"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Espainiako Berriemaile Zinematografikoen Elkarteak eta Donostia Zinemaldiak hitzarmen bat egin dute, 2014 urtetik aurrera gure herrialdeko zinema-erakustaldi garrantzitsuenean prentsaren ahotsa inoiz baino presenteago egoteko helburuarekin. Zinemaldiaren akreditazioa jasotzen duten AICE elkarteko berriemaile eta kritikariek Sail Ofizialeko pelikula onenaren Feroz Zinemaldia saria emango dute, aurrez aurreko bozketa baten bitartez, Zinemaldiko azkenaurreko egunean, 2014ko irailaren 26an (ostirala). Feroz Zinemaldia sariaren irabazlea larunbatean, hilak 27, ezagutaraziko da, epaimahaikideek aukeratutako palmaresa ezagutuko den egun berean.
Pelikula irabazlearen izena Donostian egingo den ekitaldi publiko batean jakinaraziko da eta irabazleak joan den urtarrilean, I. Feroz Sarietan, eman ziren estatuatxoetan oinarritutako golardo bat jasoko du. Ekitaldi horretan, AICEren Zuzendaritza Batzordeak II. Feroz Sarien zeremoniaren inguruko xehetasun batzuk emango ditu –2015eko urtarrilean izango da zeremonia–. Aipatutako ekitaldia une honetan martxan dagoen hauteskunde prozesutik aterako den elkarteko zuzendaritza-organo berriaren jendaurreko lehenengo agerpena izango da.
Espainiako Berriemaile Zinematografikoen Elkartea Estatuko hainbat komunikabidetan (telebista, irratia, prentsa eta Internet) zinemari buruzko informazioa ematen jarduten duten 170etik gora kazetariz eta kritikoz osatutako talde plural bat da.