Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak Goya sarien 30. edizioko izendapenen berri eman du. Otsailaren 6an izango da sari-banaketa.
La novia filma da izendapen gehien lortu dituen finalista. Aurtengo Zinemaldiko Zabaltegi sailaren barruan izan du munduko estreinaldia. Paula Ortizen filmak hamabi kategoriatarako izendapena jaso du: film onena, zuzendari onena, emakumezko aktore onena (Inma Cuesta), gizonezko aktore onena (Asier Etxeandia), antzeztaldeko emakumezko aktore onena (Luisa Gavasa), gizonezko aktore berri onena (Álex García), gidoi egokitu onena, jatorrizko musika onena, soinu onena, argazki-zuzendaritza onena, zuzendaritza artistiko onena eta makillaje eta/edo ile-apainketa onena.
Sail Ofizialean lehiatu zen Cesc Gayren Truman filmak gizonezko aktore onenaren saria jaso zuen, Ricardo Darinek eta Javier Cámarak egindako lanagatik, eta orain, sei kategoriatarako izendapena lortu ditu: film onena, zuzendari onena, gizonezko aktore onena (Ricardo Darin), antzeztaldeko gizonezko aktore onena (Javier Cámara), jatorrizko gidoi onena eta muntaketa onena.
Agustí Villarongaren El rey de La Habana filmean egindako lanagatik Zinemaldiko emakumezko aktore onenaren saria jaso zuen Yordanka Ariosak orain emakumezko aktore berri onenaren sarirako izendapena jaso du eta film berak beste bi izendapen lortu ditu, argazki-zuzendaritza onenaren eta gidoi egokitu onenaren kategorietan.
Sail Ofizialaren parte izan ziren beste bi pelikulak ere lortu dituzte izendapenak: Amama filmak emakumezko aktore berri onenarena (Iraia Elias) eta lehiaketaz kanpo aurkeztu zen Álex de la Iglesiaren Mi gran noche filmak zuzendaritza artistiko onenaren, jantziteria onenaren, soinu onenaren eta efektu berezi onenen Goya sarietarako izendapenak.
Aurtengo Zabaltegi sailean estreinatutako beste bi pelikula ere finalisten artean daude. Álvaro Longoriaren The Propaganda Game film dokumental onenaren sarirako izendatuta dago, Fernando Colomo, berriz, gizonezko aktore berri onenaren sarirako hautagaia da, Isla Bonita filmean egindako lanagatik.
Bestalde, eta Dani de la Torreren El desconocido, Belodromoan aurkeztu zutena, zortzi kategoriatarako hautatu dute: zuzendari berri onena, gizonezko aktore onena (Luis Tosar), antzeztaldeko emakumezko aktore onena (Elvira Mínguez), jatorrizko gidoi onena, ekoizpen-zuzendaritza onena, muntaketa onena, soinu onena eta efektu berezi onenak.
Gainera, Borja Cobeagaren Negociador filmak, Zinemaldiaren 62. edizioko Zabaltegi sailean estreinatuak, jatorrizko gidoi onenaren izendapena jaso du.
Aurtengo Zinemira saila inauguratu duen Lara Izagirreren Un otoño sin Berlín filmak ere izendapen bat dauka, emakumezko aktore berri onenarena, Irene Escolarrentzat.
Iberoamerikako film onenaren atalean, Donostia Zinemaldian ikusi ahal izan diren beste bi pelikula lehiatuko dira Goya sarirako: Pablo Traperoren El clan, Perlak sailean aurkeztua, Veneziako zinema-jaialdian estreinatu ondoren, eta Salvador del Solarren Magallanes, Zinemaldiko 62. edizioko Zinema Eraikitzen sariaren irabazlea eta aurtengo Horizontes Latinos saileko parte-hartzaileetako bat.
Film finalisten artean, beste hiru Made in Spain sailaren barruan programatu dira, Málagako zinema-jaialdian estreinatu ondoren: Daniel Guzmánen A cambio de nada (sei izendapen), Leticia Doleraren Requisitos para ser una persona normal (hiru izendapen) eta Gracia Querejetaren Felices 140 (bi saritarako hautagaia).