"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Dokumentalak, bideoklipak eta animazio film laburrak landu izan ditu Niles Attalah AEBetan jaiotako zuzendari txiletarrak eta, aurtengoan, Lucía bere fikziozko lehen lan luzea ekarri du Donostiara. Lan honetarako Zinema Eraikitzen 16 (Donostia) eta 17 (Tolosa frantziarra) programen laguntza izan du. Pelikula 2006. urtean kokatu du, Pinochet diktadorearen heriotzatik eguberrietaraino doan denbora tartean, eta Lucía izeneko emakume txiletarra du protagonista. Zuzendariak aitarekin bizi den jostun gazte honen egunerokotasunaren lekuko bilakatzen du ikuslea eta, hala, diktadura militarraren ostean beren bizitza berreskuratzeko ahalegina egiten ari den belaunaldia deskribatu nahi izan du.
Attalah-k argitu zuenez, batez ere baliabide urritasuna izan da elkarrizketa gutxi eta plano finko asko dituen pelikula honen egitura zehaztu duena: “Ideia nagusia baliabide eskasekin zerikusia zuen filma egitea zen; ez genuen lan-talde handirik nahi, batez ere barne-barneko giroa lortu nahi genuen”. Hala, filmaketa Santiagoko hiriburuko auzo bateko antigoaleko etxe batean egitea erabaki zuten: “Bertan bizi ziren pertsonaien, Lucía eta bere aitaren eguneroko bizimodua jaso nahi genuen baina ez genuen jendea filmatzen, baizik eta giroa, etxea bera, jostunen lantokia, kalea… Jende arrunta etorri eta joan egiten zen eta guk filmatzen jarraitzen genuen, plano horietan zerbait loratuko zela pentsatzen genuelako”.
Ustekabeko antzezleak
Lucíaren papera betetzen duen antzezleak, Gabriela Aguilerak,bere pertsonaia izan zuen hizpide: “Barneko lan handia egin nuen pertsonaia prestatzeko, lan intimo eta delikatua”, baina aldi berean filmaketa “dibertigarria” izan zela aipatu zuen, “filmatzeko kaleak ez zirelako mozten eta pasatzen zen jende asko ez zen konturatzen zertan ari ginen. Kalean, etxean, ehun fabrikan… leku horietan kamerek denbora asko igarotzen zuten eta azkenerako ahaztu egiten
zitzaigun han zeudela”, azaldu zuen. Aguileraren hitzei jarraiki, Francisco Albornoz ekoizleak ere kaleko jendea izan zuen mintzagai: “Izugarriena zera da, filma ikusten duzunean antzezlearen eta fabrikako langilearen arteko aldea ez duzula sumatzen”. Hala ere, pelikulako gauzarik txundigarriena plano finkoak direla iritzi zuen: “Kamera finkoekin argazki modukoak hartu ziren eta, gero, horien muntaia egin eta ikusi genuenean, magia zirudien: pelikula bat zela konturatu ginen”.
Amalur ARTOLA