Kontseiluak Donostia Zinemaldiaren kolaborazioarekin antolatutako Euskaraz bizi nahi dut film labur lehiaketaren laugarren edizioak jada osatu du epai-mahaia. Donostia Zinemaldiko zuzendaritzako kide Maialen Beloki eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaorekin batera Jon Garaño zuzendari, gidoilari eta ekoizleak osatuko dute aurten epai-mahaia.
Jon Garañok Kazetaritza eta publizitatea ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta zinea Sarobe eta San Diegon (AEB). 2001ean, beste lau lagunekin Moriarti ekoiztetxea sortu zuen, geroztik bertan dihardu lanean zuzendari edo gidoilari gisa. Bere film laburrek 100 sari baino gehiago lortu dituzte. Bere dokumentalak ia hogei herrialde desberdinetako telebista kateetan ikusi ahal izan dira. Besteak beste, “Lucio” eta “El método Arrieta” film dokumentalen produktore eragilea izan da edo “80 egunean” eta “Loreak” filmen gidoilari eta zuzendari Jose Mari Goenagarekin batera.
Maialen Beloki Nafarroako Unibertsitatean (Iruñea) Ikusentzunezko Komunizazioan lizentziatu zen 2002-2005 urte bitartean. Zinema teoria, analisia eta dokumentazioan doktorea (Entre Antonio y Antxon Eceiza. Cine y política tesi doktorala) Euskal Herriko Unibertsitate Publikotik, Leioa, 2006-2010. Dokumentazio eta Film Departamentuko, Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketako eta Zinemirako arduraduna da Donostia Zinemaldian. 2012. urtean Hautespen batzordeko kide izendatu zuten, eta 2013. urteaz geroztik Zuzendaritza Batzordeko kidea ere bada. Komunikazio irakaslea HUHEZI-n (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea), Arrasateko Unibertsitatea. Pausa aldizkari elektronikoan kolaborazio puntualak egin ditu eta Antxon Eceiza, cine existencialismo y dialéctica (Jesús Angulo, Maialen Beloki, José Luis Rebordinos, Antonio Santamarina, Euskadiko Filmategia, 2010) liburuan parte hartu du. Film laburren hautaketa batzordeko kide izan da euskal film laburrak nazioartean sustatu eta banatzeko Eusko Jaurlaritzaren Kimuak programan (2012, 2013).
Paul Bilbao. Filosofia eta Letrak-Euskal Filologian lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean. Hizkuntza Plangintza eta Giza Eskubideetan Unibertsitate Aditua gradu-ondokoa Euskal Herriko Unibertsitatean. Hizkuntz Eskubideen Behatokian hasi zen 2001ean eta 2004an bertako zuzendari izendatu zuten. 2010etik Kontseiluko idazkari nagusia da. ELEN-European Language Equality Network-eko lehendakari-ordea da eta erakunde horren eta NBEren arteko harremanen koordinatzailea da. Euskal PEN Klubeko Itzulpengintza eta Giza Eskubideen Batzordeko arduraduna da.
Euskaraz bizi nahi dut dinamikak eta ondorioz bere baitan lantzen diren proiektu guztiek (tartean film laburren lehiaketak), elkarlana sustatzea dute helburuetako bat. Horri jarraituz, aurtengo edizioa, Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala, Bilboko Udala, Berria egunkaria, Argia aldizkaria eta Hamaika telebistaren laguntzarekin egingo da.
Lehiaketa bi kategoriatan banatuta dago aurten ere, profesionalena eta amateurrena. Euskaraz bizi nahi dut ideia kontatu beharko dute laburrek. Ideia hori lantzeko, egileak nahi duen generoa erabil dezake. Lanak, abuztuaren 24ra bitarte bidal daitezke. Informazioa, http://www.euskarazbizinahidut.eus webgunean eskura daiteke.
Lehiaketako lanik onenak, irailean, Donostia Zinemaldiaren baitan egingo den galan proiektatuko dira. Horrez gain, aurreko urteetan egin den moduan, beste hainbat lekutan ere proiektatuko dira eta interneten ere ikusgai izango dira.