"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Batzuetan, adjektiboek ez dute askotarako balio. Ez, behintzat, haurtzaroa eta munduaren hasiera eta Estatu Batuetako 50eko hamarkadako gizarte bat, dena batera, erretratatu nahi bada. Ez dute balio zuzendariaren egitasmoa horren handinahi eta horren eskuzabala baldin bada. Ez dute balio esaterako kasu honetan, Terrence Malickek egin duen filma definitzeko.
Jack, filmeko protagonista, Texaseko familia kristau batean bizi da, aitaren zorroztasunak eta amaren maitasunak markatuta. Orain, heldua dela, atzera begira eta haurtzaroa gogoratzeari ekin dio, eta ariketa horrek aukera ematen dio bizitzaz eta heriotzaz gogoeta egiteko, gurasoek emandako heziketaren alde onak eta txarrak balantza batean jartzeko, orduan oso kontuan hartu ez zituen ñabardurei erreparatzeko, gurasoen eta anai-arreben bizipenei buruz pixka bat hausnartzeko.
Baina, itxuraz erraz samarra den gidoi horren atzean, zuzendariak bizitzari buruzko benetako gogoeta poetikoa egin du, existentziaren inguruan galderak bota eta ia munduaren esanahia bera deskubritzen ahalegintzeko. Horretarako, noski, denborarekin eta irudiekin jolastu behar izan du, eta, horregatik, Texaseko giro lehorra, AEBetako gaur egungo gizartea eta dinosauroen garaia, dena nahasten da anabasa estetiko harrigarrian. Filmak aurtengo Canneseko Urrezko Palmorria jaso du, eta kritikariek banatzen duten Fipresci Saria.
A.B.