IMPACT HUB Donostiak, Jon Jauregi euskal artistarekin (bere izen artistikoa BANAIZ da) eta Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean , "Zinemako aurpegiak" erakusketa antolatu du.
Erakusketa hamabi pinturaz, pertsona ospetsuen hamabi erretratuz, osatuta dago (adibidez, Denzel Washington, Woody Allen, Benicio del Toro eta Liz Taylorrenak). Gainera, aipatutako erakusketak berriki hil diren Álex Angulo eta Néstor Basterretxearen erretratuak ikusteko aukera emango du, horren bidez Zinemaldiak aurten biei egingo dien omenaldi sinbolikoarekin bat egin nahian. Koadroak salgai egongo dira erakusketak irauten duen bitartean.
Jon Jauregi Zubeldia (Urnieta, 1976)
Euskal artista honek 38 urte dauzka, BANAIZ izen artistikoa erabiltzen du, eta sortzaile izatearekin lotuta bere buruaz egiten duen definizioaren arabera, bizitzaren alderdi guzti-guztietan militantea da: pertsonal, artistiko eta profesionalean. Bere lan piktorikoa bizitzari buruzko pentsamenduak adierazteko tresna gisa baliatzen du, sentsazio-gama amaiezina islatzen ahaleginduz: ying-yanga mugimenduan irudikatzen duten lanak edo aitatasunak markatutako beste batzuk ("Back to the Future" koadro-saila). Aitatasuna, hain zuzen, etorkizunerako bigarren itzulera gisa definitzen du.
Banaizen ikuspegitik, sorkuntza berezkotasuneranzko apnea bat da. Sortzea, haurtzaroko inozentziarekin asmatutako unibertso osoa sakontasunean berriz topatzeko apnea bat. Sormena, borrokarako arma. Sormena, bizimodu bat. Sormena, gauzak aldatzeko tresna… (utopia...). Handitasunetik, erraldoitasunetik, infinitutik txikitasunera eta maila pertsonalera ihes egiteko… barnera, betierekotasunera… Sortuz bilatzea, baina suntsitu gabe. Bizitzea… beste leku batean, beste garai batean bizitzea (ez iraganean ez etorkizunean, beste batean baizik…). Beste toki bat sortzea, beste garai bat… Arnastea… Hatsari eutsiz arnastea, azkarrago hilez, ihes egiteko… une batez besterik ez bada ere.
Lekua: IMPACT HUB Donostia (Urdaneta 4, behea)
Ordutegia: 9:00etatik 21:00etara, astelehenetik ostiralera
Datak: 2014ko irailaren 19tik urriaren 31ra
Sarrera doan