"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
2016an zehar Europa Creativa Media programa Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuarekin eta Donostia Zinemaldiarekin lanean hasiko da aro digitalean ikus-entzule berriak garatzeko helburuarekin. Arlo horrek berebiziko garrantzia du Donostia 2016rentzat, bere kultur programaren motorretako bat baita. Zinemaldiarentzat ere oso garrantzitsua da, hark ere hainbat ekimen jarri baititu martxan ikus-entzule gazteak erakartzeko eta ikus-entzunezkoen sormen mota berrietara irekitzeko.
Ekimena European Film Forum delakoaren barruan biltzen da. Foroa Europako Batzordeak sorturiko plataforma da, ikus-entzunezkoen sektorearekin gai estrategikoei buruzko elkarrizketa bat artikulatzeko. Sormenaren eta kulturaren industriak, eta, bereziki, zinema eta ikus-entzunezkoak, Europako kultur aktiborik preziatuenetakoa dira. Gure hizkuntz eta kultur aniztasuna sustatzen dituzte, eta hazkuntza ekonomikoaren eragileetako bat ere badira. Europako Batzordearen barne-merkatu digitalaren estrategiaren helburua sorkuntzako edukietarako sarbidea hobetzea eta ikus-entzule berriengana iristea da.
Donostia 2016an parte hartuko duten kultur ekimenei esker, Donostia leku ezin hobea izango da ikus-entzuleen garapenari buruzko elkarrizketa bat abiarazteko, ikus-entzule horiek sormen handiagoko Europa anitzago batetako eragile gisa hartuta.