"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Desolazioa da nagusi Ori filmeko irudi guztietan, aurtengo udako teleberrietan ikusi ditugunen oso antzekoak. Eta desolazioa esatean pobreziatik edo miseriatik harantzago doan zerbait adierazi nahi da. Paradoxa dirudien arren, nolabaiteko edertasuna ere antzeman daiteke desolazio honen guztiaren erdian. Etxe suntsituak inguratzen dituzten mendien handitasunak harritu egiten gaitu, mendien handitasunak eta haien magaletan mugitzen diren gizakien txikitasunak. Zeharka besterik aipatzen ez bada ere, gerra dago denbora guztian Ori-k kontatzen dituen istorioen atzean, tarteka desagertu eta agertu egiten den gerra, 2003, 2008… Errusiarren eta georgiarren arteko liskarrek markatzen dute lan honen dekoratua, desolazioaren lurraldea.
Fikzioa izanen da Jiménez Colmenarrek film honetan kontatzen duena, baina fikzio ezin errealagoa. Egia baita zibilizazioaren zantzu guztiak desagertzen direnean ere mendi eder haiek bertan segituko dutela, edo bertako biztanleek mugak ixtearen ondorioak pairatzen dituztela behin eta berriro. Gorrotoa ere sumatzen da pertsonaien esaldietan, errusiarrenganako gorrotoa, Georgian grabatutako irudiak baitira,baina muga zeharkatu eta Osetian edo Abjasian grabatu balute georgiarren kontrako hitzak entzunen ziren.
Pelikula honetako pertsonaien aurrean, lehenbiziko momentuan pentsatzen da aktoreek ez dutela gehiegi landu behar izan, beren benetako bizitzak oso antzekoak izanen direla, ondasunik gabekoak, tristeak. Sentsazio horixe transmititzen du filmak behinik behin, baina baita Ninok igerilekuan topatzen duen barne bakea, edo Beqak eta bere iloba Tazok mendiaren erdian senti dezaketen askatasuna. Eta honen guztiaren ondoan absurdoa ere azaltzen da, desolazioaren erdian ezkontzarako jantzi bat bilatu beharraren absurdoa edo nolabaiteko zoriona topatzea ez del hain zaila pentsatzearen absurdoa, batez ere historiak erakusten duenean gerra ziklikoa dela, bakea ilusio huts bat besterik ez dela.
M.B.