"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Ou Ning eta Cao Fei ekoizleek Zhang Jinli jatetxe-jabearen esku utzi zuten kamera. Zhan Jinli aktibistak ezezko biribila eman zion jatetxea tokiz aldatzeari, Beijingeko Olinpiar Jokoak zirela-eta gobernuak auzo osoa eraistea dekretatu zuenean. Eta filmatutakoarekin Meishi Street egin zuten; dokumentu ahaltsu honek gobernuaren chaiqian politikak (eraitsi eta lekuz aldatu) eragindako sarraskiak eta hiria berritzeko interesa zuten enpresak aztertzen ditu.


