Antoine Fuqua zuzendari eta Denzel Washington protagonista dituen The Equalizer filmak emango dio hasiera, lehiaketaz kanpo, aurtengo Donostia Zinemaldiari, datorren irailaren 19an. Aktoreak eta zuzendariak aurkeztuko dute filma, Kursaal auditoriumean.
Denzel Washington McCall pertsonaia da, bere iragan misteriotsua atzean utzi duela pentsatuz bizimodu berri bat hasi duen gizona. Baina McCallek Teri ezagutzean (Chloë Grace Moretz), gangster errusiar ezin bortitzagoen kontrolpean dagoen neska gaztea, ezingo du ezer egin gabe geratu; lagundu beharra sentituko du. Babesgabeei bortizki erasotzen dietenez mendekatzea ahalbidetzen dioten gaitasun ezkutuez baliatuz, McCallek bere buruari ezarritako erretiroa utziko du eta justizia egiteko desioa berpiztuko zaio. Norbaitek arazoren bat baldin badu, zoria bere aurka baldin badago, ez badu nora jo, McCallek lagunduko dio. Bera The Equalizer da. Zuzendaria: Antoine Fuqua. Gidoilaria: Richard Wenk. Michael Sloan eta Richard Lindheimek sortutako telesailean oinarritua. Ekoizleak: Todd Black, Jason Blumenthal, Denzel Washington, Alex Siskin, Steve Tisch, Mace Neufeld, Tony Eldridge eta Michael Sloan.
The Equalizer Antoine Fuquaren film berria da. 1998an lehenengo pelikula, The Replacement Killers, zuzendu zuenetik –Chow Yun-Fat zen protagonista–, azken urteetako akziozko drama bikainenetako batzuk egin ditu. Bere pelikuletako protagonistak Hollywoodeko izar handiak izan dira, adibidez: Jamie Foxx (Bait, 2000), Bruce Willis eta Monica Bellucci (Tears of the Sun, 2003), Clive Owen eta Keira Knightley (King Arthur, 2004), Mark Wahlberg (Shooter, 2007), Richard Gere eta Ethan Hawke (Brooklyn's Finest, 2009) eta Gerald Butler eta Morgan Freeman (Olympus Has Fallen, 2013).
2001ean, polizia-zinema modernoko klasiko bihurtu den Training Day filma zuzendu zuen Fuquak, Denzel Washington protagonista zuela. Hamahiru urte geroago, Washingtonek eta Fuquak berriz ere bat egin dute, Sony Pictures Entertainment etxeak banatuko duen thriller honetan. Espainian, urriaren 17an estreinatuko da.
Inaugurazio ekitaldian, Donostia saria emango diote filmeko protagonistari, Denzel Washingtoni, bere ibilbide osoaren aintzatespen gisa.
Denzel Washington Mount Vernonen (New York) jaio zen eta interpretazio arloko lehenengo pausoak Kazetaritzako ikasketak egiten ari zela eman zituen, unibertsitateko zenbait antzezlanetan parte hartuz. Aktore profesional izatea erabakita, American Conservatory Theatre konpainian sartu zen, eta luze gabe telebistan lan egiten hasi zen, Wilma telesailean, 1977an. Zinema munduan 1981ean hasi zen, Carbon Copy komediarekin, baina Philip Chandler doktorea haragituz egin zen ezagun, St. Elsewhere telesailean. Rol hori sei urtez interpretatu zuen. Era berean, zineman gero eta presentzia handiagoa izan zuen, Norman Jewisonen A Soldier's Story (1984) filmari esker, baita For Queen and Country (1988) eta Cry Freedom (1987) filmetan egin zuen interpretazioagatik ere. Azken pelikula horretan egindako lanari esker, multzoko aktore onenaren sarirako lehenengo izendapena lortu zuen.
Edward Zwick zuzendariaren Glory (Ospe garaiak, 1989) filmarekin lortu zuen ospea, multzoko aktore onenaren Oscar saria irabazita. Orduan, garai hartako zuzendari garrantzitsuenetako batzuekin lan egiten hasi zen: Mira Nair (Mississippi Masala, 1991), Spike Lee (Mo' Better Blues, 1990; Malcolm X, 1992), Kenneth Branagh (Much Ado About Nothing, 1993), Alan J. Pakula (The Pelican Brief / Pelikano txostena, 1993), Jonathan Demme (Philadelphia, 1993) eta Tony Scottekin (Crimson Tide / Marea gorria, 1995), besteak beste. Hiru hamarkadatik gorako ibilbide sendoan, film askotako protagonista ere izan da Washington, ondorengo zuzendarien gidaritzapean: Ridley Scott (American Gangster, 2007), Robert Zemeckis (Flight, 2012), Norman Jewison (The Hurricane / Hurakana, 1999), Jonathan Demme (The Manchurian Candidate, 2004) eta Spike Lee (He Got Game, 1998; Inside Man / Ezkutuko plana, 2006).
2001ean, Antoine Fuquaren Training Day filman jokatu zuen Alonzo Harris polizia bortitzaren rolari esker, gizonezko aktore onenaren saria jaso zuen Washingtonek. Bigarren estatuatxo horrez gain, gizonezko aktore onenaren sarirako hiru izendapen lortu ditu, Malcolm X, The Hurricane eta Flight filmeengatik. Bi Urrezko Globo irabazi ditu (multzoko aktore onenarena, Glory filmagatik, eta gizonezko aktore onenarena, The Hurricane filmagatik) eta sari horretarako beste bost izendapen lortu. Berlingo zinema-jaialdian ere saritu dute haren talentua: 1993an, gizonezko aktore onenaren Urrezko Hartza lortu zuen, Malcolm X filmagatik, eta 2000, The Hurricane filmagatik. Gainera, 2010ean, Tony sari entzutetsua eskuratu zuen, Fences antzezlanagatik, eta afroamerikarrek zineman egindako lana saritzen duen Black Reel Award bost aldiz irabazi du. Bere ibilbide osoan eskuratu dituen sari eta aintzatespen ugarien artean, ohorezko sariak ere nabarmentzen dira, esaterako: Britainia Handiko Zinema eta Telebista Akademiaren (BAFTA) Britannia Award eta Sundance zinema-jaialdiko Tribute to Independent Vision Award.