Saio guztietan, aurkezpena egingo da filma eskaini baino lehen, eta solasaldirako tartea zabalduko da filmaren ostean. Alabaina, berrikuntza bat izango da edizio honetan, bigarren saiotik aurrera; izan ere, Gipuzkoako zentroetako ikasleak arduratuko dira aurkezpen horiek egiteaz, aditu baten laguntzarekin. Berrikuntza horren helburua hauxe da: ikasleek eztabaidarako gaitasunak hobetzea eta gaiak sen kritikoz jorratzeko ikuspegi berriak lantzea. Gazteek, horrela, lana taldean egiteko eta komunikaziorako gaitasunak lantzeko modua izango dute. Edizio honetako filmek jorratzen dituzten gaiek lotura zuzena daukate gazteek lan-ibilbidean parean izango dituztenekin: teknologia, berrikuntza eta sen kritikoz jokatu beharra, besteak beste.
ZINETEK proiektuaren aurtengo edizioan film hauek egongo dira ikusgai:
Orona Fundazioaren eta Donostia Zinemaldiaren arteko lankidetzak ingurunea garatzen lagundu nahi du, hainbat balio landuz eta sustatuz, hala nola kultura, berrikuntza, teknologia, hezkuntza eta lankidetza. Bi erakunde horien arteko lankidetzaren fruitu da, hizpide dugun ZINETEK proiektuaz gain, Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa ere; topaketa horretan, film labur berritzaileenaren Orona saria ematen du, 5.000 eurokoa, Mondragon Unibertsitateko (HUHEZI) eta ESCIVI ikastetxeko (Andoaingo Zine eta Bideo Eskola) ikasleek osaturiko epaimahai batek, Mondragon Unibertsitateko HUHEZIko irakasle batek koordinatuta eta Orona Fundazioko Garapen Zuzendaritzak zuzenduta.
Orona Fundazioaren xedea hezkuntzaren, prestakuntzaren eta ikerkuntzaren arloetan ekintzak sustatu eta bultzatzea da, ezagutzaren esparru guztietan, gizarteak unean-unean dituen beharrei erantzun egokia emateko. Fundazioak berezko dituen helburuen artean sartzen dira hezkuntza- eta ikerkuntza-zentroak sustatu eta kudeatzera zuzendutako jarduerak. Horrez gain, ekonomia soziala sustatu eta babestea du xede, eta, era berean, kooperatibismoaren ezaugarriak zabaltzea, lan-munduan txertatzen laguntzea, eta kulturarekin, gizartearekin nahiz ongintzarekin lotutako jarduera mota oro bultzatzea.