Gaur, Zuzendari Berriak saila osatzen duten filmak aurkeztu ditugu. Donostia Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek jakinarazi ditu pelikulen izenak. Kutxa-Zuzendari Berriak sarirako lehiatuko dira, eta irabazleak 50.000€ jasoko ditu. Nazioarteko epaimahai batek aukeratuko du irabazlea.
Zuzendari Berriak sailean, aurtengo Zinemaldian, zinemagile belaunaldi berri batek egindako 13 lehenengo edo bigarren pelikula aurkeztuko dira. Sail honekin eta Kutxa-Zuzendari Berriak sariarekin, Donostia Zinemaldiak etorkizuneko zinema-talentuarekiko konpromisoari eusten dio.
Matteo, hamasei urteko mutikoa, mendiko urrutiko nekazalgune batera bidaliko dute, zentzategian egonaldia egiteko. Hilabete gutxi batzuetan nekazari familia batekin lan egingo du. Baina nekazariak ezingo du egoera menderatu. Hiru gazte zoro eta bortitzek agintea hartu dute. Gerran daude mundu guztiarekin. Matteo nerabeen haserre munduan murgilduko da.
Hego Koreako etxalde batean bizi den ama batek eta bere alaba nerabeak Seulgo emakume misteriotsu bat hartuko dute etxean, elkarrekin beren bizitza hondatuak konpontzeko itxaropenarekin.
Hiru gazte; denek hilketak egin dituzte. 1984an debekatu zuten espetxeei buruzko dokumental batean haien aurpegi ahaztezinak eta kontakizun kezkagarriak ezagutu ondoren, zuzendariak bilatu egingo ditu eta inoiz jakinarazi gabeko sekretuez gain, Hungaria ezezagun bat deskubrituko du.
Bi neska moskutar, 17 urtekoak, Olya eta Sasha, Krimeara joango dira, Olyaren aita, Sergei, ezagutzera. Hasieran, neskek ondo pasatuko dute, baina ez dira konturatuko asmatu duten jolas xaloa drama bihurtuko dela eta bizitza betiko aldatuko diela.
Danimarkako landa eremuko herri txiki batean girotutako istorioa. Sara nerabearen eta Karen irakasle gaztearen artean harreman oso berezia sortuko da. Drama lasaia da, bai emakumezko protagonistei bai bizi diren inguruneari buruzkoa.
Cristinak, 49 urteko emakumeak, bizitza osoa bere ama Carmen zaintzen eman du. Sandrarekin topo egingo du, lankide ohi aske eta aurreiritzik gabearekin, eta hark bizitzeko beste modu batzuk erakutsiko dizkio lagunari.
Seme nerabeari aurre egin ezinik, amak delitu txiki bategatik salatuko du. Baina nerabe baten bizitzak ezin du baldintzapeko askatasunaren mende egon. Benetako gertaeretan oinarritua.
Urteberri-gauean, hiru pertsonaia bakarti eta gautar Uruguaiko landa eremuko herrixka galdu batera iritsiko dira, eta han, beren patua aldatzeko aukera izango dute. Maitasunari, bakardadeari, aukerei eta denboraren joanari buruzko filma da.
Bere film berrian, Hermes Paralluelok maitasunezko istorio bat kontatzen digu. Protagonistek, Antoniok eta Felisak, elkarrekin 60 urte baino gehiago daramatzatenean eta beren osasun makalak elkar zaintzea eragozten dienean hasiko da maitasun istorioa. Zaharren egoitza batean bizi behar izatea mehatxu gisa agertzen da horizontean. Filmak zahartzaroko maitasuna irudikatzen du; bakardadearen, heriotzaren eta maitearengandik urruntzearen beldur lo-kuluxkak egiten emandako gauak. Bizitza besteren esku utzi eta independentzia galtzearen beldurra.
Familiako kideen arteko maitasunari buruzko istorio harrigarria, Emmy saria irabazi zuen Alexander Nanau zuzendari. Totonel, hamar urteko mutikoa, eta haren arrebak hiriko auzo txiro batean bizi dira, ama espetxetik irten eta etxera itzultzeko zain.
Roberto Castónen bigarren film luzea da; aurrekoa, Ander, Berlingo Panorama sailean lehiatu zen, 2009an. Mario, Paula, Miguel eta Lourdesen bideak gurutzatu egingo dira, gustuko ez duten bizitza bati irtenbidea bilatzen dioten bitartean (batzuek beste batzuek baino gehiago). Horrek dela bihotzari dela aldatzeko beldurrari jaramon eginda erabakiak hartzera behartuko ditu. Prozesu horretan, pelikulako zuzendariaren laguntza izango dute. Roberto Álamok jokatuko du rol hori.
Bulgariako herri txiki batean, Nadezhda irakasle gaztea bere ikasgelan lapurreta egiten duen ikaslea harrapatu nahian dabil, zer dagoen ondo eta zer gaizki erakusteko asmoz. Baina mailegatzaileekin zorpetzean, nola jakin ahal izango du berak zein den bide zuzena? Zerk bihurtzen du pertsona zintzo bat gaizkile?
Vincent ez da gainerako gazteak bezalakoa. Ura ukitzen duenean, bere indarra, erreflexuak eta bizkortasuna areagotu egiten dira. Lucie ezagutuko du, maitemindu egingo da, eta bizitzan lehenengo aldiz, bere sekretua norbaitekin partekatuko du.