BEN STILLER ETA ROBERT DOWNEY JR. AKTOREEKTROPIC THUNDER AURKEZTUKO DUTE DONOSTIA ZINEMALDIAN
| 2008/08/14 |
|
 |
Ben Stiller eta Robert Downey Jr.-k Tropic Thunder komedia aurkeztuko dute Donostia Zinemaldian; aurten gehien itxarondako Ameriketako Estatu Batuetako filmetako bat, hain zuzen ere. Ben Stiller-ek zuzendu du DreamWorks etxearen ekoizpen hau. Paramount Pictures Spain etxeak banatu du Espainian, eta Donostia Zinemaldian aurkeztuko dute, Sail Ofizialean, lehiaketatik kanpo.
Ben Stiller, Jack Black eta Robert Downey Jr. dira Tropic Thunder filmeko aktoreak. Akzio komedia honek izugarrizko gerra-film garestia interpretatzeko asmoa duten aktore egozentriko talde baten ingurukoak kontatzen ditu. Kostuak izugarri garestitu dituztelako estudioak filma bertan behera utzi beharko du; hala, zuzendaria, etsipenak jota, Asia hego-ekialdeko basoetara joango da, eta benetako tipo gaiztoak aurkituko dituzte bertan.
Ben Stillerrek aktore, gidoilari eta zuzendari lanak txandakatzen jarraitzen du, eta azken urteetan berebiziko izen ona lortu du. Komedia generoan Reality Bites (1994) eta The Cable Guy (1996) filmekin irmotu ostean eta moda-munduaren laztasuna Zoolander (2001) filmekin kontatu ondoren, Stillerrek umore bizkorra eta ausarta zinemaren mundura eramango du; hala, Hollywooden, bertako izarren eta ekoizpen-sistemen irakurketa ironikoa egingo du. Gerra-film bat filmatzeko prozesutik abiatuta, Tropic Thunder obrak umore inspiratua eta lotsagabea tartekatuko ditu erreferentzia zinematografikoekin. Era berean, hainbat aktoreren kolaborazio harrigarriak ere izango dira; beste hainbaten artean, Tom Cruise, Nick Nolte, Matthew McConaughey eta Steve Coogan agertuko dira filmean.
Paramount Pictures Corporation (PPC) etxearen inguruan:
Paramount Pictures Corporation ikus-entzunezkoak mundu mailan ekoizten eta banatzen dituen etxea da. Viacom taldean txertatuta dago. Edukien alorreko konpainia liderra da, eta ondoko alorrak jorratzen ditu: zinema ekoiztea eta banatzea, kable bidezko telebista seinaleak, telesailak ekoiztea eta banatzea, bideojokoen enpresak, etab. Konpainiak hainbat marka ditu; hala nola, Paramount Pictures, Paramount Vantage, Paramount Classics, MTV Films, Nickelodeon Movies eta DreamWorks Studios. PPCk, era berean, honako etxeak ere biltzen ditu: Paramount Digital Entertainment, Paramount Home Entertainment, Paramount Pictures International, Paramount Licensing, Inc., Paramount Studio Group eta Worldwide Television Distribution.
Donostia, 2008ko abuztuaren 14a |