WEB GUNE OFIZIALA EUSKERA

Hemen zaude: Lehen orrialdea › Donostia Sariak

   Donostia Sariak 2007
 

  • DONOSTIA SARIAK 2007
  • Richard Gere
  • Liv UllmaNN
  • Donostia Sariak

Richard Gere eta Liv Ullmann aktoreek Donostia Zinemaldiko Donostia Saria jasoko dute

Richard Gere aktoreak eta Liv Ullmann aktore eta zuzendariak, 55. Zinemaldiaren Donostia Saria jasoko dute. Horrela, euren izenak zine-ibilbide oso baten ohorezko sari entzutetsu hau dagoeneko jaso duten zine-izar handien zerrendara gehituko dira: Gregory Peck (1986), Glenn Ford (1987), Vittorio Gassman (1988), Bette Davis (1989), Claudette Colbert (1990), Anthony Perkins (1991), Lauren Bacall (1992), Robert Mitchum (1993), Lana Turner (1994), Susan Sarandon eta Catherine Deneuve (1995), Al Pacino (1996), Michael Douglas, Jeremy Irons eta Jeanne Moreau (1997), John Malkovich eta Anthony Hopkins (1998), Fernando Fernán-Gómez, Vanessa Redgrave eta Anjelica Huston (1999), Michael Caine eta Robert de Niro (2000), Julie Andrews, Warren Beatty eta Francisco Rabal (2001), Jessica Lange, Bob Hoskins, Dennis Hopper eta Francis Ford Coppola (2002), Isabelle Huppert, Sean Penn eta Robert Duvall (2003), Woody Allen, Annette Bening eta Jeff Bridges (2004), Ben Gazzara eta Willem Dafoe (2005) eta Max Von Sydow eta Matt Dillon (2006).

RICHARD GERE
(Igandea 23)

 

 

LIV ULLMANN
(Ostirala 28)

 

 


RICHARD GERE (Igandea 23)

Estatubatuar zinema garaikideak eman duen izar handietako bat da Richard Gere (Filadelfia, 1949), aldaberatasun handiko aktore, galai klasiko handien ildoa jarraitu du, arrakasta handiko zinema eta zuzendari pertsonalagoekin eginiko lanak naturaltasun osoarekin txandakatuz.

Gere bere ospea eta antzezpen-gaitasuna berrituz joan da bere ibilbidea sasoi bakoitzean: bere belaunaldiko aktore onenetakoa eta karismatikoenetakoa bihurtu zuten lehen pelikuletatik, Yanks (Yankiak, 1979), American Gigolo (1980) eta An Officer and a Gentleman (Ofizial eta gizon prestu, 1982), Pretty Woman (1990) filmaren arrakasta itzelera edo urteen joan-etorrian erakutsi duen erregistro aldaeretara, adibidez, thrillerrean: Final Analysis (Azken analisia, 1992), Primal Fear (Oinarrizko beldurra, 1996), Unfaithful (Desleiala, 2002); abenturan: First Knight (Lehen zalduna, 1995), komedian: Runaway Bride (Emaztegaia ihesi, 1999); drama erromantikoan: Autumn in New York (Udazkena New Yorken, 2000) edo musikalean: Chicago (2002), honekin aktore onenaren Urrezko Globoa irabaziz.

Horrez gain, zuzendari handienetako batzuekin ere aritua da: Robert Mulligan –Bloodbrothers (Odol bereko anaiak, 1978)–, Terrence Malick –Days of Heaven(Zeruko egunak, 1978)–, Francis Ford Coppola –Cotton Club, 1984–, Sidney Lumet –Power, 1986–, Akira Kurosawa –Hachi-gatsu no kyôshikyoku (Abuztuko rapsodia, 1991)–, Mike Figgis –Internal Affairs (Barne arazoak, 1990) eta Mr. Jones (1993)– edo Robert Altman – Dr. T. and the Women (T doktorea eta emakumeak, 2000)–.

Donostia Zinemaldira Lasse Hallströmek zuzendutako The Hoax (Egundoko maula) filma dakar, zeinean Howard Hughsen biografo izandako Clifford Irving idazlea antzezten duen, Alfred Molina eta Marcia Gay Hardenekin batera. Gainera, udazken honetan beste bi pelikula estreinatuko ditu. Lehenbizi, gerraosteko Bosnian bi kazetarien istorioa kontatzen duen The Hunting Party filmeko protagonista izango da. Honez gain, Bob Dylanen bizitza eta abestiak zazpi pertsonaien bidez kontatzen dituen I’m Not There filman ikusi ahal izango dugu. Cate Blanchett, Christian Bale eta Heath Ledger ere antzeztaldeko partaide direla.

Pantailatik kanpo, Gere piano-jole eta konpositore aditua da. Halaber, proiektuen garapenean eraginkorki parte hartzen du eta Final Analysis (Azken analisia), Mr. Jones eta Sommersby filmen produktore exekutibo ere izan da.

Dalai Lamaren ikastun eta lagun, Gerek azken 20 urteotan maiz bidaiatu du India, Nepal, Zanskar, Tibet, Mongolia eta Txinara, eta argazkilari gisa jardun du eskualde hauetan.

1997an Little, Brown and Company-k argitaratutako Pilgrim bere lehen liburua, budismoan sakontzen emandako hogeita bost urteak irudikatzen dituen argazki-bilduma da. Dalai Lamaren hitzaurreaz, antzinako mundu espiritual honen gaineko Geren ikuspegi pertsonala eskaintzen du.

Giza eskubideen defendatzaile nabarmena delarik, Tibetek Txinaren okupaziopean bizi duen tragediaren gainean arreta erakartzen lagundu du Gerek. Gere Foundation erakundearen fundatzaile moduan, osasun-heziketako eta giza eskubideen aldeko hainbat proiektutan esku hartzen du, eta Tibet bera nahiz mehatxatutako bertako kultura ezagutzera emateko konpromiso irmoan dihardu lanean. Fundazioak, halaber, Dalai Lamarekin nahiz erbesteko tibetar komunitatearekin zuzenean kolaboratzen du, eta Tibeteko herriaren kultur biziraupenari laguntza ematen dio. 1987an, Gere New Yorkeko Tibeteko Etxearen presidente sortzaile izan zen, eta hura 1991n utziz gero, egoitza Washington D.C.-n duen Tibeten aldeko nazioarteko kanpainaren Zuzendaritza Batzordeko partaide dugu, 1996an aipatu batzordeko presidente bihurtu zelarik. Gerek Tibeteko ordezkari moduan jardun du ondoko erakundeen aurrean: AEBetako Senatuaren Kanpo Harremanen Batzordean, AEBetako Senatuaren Giza Eskubideen Taldean, Europako Parlalamentuan, eta AEBetako Kongresuaren Giza Eskubideen eta Nazioarteko Operazioen Azpilantaldean.

Gaur egun, Gere bere emazte Carey Lowellekin eta bien semearekin, Homerrekin, bizi da New Yorken.

Richard Gereri omenaldi gisa, Lasse Hallströmen The Hoax (2006) filma eskainiko da Zabaltegiko Perlak atalean.


LIV ULLMANN (Ostirala 28)

Liv Ullmannek (Tokio, 1938) ibilbide bizi eta zorrotza garatu du, hala aktore nola zuzendari moduan, bai europar zineman nahiz antzerkian ere. Bere naturaltasunaz eta bere aurpegi adierazgarriaren indarraz  gizakiaren konplexutasun osoa adieraztea lortu du, eta Ingmar Bergman maisuaren zineman oso garrantzitsua izan da, harekin aritua baita ondoko pelikuletan: Persona (1966), Vargtimmen (Otsoaren ordua, 1968), Skammen (Ahalkea, 1968), Viskningar och rop (Garrasiak eta xuxurlak, 1972), Scener ur ett atkensapp (Senar-emazteen eszenak, 1973), Ansikte mot ansikte (Aurpegiz aurpegi, 1975), The Serpent’s Egg (Sugearen arrautza, 1977), Höstsonaten (Udazkeneko sonata, 1978) edo suediar zuzendariaren azken filman, Saraband (2003). Horrez gain, Bergmanen gidoiak moldatu ditu zuzendari gisa egindako bi pelikuletan.

Halere, Liv Ullmannek beste zuzendari askorekin egin du lan. Jan Troellen Emigranteak (Utvandrama, 1971) eta Lurralde berria (Nybyggarna, 1972) diptikoan Kristinarena egin zuen, 1973an emakumezko aktore onenaren Oscarrerako izendapena bereganatuz, honako proposamena errepikatuko zuelarik Ingmar Bergmanen Aurpegiz aurpegi (Ansikte mot ansikte) lanarekin. Bost aldiz izan da Urrezko Globorako hautagai, 1973an Emigranteak filmarekin lortuko zuena. Bere antzezpen handietako batzuk zine historikoari  –Pope Joan (Joana ama santua, 1972), The Abdication (Abdikazioa, 1974)–, eta dramari –Mosku adio (Mosca addio, 1987), Epaiketa ezezagun bati (The Rosegarden, 1989)– eman dizkio.

Liv Ullmann Londresen antzerkia eginez trebatu zen aktore moduan. Debuta Stavanger-eko (Norvegia) Rogaland antzokiko agertokian egin zuen eta film batean lehen papera, berriz, 1957an. Antzerkian, Liv Ullmannek makina bat protagonista antzeztu ditu Norvegian, Suedian, Londresko West Enden, Australian, Los Angelesen nahiz Broadwayn. Bere antzezteko moduaz esan dute, “lurreko edertasuna eta artifiziorik gabeko antzezpena” uztartzen dituela. Haatik, azken urte hauetan gero eta gutxiago agertzen da eszenatokian nahiz pantaila handian, arreta gehien bat gidoien idazketan eta zuzendaritzan jarri baitu.

1992an, bere lehen film luzea idatzi eta zuzendu zuen, Sofie, Montrealgo jaialdian hiru sari bereganatuz. Kristin Lavransdatter filma zuzendu zuen gero, gidoia idazteaz ere arduratu zelarik, Sigrid Undseten eleberri-sorta ospetsua zinemara egokituz. SVT Drama-rekin elkarlanean 1996an hasi zen, Ingmar Bergmanen gidoiarekin Private Confessions zuzendu zuenekoan. Private Confessions filmak zinema nahiz telebistako sari ugari jaso zituen. 2000an, Ullmannek Faithless zuzendu zuen, hau ere Ingmar Bergmanek idatzia.

Liv Ullmann UNICEFen “Borondate oneko enbaxadore” izan da 20 urtez. Halaber, beste hainbeste urtez izan da munduko errefuxiatuen alde diharduen International Rescue Committee (IRC) batzordeko presidenteorde. 1976an, bere lehen liburua idatzi zuen Changing biografia, Espainian Senderos izenburupean argitaratua. 1984an, Choices idatzi zuen, Espainian Valladolideko Zinemaren Asteak Opciones izenburuarekin argitaratu zuena. Liburu biak hogeita lau hizkuntzatara itzuli dituzte.

1988an Liv Ullmannek Emakumezko Antzezpen Onenaren Donostia Saria jaso zuen, Cipe Linkovskyrekin erdibana, Jeannine Meerapfelen La amiga - Die Freundin filman jokatutako paperagatik.

Liv Ullmanni omenaldi gisa, Donostia Zinemaldiak berak zuzendutako lau film luze emango ditu: Sofie (1992), Kristin Lavransdatter (1995), Enskilda samtal (Aitormen pribatuak, 1996) eta Trolösa (Fildeltasunik eza, 2000), baita haren bizitza hizpide duen Edvard Hambroren Liv Ullmann-scener fra et liv / Liv Ullmann-Scenes from a life (1997) dokumentala ere.

Horrez gain, Ingmar Bergman maisuarekin egindako azken filmak, Saraband, amaiera emango dio Sukar Izoztua sailari.

Zinemaldiak zinearen izar handi bati omenaldi egiten dio bere jardunbidea goraipatzeko, 1986an sortu zen Donostia Sariaren bidez.

Lehendabizikoa Gregory Peck (1986), izan zen, eta ondorengo sarituak izan dira: Glenn Ford (1987), Vittorio Gassman (1988), Bette Davis (1989), Claudette Colbert (1990), Anthony Perkins (1991), Lauren Bacall (1992), Robert Mitchum (1993), Lana Turner (1994), Susan Sarandon eta Catherine Deneuve (1995), Al Pacino (1996), Michael Douglas, Jeremy Irons eta Jeanne Moreau (1997), John Malkovich eta Anthony Hopkins (1998), Fernando Fernán-Gómez, Vanessa Redgrave eta Anjelica Huston (1999), Michael Caine eta Robert de Niro (2000), Julie Andrews, Warren Beatty eta Francisco Rabal (2001), Jessica Lange, Bob Hoskins, Dennis Hopper eta Francis Ford Coppola (2002), Isabelle Huppert, Sean Penn eta Robert Duvall (2003), Woody Allen, Annette Bening eta Jeff Bridges (2004), , Ben Gazzara eta Willem Dafoe (2005), Max Von Sydow eta Matt Dillon (2006)

1986
1987
1988
1989
1990
1991
1992
1993
1994
1995
1996

1997
1998
1999
2000
2001
2002
2003
2004
2005
2006
2007



 

Babesle ofizialak
Kolaboratzaile ofizialak
Instituzio Kideak

© Donostiako Nazioarteko Zinemaldia - Mister-i Mobile Solutions eta Yo Miento Producciones ek landutakoa