"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiko 64. edizioko datuek argi uzten dute Gipuzkoako hiriburukoak publikoaren jaialdia izaten jarraitzen duela. Iazko edizioko bederatzi egunetan, 175.267 ikusle bildu ziren Zinemaldian programatutako filmetan, 2015eko kopuru oso antzekoa (% 0,2ko igoera). Datu horrek azken urteotako joera berresten du, 2010etik % 13 igo baita ikusle kopurua (155.060 izan ziren orduko hartan).
Profesionalei dagokionez, bai zinema-industriakoak bai komunikabideetakoak, akreditatu kopurua gero eta handiagoa da: iaz 3.845 izan ziren, 2015ean 3.360 (+ % 5,34) eta 2010ean 2.820 (+ % 36,3). Zinemaldia industriarentzako ezinbesteko hitzordu bihurtzeko apustuak isla argia izan du zinemagintzako profesionalen presentzian, egungo zuzendaritza taldea lanean hasi zenetik ia % 60 igo baita zinema-industriako profesionalen kopurua Donostian. Europa eta Latinoamerikaren arteko Koprodukzio Foroari eta Zinema Eraikitzen sailari esker, iaz 1.569 profesional izan ziren Donostian, 2015ean 1.495 izan zirenean (+ % 4,9) eta 2010ean 984 (+ % 59,5).
Sarreren salmentengatik izandako diru-sarrerak barne hartzen dituen diru-bilketari dagokionez, 2016an 861.626 eurokoa izan zen, 2015ean baino % 2,5 gehiago (840.396 euro) eta 2010ean baino % 24,5 gehiago (691.930 euro).
(*) 2010ean % 18ko BEZ orokorra aplikatzen zen, eta % 8koa txartel-leihatilan, 2015erako eta 2016rako finkatutako % 21ekoaren ordez. Alde batera utzita BEZaren ondoriozko eragina, % 12,2 litzateke hazkundea.
Datuok jasotzen dituen memoria Zinemaldiko webgunean dago eskuragarri euskaraz, gazteleraz zein ingelesez. Zinemaldiaren webguneak gero eta bisitari gehiago dituela eta Zinemaldiari sare sozialetan egiten zaion jarraipena modu nabarmenean hazi dela ere egiaztatzen dute datuek. Memoriak film guztien zerrenda ere jasotzen du, eta benetan nabarmentzekoa da opera prima kopurua. Horrez gain, Zinemaldiko epaimahaiaren eta sarien gaineko informazioa ere jasotzen du. 64. edizioko memoriaren epilogo gisa argazki galeria bat ere badago eskuragarri, eta, bertan egiazta daitekeenez, Zinemaldiak askotariko jarduera eta ikusleak biltzen ditu, baita zinemagintzako izar eta profesional ugari ere.