SAVAGE CINEMA sailaren bigarren edizioa aurrerapauso bikaina izan da hura sendotzeko eta nazioartean ezagutarazteko bidean. Europako eta AEBetako sei ekoizpen izan dira aurtengo programan, eta guztien artean ekintza-, abentura- eta outdoor-kirolen munduari buruzko ikuspegi zabala eskaini dute. Hainbat kirol berriri heltzen dieten pertsonaia biziek ezaugarri bat partekatzen dute: bizitza zirraragarriaren defentsa –muturrera eramana, batzuen ustez–, munduko espazio zabal handienetan.
Sektorea asko ari da hazten eta jorratzen dituen arloetako bakoitzean ekoizpen-etxe handiak ditu. Horietako asko izan dira aurtengo edizioan: Sender Films, Teton Gravity, Red Bull Media House, Freeride Entertainment, Matchstick Productions, baina baita generoarekin zerikusi txikia zuten beste batzuk ere; esaterako, Petit Dragon eta Mercenary Prod. SAVAGE CINEMA sailak banaketa-ildo berriak aurkezten dizkiete bai ekoizleei, bai zuzendariei, hala merkatu berrietara iristeko.Topagune aitzindari honek hazten eta Zinemaldiari balio erantsia ematen jarraitzeko asmoa du, publiko berria eta kalitateko ekoizpenak ekarrita.
Cerro Torre, a snowball chance in hell da horren adibide garbia. Izan ere, Savage Cinema 2013an estreinatu ondoren, Japoniako eta Italiako zinema-aretoetan dago orain, eta eskubideak saldu ditu Latinoamerikan eta Australian banatzeko. Beste batzuk, adibidez On Any Sunday - the Next Chapter, AEBetako 250 aretotan izango da aurtengo udazkenean, eta Valley Uprising mundu osoko 450 hiritan proiektatuko da Reel Rock Tour ekitaldiaren barruan, baita hainbat telebistako plataformaren bitartez ere.
Red Bull Media House etxeko film luzeen arduradun Philipp Manderlak honako hau adierazi zion Variety aldizkariko John Hopewell-i: «Ekintza- eta abentura-kirolen sektorea oraindik lo dagoen erraldoia da. Interesa duen balizko publiko handia du», eta adibide gisa zera erantsi zuen: «Neguko Olinpiar Jokoetan ikusle gehien zuen emankizuna emakumezkoen patinaje artistikoa izan ohi zen. 2010ean, ordea, snowbord halfpipe izan zen”.
Savage Cinemako emanaldiak arrakasta handia izan zuten eta zinema-aretoak bete egin ziren hainbat saiotan. Higher eta Days Of My Youth filmek interes handia piztu zuten Jeremy Jones snowboardaren munduko ikonoa baita, eta Teton Gravity eta MSP ere ekoizpen-etxe liderrak izanik, haien lana oso ezaguna baita zaletuen artean.
Audientzia heterogeneoagoa izan zen David Martelleur skater amorratuaren abenturak jarraitzen, Philipppe Petit zuzendariaren Danger Dave filmaren emanaldian.Dokumentalak pertsonaia bitxi eta erradikala aurkezten du, zinemako lan askotan ikusten diren heroiez eta super-gizonez beteriko munduetatik urrun.
Valley Uprising lanak eszena bat bere iraganaren bitartez ulertzeko nahia aurkezten du. Artxibo-lan sakona eta edizio oso zaindua Yosemiteren historia publikoarengana eramateko, estreinaldia Nick Rosen eta Peter Mortimer zuzendariekin partekatua izan zen saio batean. Filma Bilbao Mendi Film Festival jaialdian ere izango da ikusgai, edizio honetarako eginiko lankidetza ixteko.
Ostirala motorren eguna izan zen. Belodromoa magiaz bete zen eta bi gurpilen 2.000 zale baino gehiago bildu zituen. Horietako asko Savage Cinemak antolaturiko konboian iritsi ziren, Sagüesen hasita eta hiriko hainbat lekutatik igarota. Ospakizun bikaina izan zen On Any Sunday - The Next Chapter filmaren munduko estreinaldia. Bertan izan ziren, gainera, Robbie Maddison eta Roland Sands beren motorrak agertokiaren gainean azeleratzen, eta Dana eta Bruce Brown publiko lotuari eskerrak ematen.
Eta amaiera geratzen zen,The Greasy Hands Preachers filmaren ekoizle Orlando Bloomen presentzia, filmaren zuzendari Arthur de Kersauson eta Clement Beauvais-ekin batera, filmaren munduko aurkezpenean. Beren eskulturen orroek sorturiko kearen artean eta atzetik milaka pertsona zituztela iritsi ziren K1 aretoaren ateetara. Bertan, photocall original bezain zaratatsu baten protagonista izan ziren.
Protagonistek adieraziko dizuete zuzenean. Elkarrizketa-bideoa honako hauekin:
Steve eta Todd Jones, Higher filmaren zuzendariak.
Philippe Petit eta David Martelleur, Danger Daveren zuzendaria eta protagonista.
Dana Brown, Bruce Brown, Robbie Maddison eta Roland Sands, On Any Sunday - The Next Chapter filmekoak.
Arthur de Kersauson, Clément Beauvais, El Solitario, Blitz, Roland Sands, The Greasy
Hands Preachers filmekoak. Nick Rosen eta Peter Mortimer, Valley Uprising filmaren zuzendariak. Richard Permin, freeskiera eta Days Of My Youth filmeko protagonista.