Etengabe ari da aldatzen ikus-entzunezkoen sektorea; besteak beste, teknologia berrien etorreragatik. Beste alor batzuetan —bideojokoak, medikuntza...— probatu dira tresna horiek, eta orain zinema dute aplikazio-eremu. Zinemaren munduan erabiltzen ari dira jada bloke-kateak, errealitate birtuala eta mistoa, neuroteknologia eta hizkuntzaren teknologiak, eta narratiba ezberdin bat ez ezik negozio-aukera berriak ere ari dira sortzen industria horretan.
Aurrerapen teknologiko berriak, haien aplikazio posibleak eta sorkuntzan zein negozioan agertzen diren aukerak bertatik bertara ezagutzeko, bat egin dute Donostia Zinemaldiak, Tecnaliak eta Petronorrek, eta zinemaren eta IKTetako berrikuntzaren arteko topagune bat eraikitzea xede duen jardunaldi berri bat jarri dute martxan.
Zinemaldia & Technology du izena jardunaldiak, eta irailaren 23an da egitekoa, Tabakalerako patioan. Teknologoentzako, zinegileentzako eta industria zinematografikoko profesionalentzako topagune izango da ekitaldia. Sektore horretara teknologia eramaten ari diren eragile publiko eta pribatuak ere bilduko ditu jardunaldiak.
Gaur goizean sinatu dute ekimen aitzindari hori bultzatzeko lankidetza-hitzarmena Zinemaldiaren zuzendari José Luis Rebordinosek, Tecnaliako IKTen zuzendari Joseba Lakak eta eta Petronorreko presidente Emiliano López Atxurrak.
Rebordinosek adierazi duenez, "teknologia berriak zinema aldatzen ari dira; gailu elektroniko berriek, banaketa-plataformek eta telebistak zinema-jaialdie eragiten diete".
Lanak azaldu duenez, berriz, "teknologia izango da, geroz eta gehiago, ekoizpen berrien eta haien ustiapen komertzialaren bereizgarri nagusia".
Era berean, López Atxurrak baieztatu duenez, "Zinemaldia plataforma egokia da zinemaren industriari bultzada emateko. Zinemaren mundua Euskadiko eskaintza teknologikoaren bezeroa izatea nahi dugu, eta horretarako, aprobetxatu behar ditugu zientzia eta teknologiaren euskal sistemak dituen gaitasun guztiak".
J.A. Bayona hizlari inaugurazio-ekitaldian
|
Goizeko 10:00etatik arratsaldeko 14:00ak arte iraungo du jardunaldiak, eta Juan Antonio Bayona zinema-zuzendariak egingo du inaugurazio-ekitaldiko hitzaldia. Zenbait aurkezpen eta erakustaldi egingo dira, eta puntako teknologia hauen inguruan harreman-sareak lantzeko gune bat ere egongo da: bloke-kateak -alda ezin daitekeen datu-base deszentralizatua, erabat aldaraziko duena eskubideen eta baimenen banaketa kudeaketa-; errealitate birtuala eta errealitate mistoa -ikusle pasibo tradizional hura esperientzia berri batean murgiltzen den ikusle aktibo bihurtzen dute-; neuromarketina -kanpoko estimuluekiko garunaren erreakzioak aztertzen ditu-, eta hizkuntzaren teknologia berriak -azpititulazioko eta itzulpen eleaniztuneko tresnetarako teknika aurreratuak garatzen dituzte-.
Jardunaldiaren osagarri, erakunde publikoetako eta enpresa pribatuetako zenbait ordezkari jardungo dira bi ekitalditan, gai hauetaz eztabaidatzen: alor publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana eta teknologiak zinemaren sektoreari dakarzkion aukera berriak.
Sarrera doakoa da. Zinemaldiaren akreditazioa behar da jardunaldian parte hartzeko, edo, bestela, izena eman behar da Tecnaliaren webgunean (www.tecnalia.com). Esteka horretan bertan duzue ekitaldiari buruzko informazio guztia eta haren agenda.
Gainera, hilaren 25ean, asteartea, Europaren eta Latinoamerikaren arteko Koprodukzio Foroan, Film Industry & Blockchain mahai-ingurua egingo da, SPRI-ren euskarriarekin. Ivan Gutierrezek, Tecnaliatik, eta Covadonga Fernándezek, Blockchain Mediatik, blockchain-a zinemaren industrian ekartzen duen iraultzaren gakoak adieraziko dituzte eta nola filmak kontsumitzen diren era aldatzeaz gain, jabetza intelektuala babesten lagunduko du eta onura-banaketa zuzenagoa eta gardenagoa ekarriko du kontratu adimendunei esker.
Bi hitz Donostia Zinemaldiari buruz
|
1953an sortu zen Donostiako Zinemaldia, mundu osoko zinema-ekitaldi garrantzitsuenetako bat. Lehiaketa-jaialdi ez-espezializatua da Donostiako Zinemaldia; nazioarteko lehiaketa ofizial bat du, eta beste sail hauek ere bai: New Directors, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Culinary Zinema, Nest Film Students, Zinemira eta Made in Spain. Halaber, atzera begirako klasiko bat ere antolatzen du (klasikoa eta/edo garaikidea). Zenbait jarduera antolatzen ditu (Europaren eta Latinoamerikaren arteko Koprodukzio Foroa, Zinema Eraikitzen eta Glocal in Progress, besteak beste), Europako eta Latinoamerikako zinematografietarako erreferentziazko plataforma izan daitezen.
Bi hitz Tecnaliari buruz
|
Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 aditu ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtu eta gizakion bizi-kalitatea hobetzen biziki saiatzen direnak, enpresentzat negozio-aukerak sortuz.
Bi hitz Petronorri buruz
|
1968an sortu zuten Petronor, Bizkaian, zenbait euskal industrialarik, eta aurten du 50. urteurrena. Espainiako findegirik handiena da, eta urtean 700 milioi eurotik gorako ekarpena egiten dio Ogasunari. Bizkaiko Muskiz herrian dago Petronorren lantegia; 940 langile ditu, eta, zeharka, beste 6.200 laguni ematen die lana. Bilboko portuko mugimenduaren % 40 baino gehiago Petronorri zor zaio.Enpresaren filosofiaren ezaugarrietako bat bere ingurunearen garapen kulturala da; hori dela eta, zenbait ekitaldi babesten ditu, beste zenbait erakunde eta elkarterekin elkarlanean.