Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak Goya sarien 29. edizioko izendapenen berri eman du. Otsailaren 7an izango da sari-banaketa. Zinemaldiaren azken edizioan aurkeztutako sei filmek lortu dituzte hainbat kategoriatako izendapen gehienak.
Sail Ofizialean estreinatu zen La isla mínima filmak jaso ditu izendapen gehien. Zinemaldian bi sari lortu zituen: gizonezko aktore onenarena, Javier Gutiérrezentzat, eta argazki onenarena, Álex Catalánentzat. Filmak Goya sarien 17 kategoriatarako izendapenak lortu ditu: film onena, zuzendari onena (Alberto Rodríguez), gizonezko aktore onena (Raúl Arévalo eta Javier Gutiérrez), antzeztaldeko gizonezko aktore onena (Antonio de la Torre), antzeztaldeko emakumezko aktore onena (Mercedes León), emakumezko aktore berri onena (Nerea Barros), jatorrizko gidoi onena, jatorrizko musika onena, ekoizpen-zuzendaritza onena, muntaketa onena, jantzien diseinu onena, soinu onena, argazki-zuzendaritza onena, zuzendaritza artistiko onena, makillaje eta/edo ile-apainketa onena eta efektu berezi onenak.
Bestalde, Zinemaldiaren 62. edizioan Urrezko Maskorra eta zuzendari onenaren saria irabazi zituen Magical Girl filmak zazpi izendapen jaso ditu: film onenarena, zuzendari onenarena (Carlos Vermut), gizonezko aktore onenarena (Luis Bermejo), emakumezko aktore onenarena (Bárbara Lennie), antzeztaldeko gizonezko aktore onenarena (José Sacristán), gizonezko aktore berri onenarena (Israel Elejalde) eta jatorrizko gidoi onenarena.
Sail Ofizialean lehiatu ziren Espainiako beste bi film ere izendatu dituzte Goya sarietan: Loreak filmak bi izendapen lortu ditu (film onena eta jatorrizko musika onena), eta Autómata filmak lau (argazki-zuzendaritza onena, jantzien diseinu onena, soinu onena eta zuzendaritza artistiko onena).
Zabaltegi sailean estreinatutako bi dokumental film luze dokumental onenaren sarirako izendatu dituzte: El último adiós de Bette Davis, Pedro González Bermúdezena, eta Paco de Lucía. La búsqueda, Francisco Sánchez Varelarena. Azken hori, gainera, zuzendari hasiberri onenaren eta muntaketa onenaren kategorietan ere izendatu dute.
Ricardo Ramónen eta Beñat Beitiaren Dixie eta matxinada zonbia filma, azken Zinemaldian Belodromoan estreinatu zena, Goya sarien animazioko film luze onenaren kategoriako hautagaietako bat da.
Halaber, Canneseko film jaialdian egon ondoren, Espainian Perlak sailaren bidez estreinatu eta europar film onenaren Publikoaren Saria jaso zuen Relatos salvajes , Damián Szifrónena, Goya sarien aurtengo edizioko beste faboritoetako bat da. Bederatzi izendapen jaso ditu, hain zuzen ere: film onenarena, film iberoamerikar onenarena, zuzendari onenarena, gizonezko aktore onenarena (Ricardo Darín), jatorrizko gidoi onenarena, jatorrizko musika onenarena, ekoizpen-zuzendaritza onenarena, muntaketa onenarena eta makillaje eta/edo ile-apainketa onenarena.
Gainera, 62. Zinemaldiko ikusleen sariaren irabazleak, Wim Wendersen La sal de la tierra filma, Europako film onenaren sarirako hautagaietako bat da.