"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Nagore Aranburu eta Belén Cuesta aktoreek aurkeztuko dute Donostia Zinemaldiaren 66. edizioaren inaugurazio-gala. Bihar, ostirala (hilak 21), izango da, 21:00etan, Kursaal Auditoriumean.
Borja Cobeagak, Diego San Josék eta Borja Echevarríak idatzi eta zuzenduko dute gala. Gidoilariek umorez jorratuko dituzte zinema-jaialdien berezitasunak, batik bat Donostia Zinemaldiarenak, eta hiriaren «toki paregabearen izaera».
«Garai txarrak bizi ditu umoreak. Ematen du erasota sentitzen garela norbaitek gure usteei buruz ironiaz edo barrez hitz egiten duenean. Funtsezkoa izan da umorea beti adierazpen artistikoan, eta bultzagarri izatez gain, norbera eta behin eta berriro errepikatzen diren topikoak zalantzan jartzeko balio du. Kasu honetan, gure hiriaren eta jaialdiaren harira aipatu ohi diren toki guztiei irri egin nahi diegu», Donostia Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek azaldu duenez.
Cobeagaren ustez, «berria, desafiatzailea eta ausarta» izan da Zinemaldiaren enkargua. «Guztiz ezarrita zegoen galak egiteko modua; lurralde birjina zen, eta ez zen umorea egin horri buruz», azaldu duenez. «Gu geu izatea eskatu digute», jakinarazi duenez.
Ondorioz, galan, umorea izango da nagusi. «Zinemaldiak batez ere bere buruaz egingo du barre», adierazi duenez. Inork lana ez galtzea espero du Fe de etarras filmaren zuzendariak, eta «berritasuna nagusituko delakoan eta gelditzeko etorriko delakoan» dago.
Gala umorezko bakarrizketa batekin irekiko da, eta bideo komikoak tartekatuko dira. Gainera, Zinemaldiko gonbidatuek sailen edukiak eta jarduerak aurreratuko dituzte; FIPRESCI Sari Nagusia emango da; Versión Española programaren hogeigarren urteurrena ospatuko da; epaimahai ofiziala eszenatokira igoko da eta, presidentea, Alexander Payne zinemagilea, labur mintzatuko da; eta, azkenik, El amor menos pensado inaugurazioko filmaren taldeak –Juan Vera zuzendaria eta Ricardo Darín eta Mercedes Morán aktore protagonistetako bi– filma aurkeztuko du.
Inaugurazio-gala La 2 eta ETB1 kateek, eitb.eus atariak eta Zinemaldiko webguneak emango dute zuzenean.