EUROPAR JARDUERAK SALES OFFICEN
Makina bat jarduerek Donostia Zinemaldiko 55. edizioaren europar arrasto berezia agerian jarriko dute, berebat kontinente desberdinetako zinemagintzen eta profesionalen topagune pribilegiatu gisa finkatzen dutelarik.
Europar zinemak hainbat hitzordu izango ditu edizio honetan zehar.
Asteartea 18tik osteguna 20ra European Films Crossing Borders-eko tailerrek euren trebakuntza-lana garatuko dute.
Irailak 21, ostiralean, Ekoizle Europarren Klubak lan-saioak egingo ditu. Egun horretan bertan, “Love Across the Borders” lemapean nTrade Meeting delakoa egingo da, europar telebista-esparruan ekoizpen komunitarioen emanaldiak bultzatzea xede duena.
Irailak 22, larunbatean, MEDIA Antena Euskal Herriak europar ekoizle independenteei zuzendutako MEDIA Programaren laguntzei buruzko bilera informatiboa egingo du.
Irailak 23, igandean, EAVE (European Audiovisual Entrepreneurs) delakoaren aurkezpena egingo da. Halaber, eguneko agenda osatuz, europar zinemaren LUX Sari sortu berria aurkeztuko da. Europar Batasuna sortzeko bidea eman zuen Erromako Tratatua sinatu zela 50 urte direla eta, Europako Parlamentuak sortutako saria da honakoa.
Irailak 24, astelehenerako Media Programak europar banatzaileen bilera bat antolatu du.
Irailak 25, asteartean, Commission du Film d’Île-de-France eta Madrid Film Commission erakundeek dagoeneko ohikoa den franko-espainiar ekoizkidetza otordua antolatuko dute.
Irailak 27, ostegunean, Pirinioez Haraindiko III. Koprodukzio Foroa egingo da, IBAIAk (Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizleen Elkartea) Sales Officen koordinazioarekin antolaturikoa. Topaketa honek proiektuen gauzatzea sustatzea izango du helburu, Pirinioetako Lan Komunitatetik abiatuta (Akitania, Andorra, Aragoi, Katalunia, Euskadi, Languedoc-Roussillon, Midi Pyrénées eta Nafarroa).
Segidan, irailak 27, ostegunean bertan, Simon Perryk (The Irish Film Board-eko Chief Executive Officer) Irlandaren “kasua” azalduko du, aurrez Susan Newman-Baudaisek Ikus-entzunezkoen Europako Behatokiaren azalpen bat egingo duelarik Europako herrialde txiki eta eskualdeen gainean. Jarraian, Simon Perry Pirinioetako kultur eta zine elkarteetako ordezkariekin elkarrizketatuko da.
Amaitzeko, irailak 28 ostiralean eta irailak 29 larunbatean Sales Officek Europa Distribution (Europar Banatzaile Independenteen Sarea) delakoaren bilera bat hartuko du.
BABESLEAK:
|