Festival de San Sebastián

Sailak eta filmak

Atzera begirako klasikoa. JACQUES DEMY

Filmak
Le Sabotier du Val de Loire
Le Sabotier du Val de Loire
Frantzia, 1956 - 26 m.
Zuzendaria: Jacques Demy
Gidoia: Jacques Demy
Argazkia: H. G. Lendi

Jacques Demyk zinemarako egindako lehendabiziko lana. Film labur dokumental honek Loira haraneko La Chappelle-Basse-Mer udalerriko eskalapoigile bat du ardatz. Demyk xehetasunez eta errespetuz filmatu zuen eskalapoigilearen eguneroko jarduna, bai eta artisauaren abilezia ere.

Le Bel Indifférent
Le Bel Indifférent
Frantzia, 1957 - 29 m.
Zuzendaria: Jacques Demy
Gidoia: Jacques Demy
Argazkia: Marcel Fradetal
Antzezleak: Jeanne Allard, Angelo Bellini

Jean Marais aktoreari esker, 1957an Demyk aurrez aurre ezagutu zuen hainbeste miresten zuen Jean Cocteau zinemagile, poeta, dramagile eta margolaria. Cocteau zur eta lur geratu zen zuzendari izan nahi zuen gazte haren pasioarekin eta zaletasunarekin, eta, hala, bere antzezlan labur hau egokitzen utzi zion. Demyren lehen fikziozko lana da. Dagoeneko maitasunarekiko obsesioa nabari du Demyk lan honetan, eta bere ibilbidean hain ohikoak diren joko kromatikoak ere ageri dira.

Ars
Ars
Frantzia, 1959 - 18 m.
Zuzendaria: Jacques Demy
Gidoia: Jacques Demy
Argazkia: Lucien Joulin
Antzezleak: Bernard Toublanc-Michel (kreditatu gabe / uncredited / no acreditado)

Jean-Marie Viennay, Ars udalerriko apaiza, santu egin zuten bere gorpua hilobian usteldu gabe aurkitu zutenean. Demyk apaizaren nortasuna erakusten du zurruntasun miresgarriarekin; sentimentaltasunak alde batera utzita, bisitatu ohi zituen tokiak filmatuta eta egiten zituen sermoiak gogorarazita. Emaitza gisa, apaizaren izaera konplexua: Jainkoaren zerbitzari umil, apaiz zorrotz eta gizon santu gisa ageri zaigu.

Les Sept péchés capitaux - La Luxure
Les Sept péchés capitaux - La Luxure
Frantzia-Italia, 1962 - 115 m. (La Luxure: 14 m.)
Zuzendaria: La Colère: Eugène Ionesco, Sylvain Dhomme, Max Douy L’Envie: Edouard Molinaro La Paresse: Jean-Luc Godard La Luxure: Jacques Demy L’Orgueil: Roger Vadim La Gourmandise: Philippe de Broca L’Avarice: Claude Chabrol
Gidoia: La Luxure: Jacques Demy
Argazkia: La Luxure: Henri Decaë
Antzezleak: La Luxure: Jean Desailly, Micheline Presle, Laurent Terzieff, Jean-Louis Trintignant, Bernard Evein

Film kolektibo honek zazpi atal biltzen ditu, garai hartako zuzendari ospetsuek bekatu nagusien inguruan eginak. Demyk haragikeriari eskainitako atala egin zuen, Jean-Louis Trintignant aktorea protagonista duela.

Lola
Lola
Frantzia-Italia, 1961 - 90 m.
Zuzendaria: Jacques Demy
Gidoia: Jacques Demy
Argazkia: Raoul Coutard
Antzezleak: Anouk Aimée, Marc Michel, Jacques Harden, Alan Scott, Elina Labourdette

Demyren lehendabiziko film luzean bere filmografian behin eta berriz errepikatuko diren gaiak, motiboak eta giroak ageri zaizkigu: maitasun-istorio malinkoniatsuetan harrapatutako pertsonaiak, Nantes hiri maitea agertoki gisa, musika-ikuskizunak... Anouk Aimée aktoreak antzezten du Lola, bere ibilbideko pertsonaiarik enblematikoenetakoa. Michel Legrand musikariak hementxe ekin zion zinemagilearekin izan zuen lankidetza oparoari.

La Baie des Anges
La Baie des Anges (Aingeruen badia)
Frantzia, 1963 - 82 m.
Zuzendaria: Jacques Demy
Gidoia: Jacques Demy
Argazkia: Jean Rabier
Antzezleak: Jeanne Moreau, Claude Mann, Paul Guers, Henri Nassiet, André Certes

Demyren zinemagintzan oso ohikoa den maitasun-istorio nahasia, Côte d'Azurreko luxuzko kasinoetan girotua. Jeanne Moreauk Demyrekin izan zuen kolaborazio bakarra izan zen, eta jokoarekin obsesionatutako femme fatale batena egiten du. Jokoa, halaber, probintziako hiri batean duen bizimodu ilunarekin nekatutako gazte baten obsesio ere bilakatuko da.

Les Parapluies de Cherbourg
Les Parapluies de Cherbourg (Cherbourgeko aterkiak)
Frantzia-Alemania, 1964 - 83 m.
Zuzendaria: Jacques Demy
Gidoia: Jacques Demy
Argazkia: Jean Rabier
Antzezleak: Catherine Deneuve, Nino Castelnuovo, Anne Vernon, Marc Michel, Ellen Farmer

Demyren filmografia osoko lanik ezagunena eta ahaztezinena. Canneseko zinema-jaialdian Urrezko Palmorria lortu zuen, eta mundu osoan egin zen ospetsu. Catherine Deneuve ederraren kolaborazio estimaezinarekin eta Michel Legrand musikariak konposatutako doinu paregabeekin, Demyk erabateko musikala filmatu zuen: maitasun-istorio polit honetan elkarrizketa guztiak abestuta daude.

Les Demoiselles de Rochefort
Les Demoiselles de Rochefort (Rocheforteko andereñoak)
Frantzia, 1967 - 120 m.
Zuzendaria: Jacques Demy
Gidoia: Jacques Demy
Argazkia: Ghislain Cloquet
Antzezleak: Catherine Deneuve, George Chakiris, Françoise Dorléac, Jacques Perrin, Michel Piccoli

Musikalaren generoan Les parapluies de Cherbourg lanarekin iraultza eragin ostean, Hollywoodeko musikal klasikoei omenaldia egin zien Demyk, koloreak, abestiak eta dantzak Rochefort hirira eramanda. Catherine Deneuve eta Françoise Dorléac eder eta talentudun ageri dira (ahizpak fikzioan eta bizitza errealean); Gene Kelly eta George Chakiris gonbidatutako izarrak dira, eta Michel Legranden musika sekula baino alaiagoa eta argitsuagoa da.

Model Shop
Model Shop (Modelo-estudioa)
Frantzia-AEB, 1969 - 90 m.
Zuzendaria: Jacques Demy
Gidoia: Jacques Demy
Argazkia: Michel Hugo
Antzezleak: Anouk Aimée, Gary Lockwood, Alexandra Hay, Carol Cole, Tom Fielding (Tom Holland)

Jacques Demyren Amerikako abentura: Anouk Aimée berriz ere Lolarena egiten ikusiko dugu kontakizun honetan. Estatu Batuetara joan eta 60ko hamarkadako kontrakulturan, bakezaletasunean eta nahaste existentzialean erabat murgilduta dagoen gazte batekin topo egingo du. Demyren estetika ilusionistaren eta garai haietako errealitate politiko eta sozialaren arteko talka zirraragarria.

Peau d’âne
Peau d’âne (Asto-larrua)
Frantzia, 1970 - 89 m.
Zuzendaria: Jacques Demy
Gidoia: Jacques Demy
Argazkia: Ghislain Cloquet
Antzezleak: Catherine Deneuve, Jean Marais, Jacques Perrin, Micheline Presle, Delphine Seyrig

Demyk bere txikitako ipuinik gogokoenetako bat eraman zuen pantaila handira: Charles Perrault idazlearen Peau d'âne. Bere aktore fetixearekin, Catherine Deneuverekin, eta Jean Cocteuren zinemagintzan derrigorrezko antzezlearekin, Jean Maraisekin, pop fantasia eldarniagarri hau eszenaratu zuen. Intzestua atzealdean, musika-emanaldi ironikoak eta irakaspen argia ditu: "Alabak ez dira inoiz ere beren aitarekin ezkontzen".

The Pied Piper
The Pied Piper
Erresuma Batua-AEB, 1972 - 90 m.
Zuzendaria: Jacques Demy
Gidoia: Andrew Birkin, Jacques Demy, Mark Peploe
Argazkia: Peter Suschitzky
Antzezleak: Jack Wild, Donald Pleasence, John Hurt, Donovan, Michael Hordern

Maitagarri-ipuinen munduan bigarren aldiz sartu zen Demy pelikula honekin (aktore britainiarrekin ingelesez filmatua), Hamelingo txirulariaren mitoari helduta. Alderik erakargarrienen artean, errealizadorearen estetika bereziaren ukituak dituen Erdi Aroa, eta Donovan folk-kantautorearen musika (filmaren protagonista ere bada).

L'Événement le plus important depuis que l'homme a marché sur la Lune
L'Événement le plus important depuis que l'homme a marché sur la Lune (Gizakia ilargira iritsi zenetik jazotako gertakaririk garrantzitsuena )
Frantzia-Italia, 1973 - 94 m.
Zuzendaria: Jacques Demy
Gidoia: Jacques Demy
Argazkia: Andréas Winding
Antzezleak: Catherine Deneuve, Marcello Mastroianni, Micheline Presle, Marisa Pavan, Claude Melki

Demyren ibilbideko filmik eszentriko eta sailkaezinena, ziur aski. Komedia erromantiko honek honako premisa zoroa du abiapuntu: autoeskola bateko irakaslearen eta ile-apaintzaile baten arteko ezkontza-bizitza zoriontsua nahastu egingo da, senarrak haurdun dagoela jakiten duenean. Catherine Deneuve eta Marcello Mastroianni dira protagonistak, eta Frantziako zinemagintzaren eta Italiako komediaren arteko gurutzaketa harrigarria egingo dute.

Lady Oscar
Lady Oscar
Japonia-Frantzia, 1979 - 124 m.
Zuzendaria: Jacques Demy
Gidoia: Jacques Demy, Patricia Louisianna Knop
Argazkia: Jean Penzer
Antzezleak: Catriona MacColl, Barry Stokes, Christine Böhm, Jonas Bergström, Mark Kingston

Japoniako hainbat ekoizlek Demyri deitu zioten, arrakasta handiko manga bat pantaila handira eramateko; hain zuzen, Ryoko Ikedaren Berusaiyu no Bara (The Rose of Versailles). Ingelesez filmatutako pelikula honen bitartez, iraultza aurreko Frantziako handitasuna eta handikeria birsortu zituen Demyk, bai eta bere protagonistaren androginiak eragindako gaizki ulertuekin jokatu ere; gizonezko gisa hezitako emakume ederrak eragindakoekin, alegia.

La Naissance du jour (TV)
La Naissance du jour (TV) (La Naissance du jour)
Frantzia, 1980 - 90 m.
Zuzendaria: Jacques Demy
Gidoia: Jacques Demy
Argazkia: Jean Penzer
Antzezleak: Danièle Delorme, Dominique Sanda, Jean Sorel, Orane Demazis, Guy Dhers

Telebistarako egindako ekoizpen honetan, Demyk Colette idazlearen eleberri autobiografikoa egokitu zuen. Filmean, adinez aurrera egindako idazlea berriro ere maiteminduko da, gizonezko gazteago bat ezagutzen duenean. Demyren filmografiako film ahaztuenetakoa izanagatik ere, gogoraraztea merezi duen lan txukuna eta barea da.

Une chambre en ville
Une chambre en ville (Gela bat hirian)
Frantzia, 1982 - 90 m.
Zuzendaria: Jacques Demy
Gidoia: Jacques Demy
Argazkia: Jean Penzer
Antzezleak: Dominique Sanda, Danielle Darrieux, Richard Berry, Michel Piccoli, Fabienne Guyon

Demyk musikalari heldu zion berriro ere, 80ko hamarkadako zinema-mugimenduaren kontra zihoan proiektu honekin: maitasun-istorio apasionatu eta tragiko honek 1955ean Nantes hirian gertatutako langileen grebak ditu ardatz. Opera modernoaren tankerako film hau zinemagilearen nolabaiteko printzipio-adierazpen gisa har genezake. Michel Colombier musikagilearen doinuak oraingoan.

Parking
Parking
Frantzia, 1985 - 95 m.
Zuzendaria: Jacques Demy
Gidoia: Jacques Demy
Argazkia: Jean-François Robin
Antzezleak: Francis Huster, Laurent Malet, Keïko Ito, Gérard Klein, Marie-France Pisier

Demyren beste proposamen ezohiko bat. Bere garaian inork ulertu ez zuen filma, filmaketa-garaiko estetika bitxiak markatua: Jean Cocteauri egindako beste omenaldi bat, Orfeoren mitoaren eguneraketa itxura hartzen duena, 80ko hamarkadako rock-munduan girotuta. Zinemarako egin zuen azken lanetako bat izan zen, eta Jean Marais mitikoak (Orfeo interpretatu zuenak Cocteaurentzat) Hades antzeztuko du orain, hildakoen munduko erregea.

Trois places pour le 26
Trois places pour le 26
Frantzia, 1988 - 106 m.
Zuzendaria: Jacques Demy
Gidoia: Jacques Demy
Argazkia: Jean Penzer
Antzezleak: Yves Montand, Françoise Fabian, Mathilda May, Jean-Claude Bouillaud, Antoine Bourseiller

Yves Montand abeslari eta aktore bikainari egindako omenaldia, fikzioa eta errealitatea nahasten dituen lan bitxi honetan. Montandek bere burua antzezten du, Demyren zinemagintzaren ohiko osagaiak dituen trama honetan: abeslaria Marseillara itzuliko da ikuskizun bat ematera, bere jaioterrira, eta, bertan, iraganeko gaizki ulertuak, nahasteak eta maitasunak agertuko zaizkio. Guztia ere musika-emanaldi derrigorrezkoekin tartekaturik.

La table tournante
La table tournante
Frantzia, 1988 - 78 m.
Zuzendaria: Paul Grimault, Jacques Demy
Gidoia: Paul Grimault, Jacques Demy
Argazkia: Raymond Picon-Borel
Antzezleak: Paul Grimault, Anouk Aimée

Jacques Demyk zinemagintzako lehen urratsak Paul Grimault animazio-zuzendariaren laguntzaile gisa egin zituen. Film hau Grimaulten lanari egindako omenaldia da, animazio-filmetan egindako ibiliaren bitartez. Anouk Aimée aktoreak parte hartzen du.

Jacquot de Nantes
Jacquot de Nantes
Frantzia, 1991 - 118 m.
Zuzendaria: Agnès Varda
Gidoia: Agnès Varda
Argazkia: Patrick Blossier, Agnès Godard, Georges Strouvé
Antzezleak: Philippe Maron, Edouard Joubeaud, Laurent Monnier, Brigitte De Villepoix, Daniel Dublet

Agnès Varda Demyren emazte izan zen ia 30 urtez, eta Jacques Demyri buruzko oroitzapen eder hau zuzendu zuen, haurtzaroko eta nerabezaroko deskribapenaren bitartez: Alemaniaren okupazioa, antzerkiarekin eta filmekin izandako hezkuntza sentimentala, bere zinemazaletasuna, amateur gisa egindako lehendabiziko lanak...

Les Demoiselles ont eu 25 ans
Les Demoiselles ont eu 25 ans
Frantzia, 1993 - 64 m.
Zuzendaria: Agnès Varda
Gidoia: Agnès Varda
Argazkia: Alexandre Auffort, Stéphane Krausz, Patrick Mounoud, Agnès Varda

Agnès Varda Rochefort hirira itzuli zen, Jacques Demyk Les demoiselles de Rochefort lan mitikoa filmatu eta 25 urtera. Film hartan lan egin zutenen oroitzapenak eta lekukotasunak biltzen ditu.

L’Univers de Jacques Demy
L’Univers de Jacques Demy
Frantzia-Belgika-Espainia, 1995 - 90 m.
Zuzendaria: Agnès Varda
Gidoia: Agnès Varda
Argazkia: Stéphane Krausz, Peter Pilafian, Georges Strouvé

Jacques Demyren obran barrena egindako ibilbide didaktiko eta hunkigarria; haren kolaboratzaileetako hainbati egindako elkarrizketak, filmetako zatiak edota Agnès Vardak berak etxean egindako filmaketak biltzen ditu.

JACQUES DEMY

Donostia Zinemaldiak, 59. edizioan, atzera begirako oso bat eskainiko dio Jacques Demy (Pontchâteau, 1931- Paris, 1990) zinemagile frantziarraren lanari. Demy Frantziako zinemaren barnean ospe handiko izena da eta genero musikala berritu dutenen artean zinemagile handienetako bat. Hasieran  nouvelle vague korronteko zuzendari gazteei lotu bazitzaien ere, Demyren lana oso berezia eta sailkaezina zenez, bide propio eta erabat berezia egin zuen. «Zinema abestua» egin zuen eta bere zuzendaritza artistiko dotoreari jarraiki lan egin zuen, unean uneko zinema moda edo joera orori bizkarra emanda.

Demyk Arte Ederrak ikasi zituen eta animaziozko zineman hasi zen lanean, Paul Grimaulten laguntzaile lanak egiten. Ondoren, Georges Rouquier dokumentalgilearen zuzendari laguntzaile lanak egin zituen eta hark ekoitzi zion lehen film laburra Le Sabotier du Val de Loire (1955). Hainbat film labur zuzendu ostean, Lola (1960) lehen film luzea egin zuen Demyk. Bere lan bikainetako lehenengoa izateaz gain, Frantziako «olatu berria» korronteko pelikula entzutetsuenetako bat bihurtu zen. Bere talentua La baie des anges (1963) melodramaren bidez berretsi zuen. Jokoaren munduan girotuta zegoen eta protagonista Jeanne Moreau aktorea zen.

Hala ere, hirugarren filmak eman zion mundu mailako entzutea eta ospea, eta horrek berak erakutsi zuen Demyk zinemaren inguruan zeukan ikuspegi berezia: Les parapluies de Cherbourg (1964) filmari esker, Canneseko Zinema Jaialdian Urrezko Palmorria irabazi zuen eta Atzerriko Film Onenaren Oscar sarirako izendapena lortu zuen. Catherine Deneuve zen filmaren protagonista eta elkarrizketak abestiekin ordezkatu zituen musikalaren berrikuste paregabe horrek jarraipena izan zuen, Hollywoodeko zinemari egindako omenaldi zoragarri baten bidez, hau da, Les demoiselles de Rochefort (1967) filmaren bidez. Pelikula horretan, Deneuve eta Françoise Dorleacekin batera, genero musikaleko mito Gene Kelly izan zen aktore nagusietako bat.

Ondorengo lanetan, Demyk estetikaren eta zinema-narratibaren ikuspegi bitxia garatzen jarraitu zuen. Hauek dira aipagarrienak: Model Shop (1969), Ameriketako Estatu Batuetako garaiko jendarteari buruzko ikuspegia azaltzen duena; Peau d’âne (1970), haurrentzako ipuinen mundua berrikusten duen film liluragarria, berriz ere Catherine Deneuve protagonista zuela; Lady Oscar (1979), Japoniako La rose de Versalles manga filmaren moldaketa; Une chambre en ville (1982), kutsu politikoko maitasun istorio tragiko bat kontatzen zuen beste musikal bat; eta, Trois places pour le 26 (1988), bere azken lana, fikzioa eta errealitatea nahastuz Yves Montand aktorearen bizitza eta karrera errepasatzen zituena.

Quim Casas eta Ana Cristina Iriartek koordinatutako zinegileari buruzko liburu bat argitaratuko da.

Ziklo hau Espainiako Filmotekarekin batera antolatu da eta EGEDA eta IBAIAk babestuko dute.


JACQUES DEMY

Laburmetraiak:

Luzemetraiak:

Agnès Vardaren filmak:

 


Atzera begirako klasikoa

Zinemaldiaren ohiko atala dugu zine-zuzendari klasikoei eskaintzen zaien atzera begirakoa, gutxi eta gaizki ezagutzen diren zinegileen lanetara hurbiltzen gaituena; horien artean Robert Siodmak, James Whale, William Dieterle, William A. Wellman, Gregory La Cava, Tod Browning, Mitchell Leisen, Mikio Naruse, John M. Stahl, Carol Reed, Frank Borzage, Michael Powell, Preston Sturges, Anthony Mann, Robert Wise, Ernst Lubitsch, Henry King, Mario Monicelli, Richard Brooks edo Don Siegel buruzkoak azpimarra daitezke.


Atzera begirako klasikoa

Zinemaldiaren ohiko atala dugu zine-zuzendari klasikoei eskaintzen zaien atzera begirakoa, gutxi eta gaizki ezagutzen diren zinegileen lanetara hurbiltzen gaituena; horien artean Robert Siodmak, James Whale, William Dieterle, William A. Wellman, Gregory La Cava, Tod Browning, Mitchell Leisen, Mikio Naruse, John M. Stahl, Carol Reed, Frank Borzage, Michael Powell, Preston Sturges, Anthony Mann, Robert Wise, Ernst Lubitsch, Henry King, Mario Monicelli, Richard Brooks edo Don Siegel buruzkoak azpimarra daitezke.



© 2010 Festival de San Sebastián