"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Ricardo Darín 1957an jaio zen, Buenos Airesen. Gazte-gaztetatik arrakasta handiko lanak egin ditu telebistan, besteak beste, Nosotros y los miedos, Compromiso eta Mi cuñado, baita antzerkian ere: Extraña pareja, Taxi, Sugar, Necesito un tenor eta ART, Argentinan nahiz Espainian arrakasta izugarria izan zuena.
Hona hemen bere filmografia osatzen duten lan arrakastatsuetako batzuk: Perdido por perdido (1993), Alberto Lecchi zuzendariarena; Nueve reinas (2000) eta El aura (2005), Fabián Bielinsky zuzendariarenak; El mismo amor, la misma lluvia (1999), El hijo de la novia (2001, atzerriko film onenaren Oscar sarietarako izendatua), Luna de Avellaneda (2004) eta El secreto de sus ojos (2009, atzerriko film onenaren Oscar sariaren irabazle), guztiak ere Juan José Campanellak zuzenduak; Un cuento chino (2011), Sebastián Borenstein zinemagilearena; Carancho (2010) eta Elefante Blanco (2012), biak Pablo Traperorenak; eta Tesis sobre un homicidio (2012), Hernán Goldfrid zuzendariarena.
Film horietako batzuek Donostia Zinemaldian parte hartu dute. El secreto de sus ojos 2009ko Sail Ofizialean izan zen eta Carancho 2010eko Perlak sailean eman zuten. Elefante Blanco aurtengo Made in Spain atalean proiektatuko dute.
Antzezle gisa ibilbide oparoa egiteaz gain, Ricardo Darín zuzendari ere aritu da. 2007an zuzendu zuen lehenengo filma, La señal, eta protagonista ere bera izan zen.
Bere herrialdean zein nazioartean hogei sari baino gehiago irabazi ditu; besteak beste, Zilarrezko Kondorra, bi Konex sari, Sant Jordi saria eta beste hainbat Valladolideko, Habanako eta Biarritzeko jaialdietan.