Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, SGAE Fundazioak eta Zinemaldiak aurkezten dute Euskadiko Orkestrak Zinemaldiaren baitan emango duen kontzertua. Aurtengoan ere, Zinemaldiko lehenengo larunbatean, eguerdi-partean, Belodromoa irekiko zaie melomano, zinemazale eta askotariko ikus-entzuleei, soinu-banden interpretazio sinfonikoa eta horiei dagozkien filmeetako eszena-muntaia uztartzen dituen ikuskizunaz gozatzeko. Ordu eta erdiko “ikus-entzunezko gozamena” izango da, irailaren 23 larunbatean, eguerdiko 12etan. Sarrera doakoa da.
Kontzertuak honako film hauetarako sortutako musikaren egokitzapenak bilduko ditu: El laberinto del fauno(Guillermo del Tororena), Bienvenido Mr. Marshall(Luis García Berlangarena), O Apóstolo(Fernando Cortizorena), Nur eta herensugearen tenplua(duela gutxi zendutako Juanba Berasategirena, hari omenaldi gisa)eta Los Borgia(Antonio Hernándezena).Partitura horien egile dira Javier Navarrete, Jesús García Leoz, Xavi Font, Joserra Senperena eta Angel Illarramendi; horietako batzuk kontzertura bertaratu eta eszenatokira igoko dira euren lana aurkezteko. José Miguel Pérez-Sierraren zuzendaritzapean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera ariko dira Nora Goyalde (mezzoa) eta Sergio Falque (baxua) bakarlariak, eta Donostiako Orfeoia. Aldi berean 400m2ko pantailan proiektatuko den irudi-muntaia ikuskizun honetarako espreski sortu du Morgan Creak.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Zinemaldian. SGAE Fundazioarekin eta Zinemaldiarekin elkarlanean ekimen hau sustatzeaz gain, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren lana Sail Ofizialera ere zabaldu da azken urteotan. Betiere Fernando Velázquezen eskutik, Orkestrak grabatu zuen J.A. Bayonak zuzendutako “A Monster Calls” (Munstro bat dator ni ikustera) luzemetraiaren musika; 2016an Europa mailan Zinemaldian estreinatu zen pelikula horri esker Jatorrizko Musika Onenari Goya saria eskuratu zuen. Eta joan den martxoan getxotar musikagileak “Submergence” (Murgilketa) filmarako sortutako musika grabatu zuen; Wim Wendersen lan horrek irekiko du aurtengo Zinemaldia eta zuzendaria bera Miramonen izan zen grabaketa egin zenean. Horrez gainera, Orkestraren eta Fernando Velázquezen arteko lankidetza emankorra haratago doa Zinemaldian: 2012an J.A. Bayonaren “Lo Imposible” luzemetraiaren soinu-banda zuzenean estreinatu zuen, hura Sail Ofizialean aurkeztearekin batera. Emanaldi horrekin itzuli zen Orkestra Zinemaldiaren programaziora. Eta, ordutik, azken sei urteotan etengabean jardun du.
José Miguel Pérez-Sierra orkestra-zuzendaria (Madril, 1981) 2006an egin zen ezaguna nazioarte mailan, Il viaggio a Reims zuzendu eta Pessaroko (Italia) Rossini Opera Festival jaialdiko zuzendari gazteena bilakatu zenean. Bere ibilbidea abiada bizian garatu eta espainiar zuzendariak Espainia, Italia, Frantzia, Alemania, Portugal, Uruguay edo Txilen egin du lan, antzoki zein areto nagusienetan. Bere errepertorioak lan sinfoniko eta lirikoak biltzen ditu, barrokotik hasi eta musika garaikideraino zabaltzen dena. Sarritan zuzendu du Orkestra, Abonu Denboraldiko kontzertuetan, OLBEn, grabaketatan eta abarretan.
Sarrera doakoa da eta beharrezkoa izango da aurrez gonbidapena jasotzea, irailaren 16tik 22ra, Zinemaldiak Kursaal Elkargunean eta Okendo Plazan dituen informazio guneetan, 9:00etatik 20:00etara, eta baita Donostia Turismoa bulegoan, astelehenetik larunbatera 9:00etatik 20:00etara eta igandean, aldiz, 10:00etatik 19:00etara.
Irailaren 23 larunbata, 12:00etan. Donostiako Belodromoan
Javier Navarrete: El laberinto del fauno (Guillermo del Toro)
Jesús García Leoz / A.J. Nieto, B. Lauret: Bienvenido Mr. Marshall (Luis García Berlanga)
Xavi Font / A. Vaquero, A. Peña, J. Rodríguez, M. Mato: O Apóstolo (Fernando Cortizo)
Joserra Senperena: Nur eta herensugearen tenplua (Juanba Berasategi)
Angel Illarramendi: Los Borgia (Antonio Hernández)
José Miguel Pérez-Sierra, zuzendaria
Nora Goyalde, mezzosopranoa
Sergio Falque, baxua
Donostiako Orfeoia
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
Konpositoreak
Javier Navarrete (Teruel, 1956). Hogei bat banda sonoroen egilea dugu. Emmy Sari bat irabazi zuen 2012an Hemingway & Gellhorn telefilmagatik baina, akaso, bere lanik garrantzitsuena El laberinto del Fauno (Guillermo del Toro, 2006) filmaren banda sonoroa izan da. Goya eta Oscar sarietan nominatua izan zen eta 2007an Banda Sonoro Onenaren Ariel Saria erdietsi zuen. Musika elektronikoarekin eman zituen estreinako urratsak eta zinemagintzari eutsi zion Agustí Villarongaren Tras el cristal filmarekin (1987). Hortik aurrera egindako beste lan azpimarragarri batzuk: Yo, puta (2004), El punto sobre la i (2003) eta nazioarteko zenbait ekoizpen, tartean, Mirrors (2008), Cracks (2009) edo Byzantium (2012).
Jesús García Leoz (Nafarroa, 1904 - Madril, 1953). Musika ikasketei Iruñean ekin zion eta 1921ean Argentinara jo zuen. Bertan piano titulazioa eskuratu zuen, Buenos Airesko Musika Eskolan, hain zuzen ere. Madrilera itzuli zen 1925ean, Goi Mailako Erret Musika Eskolan ikasketak jarraituz. Abesbatza maixu gisa hezitua, hainbat antzoki eta kafe-gunetan arrakasta handia lortu zuen, zine-musikan ere aitorpena merezi duela. Lan ildo honetan burututako konposaketak, besteak beste: Botón de ancla (Ramón Torrado, 1948), Un hombre va por el camino (Manuel Mur Oti, 1949), Balarrasa (José Antonio Nieves Conde, 1951) eta Bienvenido Mr. Marshall (Luis García Berlanga, 1953).
Xavi Font (Lleida, 1972) zine, telebista eta publizitaterako musikagintzan aditua dugu. XXIV. Goya Sarietan nominatua izan zen Agallas filmarekin (Samuel Martín Mateos eta Andrés Luque Pérez, 2009). 2013an Mestre Mateo Saria jaso zuen O Apóstolo filmaren musikagatik (Fernando Cortizo, 2012), Philip Glass laguntzaile. Zinemagintzan egindako lan azpimarragarrienak: Tiempo sin aire (Samuel Martín eta Andrés Luque), Relatos (Mario Iglesias), El diario de Carlota (José Manuel Carrasco) edo Abrígate (Ramón Costafreda).
Joserra Senperena pianojole eta musikagileak (Donostia, 1975), zine, antzerki, literatura edo eta pop-rock musika alorretan lan egin du, musikagintzan, esaterako, Mikel Erentxun, Amaia Montero edo Fito & Los Fitipaldis bezalako artisten eskutik. Hainbat banda sonoroen egilea da: Nur eta herensugearen tenplua (Juanba Berasategi, 2017); Phantasma (Koldo Almandoz, 2016), Gure Sor Lekua eta Gure Sor Lekuaren bila (Josu Martinez, 2014 eta 2015, hurrenz hurren); Toda la vida del mundo (Nuria Ruiz Cabestany, 2010); Simplemente (Jon Andueza, 2009), antzerkirako hamaika lan eta dozena bat laburmetraia egin dituela.
Ángel Illarramendi (Gipuzkoa, 1959). Hogeita hamar banda sonoro baino gehiagoren egilea dugu, izan ere, 1981ean hasi zen musikagintzan, antzerki eta zinemarako, armonia ikastaroak eskeintzen zituen batera. 1990an irakaskuntza alde batera utzi eta musikagintzari ekin zion buru belarri. Ugariak dira lagun izan dituen zine ekoizle eta zuzendariak, besteak beste, Elías Querejeta. 2005ean Goya nominazioa jaso zuen Héctor filmagatik (Gracia Querejeta), baina erabateko lanak burutu ditu geroztik: Cuernos de espuma (Manuel Toledano, 1996), Cuando vuelvas a mi lado (Gracia Querejeta, 1998) edo Los Borgia (Antonio Hernández, 2006). Una historia reciente delako suite konposaketa, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren aldetik interpretatua izan zen 2013ko Kontzertua & Proiekzioa edizioan, gainera.
SGAE Fundazioa Donostiako Zinemaldian
Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera antolatutako emanaldia irailaren 23an izango da, alegia, 22tik 30era Donostiako 65. Zinemaldian SGAE Fundazioak abian jarritako egitarauaren baitan. Helburua Espainian eta Amerika latinoan egiten den zineari bultzada ematea da, zinemaldia beraren proiekzioa sustatzea eta Gipuzkoako hiriburuaren hitzordura joaterik ez duten ikusleei ekimena gerturatzea.
Bidea Madrilgo Berlanga Aretoan jorratuko da ere, irailaren 5etik 10era (Andrés Mellado kalea, 53. Sarrera: 3 euro). Festival de San Sebastián deritzon emanaldia proiektatuko da bertan, azken urteotan Made in Spain atalean parte hartu duten filmen selekzio bat eskeiniz. Aurten Donostiako Zinemaldian erakutsitako hainbat luzemetraien proiekzioa ematen dela boskarren urtea dugu.
2012az geroztik dihardu SGAE Fundazioak Made in Spain atal ez lehiakor honen antolakuntzan, urteko espainiar zinemagintzari leiho bat zabalduz, bertan estreinatuak izan diren edo ez diren ekoizpenekin, eta, guztira, Zinemaldiari esker nazioarteko islada zabala duten filmak azpimarratuz.