialean eta beste hiru Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean

Camino, El patio de mi cárcel eta Tiro en la cabeza filmak lehiatuko dira Sail Ofizialean eta Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean, berriz, Amateurs, Chicos normales eta El truco del manco filmek hartuko dute parte

Flores de luna Zabaltegi-Bereziak sailean aurkeztuko da, Titón, de La Habana a Guantanamera Horizontes-Bereziak atalean eta La casa de mi padre, berriz, Euskal Zinemaren Egunean estreinatuko da

2008/08/12
Imprimir página

Donostia Zinemaldiaren hurrengo edizioan Espainiako zinemako hiru film izango dira Sail Ofizialean, eta beste hiru Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean. Jakina denez, Javier Fesserrek zuzendutako Camino; Belén Macíasen El patio de mi cárcel; eta Jaime Rosalesen Tiro en la cabeza filmak lehiatuko dira Sail Ofizialean.

Horiez gain, Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean beste hiru film eskainiko dira: Gabriel Velázquezek zuzendutako Amateurs; Daniel Hernándezen Chicos normales; eta El truco del manco, Santiago Zannourena. Hiru film horiek, El patio de mi cárcel filmarekin batera, Altadis-Zuzendari Berriak Saria eskuratzeko hautagai izango dira. Saria 90.000 eurokoa da, eta filmaren zuzendariak eta banatzaileak jasotzen dute erdi bana.

Bestalde, Zabaltegi-Bereziak atalean Juan Vicente Córdobak zuzendutako Flores de luna film luze dokumentala ere eskainiko da eta Horizontes-Bereziak atalean Mirtha Ibarraren Titón, de La Habana a Guantanamera.
 
Horiez gain, Euskal Zinemaren Egunean, Gorka Merchán zuzendari donostiarraren lehen film luzea estreinatuko da, La casa de mi padre. Egun horretan, beste bi film ere aurkeztuko dira lehenengo aldiz. Laster ezagutaraziko dute zein film izango diren.

Espainiako filmen artean, lau film luze ere bai: Daniel Burmanen (Argentina-Espainia-Frantzia) El nido vacío, Sail Ofizialean parte hartuko duena; Woody Allenen (Espainia-AEB) Vicky Cristina Barcelona, Zabaltegi-Perlak atala inauguratuko duena; Andrea Martínez Crowtherren (Mexiko-Espainia) Cosas Insignificantes Zabaltegi-Zuzendari Berriak atalean eta Federico Veirojen (Uruguai-Argentina-Mexiko-Espainia) Acne, Horizontes Aukeraketa atalean.

Ohi bezala, Made in Spain atalean azken urte honetako Espainiako ekoizpenaren izenburu esanguratsuenetako batzuk eskainiko dira.

 

SAIL OFIZIALA

Camino Javier Fesser Oscar sarietako hautagaiaren hirugarren film luzea da. Zuzendari, gidoilari eta ekoizle lanak egin ditu Javier Fesserrek, eta berak zuzendutako film luzeen artean daude El milagro de P.Tinto (1998) eta La gran aventura de Mortadelo y Filemón (2003). Era berean, nazioartean saritu dituzten film laburrak ere egin ditu Fesserrek; hala nola, El secdleto de la tlompeta (1995), Aquel ritmillo (1995), La sorpresa (2001) eta Binta y la gran idea (2004). Azken film labur horrekin, fikziozko film labur onenaren Oscar sarietarako hautagai izan zen. Camino obrarekin erregistro berria erakutsiko digu Fesserrek: familiako drama, kontakizun magikoak eta erlijioarekiko debozioa nahasirik. Carmen Elías, Nerea Camacho, Mariano Venancio eta Manuela Vellés aktoreak dira Camino filmeko protagonista, eta Películas Pendelton eta Mediapro etxeek ekoitzi dute.

El patio de mi cárcel da Belén Macíasek egindako lehen film luzea. Lehendik Mala espina (2000) eta El puzzle (2001) film laburrak eginak ditu, eta nazioartean 70 sari baino gehiago irabazi ere bai; horien artean, El puzzlek irabazitako film labur onenaren Goya saria. Filma El Deseo P.C. eta Warner Bros Entertainment España SL etxeek ekoitzia da, eta hainbat aktore ezagunek hartzen dute parte; hala nola, Candela Peñak, Verónica Etxegik, Ana Wagenerrek, Blanca Portillok eta Patricia Reyes Spíndolak. El patio de mi cárcel preso dauden emakumeen istorioa da. Emakume horiek, mundu honetan izan duten zorigaiztoari aurre egiteko antzerki taldea osatuko dute.

Jaime Rosalesek, iaz, La soledad filmarekin zuzendari onenaren eta film onenaren Goya sariak jaso zituen. Aurten, bere azken filma, Tiro en la cabeza, ekarriko du Donostiara. Bartzelonako zuzendariaren lehenengo lana Las horas del día (2003) izan zen, eta Fipresci saria jaso zuen Canneseko Zuzendarien Hamabostaldian. Azken film honetan zinema hizkuntza berriak aztertzen jarraitzen du, La soledad (2007) lanean egin zuen bezalaxe. Azken film horri esker, ezagun egin zen nazioartean Canneseko zinema jaialdiko Un Certain Regard lehiaketan parte hartu ondoren.

ZABALTEGI-ZUZENDARI BERRIAK
Altadis

Amateurs Gabriel Velázquez salamancarrak zuzendutako bigarren film luzea da. Sud Express zuzendu zuen Chema de la Peñarekin batera; 2005eko Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen film hura, hain zuzen. London Calling (2000) eta Soldaditos de latón (2001) film laburrak ere berak zuzendu zituen.

Chicos normales Daniel Hernándezek zuzendutako lehen film luzea da. Alea Docs & Films etxeak ekoitzitako filma da.  Benetako esperientzietan oinarrituta dago. Jama Mezwak Tetuango auzo marjinaleko hiru gazteren etxeetan eta bizitzetan sartzen da filma. Bertan jaiotakoak dira 2004ko martxoaren 11n Madrilen izandako atentatuan parte hartu zuten terrorista suizidetako bost.

Santiago Zannouren lehenengo film luzea dugu El truco del manco. Film labur onenaren Goya saria eskuratzeko hautagai izandako Cara sucia (2004), eta Mercancías (2005) ere Zannouk zuzendutakoak dira. Enrique Heredia «El Cuajo»ren historia kontatzen du filmak. Ijito ez izan arren ijito itxurako gizon saiatua da bera. Gorputz erdia garun perlesiaren ondorioz kaltetuta du eta zailtasunak ditu ibiltzeko. Juan Manuel Montillak interpretatzen du pertsonaia, «El Langui» ezizenez ezaguna den La Excepción ijito kastako hip hop taldeko liderrak. Madrilgo Pan Bendito auzoko talde honek gaztelerazko munduko talde onenaren MTV Europa saria jaso zuen 2006an.

ZABALTEGI-BEREZIAK

Flores de luna Juan Vicente Córdobak zuzendutako dokumentala da. Aunque tú no lo sepas, 2000. urtean Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean parte hartu zuena eta A golpes (2005) film luzeak ere berak zuzendutakoak dira. Madrilgo Pozo del Tío Raimundo auzoaren bilakaera kontatzen du filmak eta Espainiako gizartearen isla da. Klaseen arteko borroka, elkartasuna eta herritarren parte-hartzea ikusten dira 50 urte baino gehiagoko aldian.

EUSKAL ZINEMAREN EGUNA

La casa de mi padre, Gorka Merchán donostiarraren lehenengo film luzea, modu berezian estreinatuko da Euskal Zinemaren Egunean. Carmelo Gómez, Juan José Ballesta, Emma Suárez eta Verónica Etxegi dira filmeko protagonistak. «Nire aitaren etxea defendatzeko modurik onena etxe hori guztiona izaten uztea da, inork besteen gainetik egoteko eskubiderik izan gabe. Horrexegatik, beharrezkoa da etxe itxiaren irudia alde batera utzi eta Euskadi hiri gisa ulertzen hastea; herritar ezberdinen bizileku den hiri gisa, alegia, ezberdinak izanagatik eskubide berdinak dituzten hiritarren hiria.»
 

SAIL OFIZIALA

ARUITEMO, ARUITEMO

CAMINO

Espainia.
Zuzendaria: Javier Fesser.
Aktoreak: Nerea Camacho, Carme Elias, Mariano Venancio, Manuela Vellés.


Oscar sarirako hautagia Oscar Javier Fesserren hirugarren film luzea El milagro de P.Tinto (1998) eta La gran aventura de Mortadelo y Filemón (2003) filmeen ondoren. Duela gutxiko benetako gertakari batean inspiratutako Camino emozio-abentura da, hamaika urteko neska baten ingurukoa. Beretzat berriak diren bi gertakariri egin behar dien aurre,  maitasunari eta heriotzari. Camino, batez ere, ixten zaizkion ate beldurgarriak zeharkatzeko gai den argi distiratsua da, lortu gabe neskaren bizitzeko, maitatzeko eta behin betiko pozik bizitzeko nahiak kendu nahi baitizkiote.



ARUITEMO, ARUITEMO

EL PATIO DE MI CÁRCEL

Espainia.
Zuzendaria: Belén Macías.
Aktoreak: Candela Peña, Verónica Etxegi, Ana Wagener, Violeta Pérez.


Belén Macías zuzendariaren lehen film luzea da El patio de mi cárcel, eta emakumezkoen istorioa kontatzen du. Preso, baztertuta dauden emakumeen istorioa. Isa, atrakatzailea, mikatza baina eskuzabala, kartzelatik kanpoko bizimodura egokitzeko ez da gauza. Bere lagunak: Dolores, senarra akabatu duen ijito ilehoria; Rosa, emagaldu hauskorra eta samurra; Ajo, Pilarrekin maiteminduta dagoen neska, bere maitasuna ia jasan ezin den muturreraino eramango du; Luisa, emakume goxo kolonbiarra, ulertzen ez duen inguruak harrituta bizi dena. Espetxeetako funtzionario berria, Mar, ez da ohituko instituzioko arauetara, eta hura heltzen denean emakume horiek askatasunerako bideari ekingo diote. Espetxeko zuzendari Adelaren laguntzarekin, Módulo 4 sortuko dute; mundu honetan izan duten zorigaiztoari aurre egiteko balioko dien antzerki taldea, hain zuzen.
Altadis-Zuzendari Berriak sarietarako hautagaia
Altadis

ARUITEMO, ARUITEMO

TIRO EN LA CABEZA

Espainia.
Helbidea: Jaime Rosales.
Aktoreak: Ion Arretxe, Iñigo Royo, Jaione Otxoa, Ana Vila.


Ionek gizon arrunta dirudi. Goizean altxatu, gosaldu, gauzak konpondu eta abokatu batzuekin biltzen da. Gau batez, festa batean, neska bat ezagutuko du. Neskaren etxean pasatuko dute gaua elkarrekin. Bere bizitzan ez dago gorabeherarik. Telefono-kabina batetik eginiko deia; kalean aurkitutako laguna; garrantzirik gabeko eguneroko egoerak. Egun batean beste bi pertsonarekin igoko da auto batean. Frantziako muga igaroko dute. Senar-emazte batzuen etxean pasatuko dute gaua. Biharamunean, errepide bazterreko kafetegi batean topo egin ostean, paisanoz jantzitako bi goardia zibil hilko dituzte.


ZABALTEGI-ZUZENDARI BERRIAK

ARUITEMO, ARUITEMO

AMATEURS

Espainia.
Zuzendaria: Gabriel Velázquez.
Aktoreak: Emilie de Preissac, Paco Luque, Alberto Díaz, Juanma Hernández.


Marseilla (Frantzia)­: Blancaren hamaseigarren urtebetetze egunean, bere ama hiru tona arrainek azpian harrapatuta hilko da, eta Blanca bakarrik geldituko da munduan. Vallecas (Madril): Julio Nieves, 65 urteko eraikuntza alorreko langileburu sendoa zerraldo erori da dutxatzen ari zela. Hemendik aurrera, datorkion erretiro gogorrari egin beharko dio aurre. Zer egingo zenuke bizkar gainean urte asko eta munduan bakarrik zaudenean zerutik alaba bat eroriko balitzaizu? Gezurra bada ere? Zer egiteko gai gara bakarrik ez egotearren?

ARUITEMO, ARUITEMO

CHICOS NORMALES

Espainia.
Zuzendaria: Daniel Hernández.
Aktoreak: Aktore ez profesionalak.


Chicos normales Daniel Hernándezek zuzendutako lehen film luzea da. Benetako esperientzietan oinarrituta dago. Jama Mezwak Tetuango auzo marjinaleko hiru gazteren etxeetan eta bizitzetan sartzen da filma. Bertan jaiotakoak dira 2004ko martxoaren 11n Madrilen izandako atentatuan parte hartu zuten terroristetako bost.

ARUITEMO, ARUITEMO

EL TRUCO DEL MANCO

Espainia.
Zuzendaria: Santiago Zannou.
Aktoreak: El Langui, Ovono Candela, Javier Iglesias Bustamante, Elio Sagües.


Enrique Heredia «El Cuajo»ren historia kontatzen du El truco del manco filmak. Ijito ez izan arren ijito itxurako gizon saiatua da bera. Gorputz erdia garun perlesiaren ondorioz kaltetuta du eta zailtasunak ditu ibiltzeko. Adolfo hiriko kanpoaldeko lotarako auzo batean bizi den mutil gazte mulatoa da. Aita alkoholikoa du eta osasun arazoak ditu. El Cuajok bere lagun Adolfo konbentzituko du musika estudio bat jarri eta hortik bizimodua ateratzeko, biek partekatzen duten talentua eta pasioa bidelagun dutela: Hip Hopa. Juan Manuel Montillak interpretatzen du El Cuajo pertsonaia, «El Langui» ezizenez ezaguna den La Excepción ijito kastako hip hop taldeko liderrak. Madrilgo Pan Bendito auzoko talde honek gaztelerazko munduko talde onenaren MTV Europa saria jaso zuen 2006an. El Languik eta pertsonaiak hainbat parekotasun dituzte: jaiotzetiko ezgaitasun fisikoa, musikarekiko pasioa, ingurunea eta beste gauza asko. Ezaugarri horiei guztiei esker, pertsonaia benetako pertsonaren isla da.



ZABALTEGI-BEREZIAK

ARUITEMO, ARUITEMO

FLORES DE LUNA

Espainia.
Zuzendaria: Juan Vicente Córdoba. Dokumentala.

Pozo del Tío Raimundu auzoa 50eko hamarkadan inolako kontrolik gabe eraikitako auzunea da, «ilargiaren loreak» balira bezala hazten ziren buztin eta latazko «etxeekin». Gauez eraikitzen zituzten etxeak. Auzo hartako txabola batetik, Llanos aita «apaiz gorriak», immigranteek justizia eta askatasuna lortzeko zuten amets utopikoari haize eman zion. Elkartasunaren, asaldatzearen eta auzotik bertatik mundu alda daitekeen ustearekin ametsetan nortasun berri bat sortzeko egunak eta urteak. Jende talde hau nola jabetu zen bizitzen ari ziren egoeraz? Eta beren indarraren eta bat-egitearen bidez nola ekin zioten aldaketari?

HORIZONTES-BEREZIAK

ARUITEMO, ARUITEMO

TITÓN, DE LA HABANA A GUANTANAMERA

Espainia.
Zuzendaria: Mirtha Ibarra.
Dokumentala.


Titón, Tomás Gutiérrez Alea (1928-1996) zinemagilea zinema garaikideko izenik garrantzitsuenetakoa da. Dokumentalak Habanan jaio zenetik Guantanamera, bere azken filma, egin arteko ibilbide zinematografiko zabala erakusten du, baita bere pentsamendu eta konpromisoen ibilbidea ere. Zuzendariaren beraren, bere familiakoen eta profesionalen lekukotzen bidez erakusten ditu ibilbide horiek. Bidea egiteko hari gidari gisa, ikuspuntu zirraragarria eta ezinbestekoa: Mirtha Ibarraren ikuspuntua, hain zuzen. Bera da dokumentalaren zuzendaria eta Titónen azken 23 urteko bikotekidea.


EUSKAL ZINEMAREN EGUNA

ARUITEMO, ARUITEMO

LA CASA DE MI PADRE

Espainia.
Zuzendaria: Gorka Merchán.
Aktoreak: Carmelo Gómez, Juan José Ballesta, Verónica Etxegi, Alex Angulo, Emma Suárez.


Txomin Garai, enpresaburua eta gaztetan pilotari fina izandakoa, bere herrira itzuliko da Argentinan hamar urte igaro ondoren. Blanca emaztearekin eta Sara alaba bakarrarekin etorriko da Txomin. Itzuleraren arrazoi nagusia zera da, urtetan hitzik egin ez dion bere anaia Koldo hiltzen ari dela. Koldo, gaixotasunak jota, oso eroria dago. Bien arteko ezberdintasun sakonengatik Txominekiko denbora luzean izan duen gorrotoa alde batera utzita, lan zail bat egiteko eskatuko dio anaiari: Gaizka (Juanjo Ballesta) bere seme nerabea arrastoan sartzea. Etorkizun handiko pilotaria da Gaizka, baina ez dio pilotari behar lukeen adinako arreta eskaintzen.

ATAL EZBERDINETAKO KOPRODUKZIOAK

ARUITEMO, ARUITEMO

EL NIDO VACÍO
(Sail Ofiziala)

Argentina-Espainia-Frantzia.
Helbidea: Daniel Burman.
Aktoreak: Oscar Martínez, Cecilia Roth, Arturo Goetz, Inés Efron.


Daniel Burman zuzendari argentinarraren seigarren lana da. Aurretik Esperando al Mesías (2000), El abrazo partido (2004) eta Derecho de familia (2006) egin zituen, besteak beste. Seme-alabak hazten direnean eta etxetik alde egiten dutenean, senar-emazteen artean arazoak azaleratzen dira (urtetan familia bizitzako zaratek eta kaosak ezkutaturikoak), eta gorabehera horiek jorratzen ditu El nido vacío obrak. Leonardo izango da adierazitako egoerari aurre egingo dion idazle ospetsua baina gogaitua; nazkatuta dago Buenos Aires hiriko erdi mailako klaseko kide izateagatik bizi behar dituen gizarte egoerekin, eta adin ertaineko krisia jasatear dagoen gizona dela dirudi. Bihozbera da bere krisiarekin eta inguruan gertatzen diren aldaketei fobia die.

ARUITEMO, ARUITEMO

VICKY CRISTINA BARCELONA
(Zabaltegi-Perlak Inaugurazioa)

Espainia-AEB
Zuzendaria: Woody Allen.
Aktoreak: Javier Bardem, Scarlett Johansson, Penélope Cruz, Rebecca Hall.

Bi neska gazte amerikar, Vicky eta Cristina, Bartzelonara iritsiko dira udako oporrak igarotzera. Vicky zentzuzko emakumea da eta senargaiarekin ezkontzekotan da. Cristina abenturazalea da emozioen eta sexuaren arloan. Bartzelonan, hainbat ezohiko maitasun-saltsatan sartuta ibiliko dira Juan Antoniorekin. Karisma handiko margolaria da Juan Antonio. Margolariak, aldi berean, María Elena bere emazte ohi odolberoarekin duen harremanari ere eusten dio. Bartzelonako sentsualitate mediterraniar liluragarria kokaleku gisa duela, Vicky Cristina Barcelona maitasunaren agerpen guztiei eskainitako lan dibertigarri eta aurreiritzirik gabekoa da.
TCM

ARUITEMO, ARUITEMO

COSAS INSIGNIFICANTES
(Zabaltegi-Zuzendari Berriak)

Mexiko-Espainia
Zuzendaria: Andrea Martínez Crowther
Antzezleak: Barbara Mori, Lucía Jimenez, Carmelo Gómez, Fernando Luján

Esmeralda nerabeak obsesio arraroa du: galdutako trasteak, ahaztuta utzitakoak edota ezezagunek botatakoak jaso, eta ohepean duen kutxan gordetzen ditu. Kutxako hiru objekturen eta beren atzean dauden pertsonen istoria dugu hau; pertsonaia guztiak ere ez dira gai izango kuttunen dituzten pertsonekin konektatzeko. Kutxaren istorioa ere bada, Esmeraldak kutxa irekitzen ikasiko du, sentitu egingo du eta altxorrik preziatuena gordetzen ikasiko du: giza harremanak.
Altadis

ARUITEMO, ARUITEMO

ACNE
(Horizontes Aukeraketa)

Uruguai-Argentina-Mexiko-Espainia.
Zuzendaria: Federico Veiroj.
Aktoreak: Alejandro Tocar, Yoel Bercovici, Igal Label, Gustavo Melnik.

Federico Veirojen lehenengo film luzea, Zinema Eraikitzen 12 atalean hautatua (2007). Rafael Bregman hamahiru urteko nerabeak galdua du birjintasuna, baina inoiz ez dio neska bati musurik eman. Bere ametsa lortzeko, akneari egin behako dio aurre, bere baldartasunaren aurka borroka egin beharko du, lotsa gainditu beharko du, eta, azken finean, nerabezaroari buru eman.

 Donostia, 2008ko abuztuaren 12a


Materiales relacionados
 
 
 



 


Babesle ofizialak
Kolaboratzaile ofizialak
Instituzio Kideak

© Donostiako Nazioarteko Zinemaldia - Mister-i Mobile Solutions eta Yo Miento Producciones ek landutakoa