Zinemagintzaren munduko hiru profesional nabarmen gehitu dira Sail Ofizialeko eta Zabaltegi-Tabakalera sariko epaimahaietan. Jorge Guerricaechevarría espainiar gidoilariarekin eta André Szankowski brasildar argazki-zuzendariarekin, Epaimahai Ofiziala osatu da. Epaimahaiaren buruan John Malkovich aktorea izango da, eta, gainera, Dolores Fonzi eta Emma Suárez aktoreak, William Oldroyd zinemagilea eta Paula Vaccaro ekoizlea izango ditu lagun. Aurrez iragarritako Fabio Cianchetti ordezkatuko du Szankowskik; izan ere, hura ezingo da etorri konpromiso profesionalak direla eta.
Guerricaechevarríak gidoi egokitu onenaren Goya saria irabazi zuen Celda 211 filmari esker. Álex de la Iglesia zinemagilearekin egin zuen debuta, eta dozenatik gora ekoizpenetan aritu da harekin lanean: besteak beste, Acción mutante, El día de la bestia (Piztiaren eguna), La comunidad, Las brujas de Zugarramurdi eta Mi gran noche filmetan. Carne Trémula idatzi zuen Pedro Almódovarrekin batera, baita Cien años de perdón Daniel Calparsororentzat ere, eta Daniel Monzónen ohiko lankide izan da (El robo más grande jamás contado, La caja Kovak, jadanik aipatutako Celda 211 eta El Niño).
Donostia Zinemaldian Szankowskiren hainbat lan ikusi ahal izan dira. Haren filmografiak barne hartzen ditu Mistérios de Lisboa (Raúl Ruiz, zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra 2010an), As Linhas de Torres (Valeria Sarmiento, Zabaltegi-Bereziak 2012) eta Casanova Variations (Michael Sturminger, Sail Ofiziala 2014an, hain justu, John Malkovich zela protagonista). 2015ean Cosmos filmeko argazki-zuzendaria izan zen. Andrzej Zulawski poloniar errealizadorearen azken lana izan zen, eta zuzendari onenaren saria ekarri zion Locarnon.
Bestalde, TorinoFilmLab ekimeneko zuzendari exekutiboak, Savina Neirottik, Zabaltegi-Tabakalera sariaren epaimahaia osatuko du. Zeregin horretan lagun-egingo diote Carla Simón zuzendariak (Estiu 1993) eta, epaimahaiburu-lanetan, Calmin Borelek, Clermont-Ferrandeko film laburren jaialdiko arduradunetako batek. Neirottik TorinoFilmLab sortu zuen, zinemagileen lehen eta bigarren film luzeen proiektuak babesteko, eta 2008tik zuzentzen du. Iaztik ere, Veneziako zinema-jaialdiko merkatuaren, Venice Production Bridge delakoaren, eduki-komisarioa da.
Jorge Guerricaechevarría
Jorge Guerricaechevarría Historian lizentziatu zen, Euskal Herriko Unibertsitatean. Álex de la Iglesiaren Mirindas asesinas (1990) film laburraren gidoia idatzi zuenean egin zuen zinemaren munduan debuta. Hortik aurrera, oso lotura estua izan dute bien ibilbideek, eta zuzendariaren film luze askoren gidoilaria izan da Jorge: besteak beste, Acción mutante (1993), El día de la bestia (Piztiaren eguna, 1995), Perdita Durango (1997), Muertos de risa (1999), La comunidad (2000) -emakumezko aktore onenaren saria Donostia Zinemaldian-, 800 balas (2002), Crimen ferpecto (2004), Los crímenes de Oxford (2008), Las brujas de Zugarramurdi (2013) -Donostia Zinemaldian aurkeztua-, Words with Gods (2014) talde-filmeko The Confession pasartea, Mi gran noche (2015) -hau ere Donostia Zinemaldian estreinatua-, El bar (2016) eta Perfectos desconocidos (2017), oraindik estreinatzeke. Era berean, De la Iglesiaren telebista-proiektu hauetan ere lan egin du: La habitación del niño (2006) filmean eta Plutón BRB Nero (2009) telesailean.
Pedro Almódovarren Carne trémula (1997) filmaren gidoia idatzi zuen, eta Daniel Monzónen ohiko lankide izan da haren hainbat lanetan: besteak beste, El robo más grande jamás contado (2002), La caja Kovak (2006), Celda 211 (2009), El Niño (2014) eta Yucatán (2017), zuzendariaren lan berriena. Horrez gain, film hauetako gidoien egilea da: Nos miran (Norberto López, 2002), Platillos volantes (Óscar Aibar, 2003), Fin (Jorge Torregrosa, 2012), Cien años de perdón (Daniel Calparsoro, 2015) eta El cuaderno de Sara (Norberto López, 2017).
Telebistarako egin dituen kredituen artean, Canguros (1995) telesaila eta Psiquiatras, psicólogos y otros enfermos (2009) eta Alakrana (2010) telefilmak daude.
Bere gidoiek sari-izendapen ugari jaso dituzte, hala nola: Idazle Zinematografikoen Elkarteko sarietarako lau izendapen, European Film Awards sarietarako izendapen bat, Gaudí sarietarako beste bat, eta Goya sarietarako sei izendapen. Gainera, 2010ean Goya saria lortu zuen (Daniel Monzónekin batera) Celda 211 filmaren gidoiarengatik.
André Szankowski
André Szankowskik Lisboako Escola Profissional de Imagem (EPI) zentroan ikasi zuen, 1996tik 1999ra bitarte, eta Bruno de Almeidaren The Lovebirds (2007) izan zen bere lehen lana film luzeen argazki-zuzendaritzan. Ondoren Raúl Ruizekin aritu zen Mistérios de Lisboa (2010) obran, 58. Donostia Zinemaldian lehiatutako filmean, eta handik bi urtera Valeria Sarmientoren lankide izan zen As Linhas de Torres (2012) izeneko obran. Lan hura ere Donostian aurkeztu zen, Zabaltegi-Bereziak sailean, Veneziako zinema-jaialdian izan ondoren. Argazki-zuzendaria izan zen, halaber, Michael Sturmingerren Casanova Variations (2014) filmean -62. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu zuen- eta Andrzej Zulawskiren azken filmean, Cosmos izenekoan -zuzendari onenaren saria irabazi zuen Locarnoko zinema-jaialdian-.
Haren filmografian, nabarmentzekoak dira lan hauek: Demain? (Christine Laurent, 2011), La cage dorée (Ruben Alves, 2013), RPG (Tino Navarro eta David Rebordão, 2013), Cadences obstinées (Fanny Ardant, 2013), Tierra yerma (Miriam Heard, 2016), Cinzento e negro (Luís Filipe Rocha, 2015) eta Going to Brazil (Patrick Mille, 2016). 1998tik 300 publizitate-spot baino gehiagotan aritu da lanean.
Telebistaren alorrean, Rita Nunesen Só por acaso (2003) telefilmean eta telesail hauetan egin du lan: Um poema por semana (2011), Paulo Bragarena; Terapia (2016), Patricia Sequeirarena, eta Crime Time (2017), Julien Trousselierrena. Film labur ugaritan ere jardun du argazki-zuzendari: Quando o sol toca na lua (Pedro Palma, 2001), Crónica feminina (Gonçalo Luz, 2002), Uma noite ao acaso (2005) eta The End (2006), Victor Candeiasenak biak, Antes de Amanhã (Gonçalo Galvão Teles, 2007), Beija-me (Aurélio Vasquez, 2007), Dia triunfal (Rita Nunes, 2009), Senhor X (Gonçalo Galvão Teles, 2010), O jogo (Júlio Alves, 2010), Ensinamentos para a vida adulta (Ernesto Bacalhau, 2010), Constança (José de Castro, 2010), Zoo (Margarita Leitão, 2011), O dia mais feliz da tua vida (Adriano Luz, 2012), No mar (Ana Rocha, 2013), Pó (Alfonso Pimentel, 2013) eta A ponte na Califórnia (Pedro Amorim, 2017).
Savina Neirotti
Savina Neirotti Filosofian graduatu zen, eta, ondoren, Estetika ikasi zuen Pennsylvaniako Unibertsitatean (AEB). Italiara itzuli zenean, RAI konpainiako Prentsa eta Komunikazio Bulegoko zuzendari bihurtu zen, eta Hezkuntza Sailaren arduradun izan zen konpainia berean 1995etik 2000ra bitartean. Garai berean (1994), Scuola Holden narratzaile-eskola abiarazi zuen Turinen, Alessandro Barisco idazlearen ideiari jarraikiz.
TorinoFilmLab laborategia sortu, eta bertako zuzendaria izan da 2008tik. Era berean, Program of the Biennale College - Cinema programako zuzendaria da (seigarren edizioa da aurten). Veneziako Nazioarteko Zinema Jaialdiak sustatzen du ekimen hori. 2016. urteaz geroztik, Venice Production Bridge-ko edukien komisaria da; hau da, Veneziako zinema-jaialdiko merkatuaren komisarioa.
Errealitate birtualeko proiektu narratiboetarako Biennale College Cinema - Virtual Reality sortu berriaren buru da.