"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinemaldiko alfonbra bezala, gorria da Okendo plazan hilaren 12tik 24ra bitartean Mapfre fundazioarekin elkarlanean zabaldu den pabilioia. “Zinema estudio txikia” da, 3 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako emanaldi eta tailerrak eskaintzen ditu eta etxeko txikien izaera aktiboa suspertzeko diseinatu dute.
120 metro karratuko azalera du zinema estudio honek eta apaingela, eszenatokia eta emanaldi aretoa hartzen ditu bere baitan. Asko dira dagoeneko bertara gerturatu diren haurrak, eskolen bitartez goizetan eta gurasoek lagunduta arratsalde eta asteburuan.
Ekintza berri honekin, Zinemaldiak, Mapfre fundazioaren laguntzarekin, gazteei zuzendutako eskaintza zabaldu nahi izan du. Sormena landuz zinema egiteko prozesu osoa ezagutzea du xede. “Haurren irrikak suspertu nahi ditugu; zinema egiteko prozesua zabala da eta pertsona askok oso lan desberdinak egiten dituzte pantailarako bide horretan. Guk nahi duguna nork bere burua prozesuaren esparru batekin identifikatzeko gai izatea da”, azaldu digu Garbiñe Ortega 1+4 zinema jaialdiko programatzaileak. Helburu honekin, 40 tailer diseinatu dira zinema ikuspuntu guztietatik erakusteko asmoarekin: zeluloidean margotuko da, marrazki bizidunak bikoiztuko dira, animazioak nola sortzen diren erakutsiko da, makillaje bereziak probatzeko aukera izango da eta efektu bereziak landuko dira, besteak beste.
Honetaz gain, emanaldi aretoan 16 film labur erakutsiko dira. Garai eta genero desberdinetako filmak dira hauek, zinema primitiboa, esperimentala eta animazioa,esate baterako, baina guztiek badute berezitasun bat: hitzik gabeko filmak dira, elkarrizketarik gabekoak. Honekin, antolatzaileek ideiak, mezuak eta istorioak kontatzeko hitzezko lengoaia beharrezkoa ez dela azpimarratu nahi izan dute, zineman hain garrantzizkoa den lengoaia bisuala edo metaforen bidezkoa modu nabarmenean erabiltzen duten film laburren aukeraketa eginez.
I. O.