"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Lankidetzarako Espainiako Agentziak (AECID) I. Espainiako Lankidetza Sariaren film irabazlea jakinarazi du gaur. Zortzi film ziren saria irabazteko hautagai; hain zuzen, 63. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean, Zuzendari Berriak sailean nahiz Horizontes Latinos sailean aurkeztutako zortzi iberoamerikar film.
Rubén López Pulido (AECIDeko Komunikazio Unitateburua) presidente-lanetan, Jaione Askasibarrek (Donostia Kulturako Komunikazio eta Irudi zuzendaria) eta Pablo Berásteguik (Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua Fundazioa) osatutako epaimahaiak César Augusto Acevedoren La tierra y la sombra filma saritzeko erabakia hartu du. Horrenbestez, jo du hori izan dela giza-garapena, pobreziaren desagerpena eta giza-eskubideen erabilera osoa hoberen sustatzen dituen iberoamerikar filma.
Epaimahaiaren ustez, giza-garapena bultzatzen duten balioak jaso ditu La tierra y la sombrak, eta pertsonak ditu ardatz; beraiek dira beren patuaren protagonistak. Lehen ikustaldiaz baino askoz ere harago irauten duen proposamen estetiko eta formal zorrotz baten bitartez lortu du hori guztiori.
La tierra y la sombra filmak II. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu zuen 2013an, 61. Donostia Zinemaldian, eta aipamen berezia jaso zuen orduan. Geroago, Cannesko Zinema Jaialdiko Kritikaren Asterako hautatua izan zen eta Camera D`Or saria eskuratu zuen.
Donostia Zinemaldiaren eta Lankidetzarako Espainiako Agentziaren (AECID) arteko elkarlan berria dakar Espainiako Lankidetza Sariak. Elkarrekiko konpromisoa indartzea da bi alderdion xedea: zehazki, Iberoamerikako ikus-entzunezkoen industriarekin batera lan egitea, talentu berriak bultzatzeko, zinematografiako proiektuen ekoizpena dinamizatzeko eta filmen merkaturatzea eta nazioartekotzea indartzeko.