Donostia Zinemaldiak Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko diren azken hiru filmak baieztatu ditu: Europako ekoizpen bat, Asiako beste bat eta AEBetako beste bat.
Zhang Yimouren Yi miao zhong / One Second filmak lehian inauguratuko du Donostia Zinemaldiaren 69. edizioa. Yimou, azken hamarkadotako zuzendari txinatar ospetsuenetako bat, estreinakoz lehiatuko da Sail Ofizialean. Zinemari egiten dion omenaldi berezia da bere film berria, eta Iraultza Kulturalaren erdian lan-esparru batetik ihes egin eta hainbat urtean ikusi gabeko alabaren irudi batzuen bila abiatuko den gizon bat du protagonista. Zhang Yi eta Fan Wei antzezleek egin dituzte filmeko pertsonaia nagusien rolak. Zuzendaria Donostia Zinemaldiko Epaimahai Ofizialaren buru izan zen 1997an, eta bere aurreko hainbat film Perlak sailean izan dira, hala nola Huozhe / To Live (1994), You hua hao hao shuo / Keep Cool (1997), Ying xiong / Hero (2003) eta Shi mian mai fu / The House of Flying Daggers (2004).
Michael Showalter, The Big Sick (Perlak, 2017; gidoi onenaren Oscar sarirako izendatua) filmaren idazlea eta zuzendaria zinema-aretoetara itzuliko da The Eyes of Tammy Faye lanarekin. Telebistako ebanjelista estatubatuar ospetsu baten gorakada eta erorketa jasotzen ditu film berriak, eta Jessica Chastain (ekoizlea eta protagonista nagusia), Andrew Garfield eta Vincent D’Onofrio aktoreek hartu dute parte bertan.
Thierry de Peretti zuzendari, aktore eta gidoilariaren Les Apaches / Apaches (2013) eta A Violent Life (2017) filmak Cannesko Quinzaine des Réalisateurs eta Semaine de la Critique ataletan hautatu ziren, hurrenez hurren; oraingoan, narkotrafikoaren testuinguruan polizia-ustelkeriaren lekuko den antzinako espioi baten garaiko kazetaritza-ikerketa batean sakontzen du egileak Enquête sur un scandale d'Etat/ Undercover filmaren bidez. Roschdy Zem, Pio Marmade, Vincent Lindon eta Julie Moulier antzezleak daude aktore-zerrendan.
Hala, Peretti, Showalter eta Yimou Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko diren zinemagileen zerrendan sartu dira; hona hemen gainerakoak: Inés Barrionuevo, Iciar Bollaín, Laurent Cantet, Terence Davies, Alina Grigore, Lucile Hadzihalilovic, Zhang Ji, Fernando León de Aranoa, Tea Lindeburg, Claudia Llosa, Paco Plaza, Claire Simon eta Jonás Trueba.
Preso bat Txinako ipar-mendebalde suntsituko lan-esparru batera bidali dute Txinako Iraultza Kulturalaren garaian. Asmamena baliatuta, eta alaba −film batean filmatu dutena− ikusteko xede bakarrarekin, handik atera eta gertuko herri bateko zinema-aretora ihes egitea lortuko du. Han film-zinta hori aurkitu eta bereganatzea espero du. Alabaina, emakume eskale batekin gurutzatuko da; emakumea film-karrete bera lortzeko ernegatuta dago eta lapurtzea lortu du. Bitxia bada ere, objektu misteriotsu hori, bi pertsonaiek arrazoi ezberdinengatik irrikatzen dutena, ustekabeko adiskidetasun baten eragile bihurtuko da.
2015eko urria. Frantziako aduana-agenteek zazpi tona kalamu atzeman dituzte hiriburuaren bihotzean. Egun berean, Hubert Antonie, iragan lausoko espioi ohia, Stéphane Vilner Libération egunkariko kazetariarekin harremanetan jarriko da. Bere hitzetan, Jacques Billard goi-mailako polizia frantziarrak –komunikabideetan ezagun eta goi-mailako polizia frantsesak– zuzendutako narkotrafiko-sare bat existitzen dela frogatu dezake. Hasieran mesfidantza badu ere, azkenean ikerketan murgilduko da kazetari gaztea, eta Errepublikako bazter ilunenetara eramango du ataza horrek.
Tammy Faye Bakker telebista-predikatzaile ebanjelistaren igoera, erorketa eta erredentzioaren ikuspegi intimoa. 70eko eta 80ko hamarkadetan, Tammy Fayek eta bere senarrak, Jim Bakkerrek, ia ezerezetik abiarazi duten munduko erlijio-katerik handiena, baita parke tematiko bat ere, eta ospe izugarria izan zuten bidaltzen zituzten maitasun, onarpen eta oparotasunezko mezuei esker. Tammy Faye oso ospetsua zen bere betile suntsiezinengatik, kantatzeko modu originalagatik eta mota guztietako pertsonei harrera egiteko orduan zuen eskuzabaltasunagatik. Baina hain arreta handiz sortutako inperio hura bertan behera erori zen laster, finantza-irregulartasunen, lehia eta azpijokoen eta eskandaluen eraginez.