"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinemazaleek, kazetariek eta zinema-industriako profesionalek New Directors, Horizontes Latinos, Zabaltegi - Tabakalera eta Perlak sailetako filmen errealizadoreak, ekoizleak, aktoreak eta gidoilariak entzuteko aukera izango dute hilaren 22tik (larunbata) 29ra (larunbata), Victoria Eugenia antzokiko club aretoan.
Horizontes gosariak lekuz aldatuko dira: prentsa klubeko ohiko espaziotik Victoria Eugenia antzokiko club aretora igaroko dira, herritarrei irekitzeko. 11:00etan, Julio Feo kazetariak gidatutako saioak egingo dira. Bertan Horizontes Latinos sailean hautatutako produkzioetako taldeek filmei buruz hitz egiten dute.
14:00etan, TCM topaketa enblematikoak egingo dira, Juan Zavala kazetaria moderatzaile dela. Topaketotan, bada, New Directors, Perlak eta Zabaltegi - Tabakalera sailetako filmen taldeak (lau eta zazpi artean) biltzen dira egunero. Gainera, Juantxo Zeberio izango dute pianoan.
Joan den urtean, beste askoren artean, hauek izan ziren: Daniela Vega aktorea (Una mujer fantástica; ingelesa ez beste hizkuntza bateko film onenaren Oscar saria irabazi zuen, bai eta gidoi onenaren Zilarrezko Hartza ere), Emma Suárez (Las hijas de Abril), Gustavo Salmerón zuzendaria eta Julita Salmerón filmeko protagonista (Muchos hijos, un mono y un castillo), Nahuel Pérez Biscayar aktorea (120 battements par minute), Vergüenza filmaren taldea (Juan Cavestany, Alvaro Fernández Armero, Javier Gutiérrez, Vito Sanz eta Ana Adams) eta Jusqu’a la garde (Custodia Compartida) filmarena: Xavier Legrand errealizadorea eta Léa Drucker, Thomas Goria eta Mathilde Auveneux aktoreak.
Sarrera doakoa izango da.