The Wife filmaren Europako estreinaldiak emango dio amaiera Donostia Zinemaldiaren 65. edizioari. Izan ere, Suediaren eta Erresuma Batuaren arteko koprodukzio honek itxiko du Sail Ofiziala. Lehiaketaz kanpo parte hartuko duen film honen zuzendaria Björn Runge da; protagonistak, aldiz, Glenn Close eta Jonathan Pryce.
Jane Anderson (Olive Kitteridge) gidoilaria Meg Wolitzer estatubatuar idazlearen izen bereko eleberrian oinarritu da The Wife (2017) idazteko. Filmak emakume baten istorioa kontatuko digu; 40 urtez bere burua sakrifikatu du senarraren ibilbide literarioa sustatzeko, baina muga joko du senarra Literaturako Nobel Saria jasotzekotan den egunaren bezperan.
Björn Runge (Lysekil, Suedia, 1961) zinemagileak zuzendu du filma, aurrez Om jag vänder mig om / Daybreak (2004) lanari esker Berlinalen Europako film onenaren Aingeru Urdina eskuratu ondoren. Horrez gain, Donostiako Sail Ofizialean lehiatu zen Happy End (2011) filmarekin, eta argazkilaritza onenaren epaimahaiaren saria lortu zuen Donostian.
2011n, seitan Oscar sarietarako hautagai izan den Glenn Close (Greenwich, Connecticut, Estatu Batuak, 1947) Donostiara etorri zen, Albert Nobbs (Rodrigo García, 2011) aurkeztera eta Donostia Saria jasotzera. Film honengatik Oscar sarietarako eta Urrezko Globoetarako izendapenak bere ibilbidean zehar jaso dituen Emmy, Urrezko Globo eta Tony sariei gehitzen zaizkie. Glenn Closek antzerki, zinema eta telebistan lan egin du aktore gisa. Bere lehen filma George Roy Hill zuzendariaren The World According to Garp izan zen; bertan egindako antzezpenak Oscar sarietarako lortu dituen sei izendapenetatik lehenengoa ekarri zion. Bere antzezpenen artean azken lau hamarkadetako funtsezko filmak aurki daitezke: The Big Chill (Lawrence Kasdan, 1983); The Natural (Barry Levinson, 1984); Fatal Attraction (Adrian Lyne, 1987); Dangerous Liaisons (Stephen Frears, 1988); Meeting Venus (István Szabó, 1991), Donostia Zinemaldiari amaiera eman eta Glenn Close lehen aldiz Donostiara ekarri zuen filma; Cookie’s Fortune (Robert Altman, 1999); eta The Shield (2005) eta Damages (2007-2012) telesailak.
Filmean, Jonathan Pryce (Holywell, Flintshire, Gales, 1947) britainiar antzezleak jokatzen du protagonistakidearen papera. Royal Shakespeare Company taldeko antzezle horren filmografiak hainbat film hartzen ditu barne: Brazil (Terry Gilliam, 1985); Glengarry Glen Ross (James Foley, 1992); Evita (Alan Parker, 1996); Tomorrow Never Dies (Roger Spottiswoode, 1997); Regeneration (Gilles McKinnon, 1997), Zabaltegin berak aurkeztutako filma; eta Pirates of the Caribbean (Gore Verbinski, 2003, 2006 y 2007) film sortaren hainbat sekuela. Berriki, High Sparrow pertsonaia jokatu du Game of Thrones telesailean, eta 2018an berriz antzeztuko du Gilliamentzat, ikusmin handia sortu duen The Man Who Killed Don Quixote filmean On Kixote hezurmamitzeko.
Christian Slater (True romance), Max Irons (Woman in Gold), Annie Starke (Albert Nobbs) eta Harry Lloyd (The Theory of Everything) aktoreek osatzen dute antzeztaldea.
The Wife filmaren nazioarteko salmentaz Embankment Films konpainia arduratuko da. CCA eta WMEk AEBko banaketa-eskubideak partekatzen dituzte. Silver Reel, Meta Film, Anonymous Content, Tempo Productions eta Spark Film and Television etxeak dira filmaren ekoizleak. Embankment Filmsek kudeatuta, Silver Reel, Creative Scotland, Film Väst, Chimney, Suediako Zinema Institutua, SF Studios eta SVT-k finantzatu dute filma. Vértice 360 arduratuko da Espainiako banaketaz.
Gizon handi baten atzean beti dago emakume are handiagoa… eta hura ezagutzear zaudete. Funtsezkoa da berau ezagutzea –gutako askok dagoeneko ezagutzen dugu, eta ez gara ohartu ere egin–. Joan Castleman: adimen handiko emakumea, edertasun oraindik ere liluragarrikoa, emazte deboto perfektua. Berrogei urtez sakrifikatu ditu bere talentua, ametsak eta anbizioak, bere senar Joe karismadunaren sua eta ibilbide literario azkarra sustatzeko. “Artea” dela-eta haren desleialtasunak eta aitzakiak jasaten, ez ikusiarenak egiten, dotoretasunez eta umorez. Haien zorigaiztoko itunak desberdinkerian oinarritutako ezkontza-harremana eraiki du. Eta Joanek ezin du gehiago. Joeri Literaturako Nobel Saria ematekotan dira, obra ikusgarri baten kolofoi gisa. Bada, bezperan, Joanek muga joko du, eta bere bizitzako sakrifizio handienari eta senarraren lan-ibilbideko sekretu handienari aurre egin beharko dio. The Wife bidaia hunkigarri, dibertigarri eta emozionala da; feminitatearen, norberaren ezagutzaren eta askapenaren ospakizun bat.
Amaiera galarako sarrerak salgai dira Zinemaldiaren web-orriaren bitartez. Inaugurazio galarako eta Ricardo Daríni Donostia saria emateko galarako sarrerak ere salgai dira. Inaugurazio galan Submergence filma proiektatuko da eta bai zuzendaria, Wim Wenders, bai antzezlea, Alicia Vikander, bertan egongo dira. Donostia saria emateko galan Argentinar antzezleak Donostia Zinemaldiaren ohorezko sari garrantzitsuena jasoko du, eta jarraian Santiago Mitrek idatzi eta zuzendutako La cordillera filma proiektatuko da. Inaugurazio eta amaiera galetarako sarrerak 70 euroan salgai daude, eta Donostia saria emateko galarako sarrerak, 35 euroan.